• hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  pasahitza,  teknologia berriak

    Bertso txapelketarik ez dago sarean

    #btn09 etiketa on bat izan zitekeen, baina ez da askorik ageri inon.
    Sare sozialen garaiotan, bertsoak ondo hartu zezakeen olatu hau, baina keba! Ez gabiltza/dabiltza asmatzen, inondik inora.
    Txapelketak nahikoa du, aretoak bete eta areto handiagoak bilatzearekin antza…

    Argazkiak.org | bertsolari txapelketa © cc-by-sa: gaztelumendi

    Txapelketa hutsa

    Bertsozaletasuna hedatzen eta indartzen
    ari den honetan, webgune ia estatiko bat sortzearekin dena egin dugula pentsatzen badugu, jai daukagu!
    Txapelketatik txapelketera berrikuntzak izaten dira, jendartean bezala, teknologietan be. Bertsoaren munduak, hoietako asko harrapatzen jakiten du, inbertsioa egiten du… teknologia berrien inguruan dabilen jendeak ere aukera izaten du bertsogintzarekin aurrerapenok uztartzeko.

    sare sozialak bertsogintzan
    Baina aurtengoan txasko handia hartu dut. Pentsatzen nuen, twitter txapelketa bat izango zela, sare sozialetan aipamen hutsa baino zeozertxo gehiago egingo zela… baina poto! beti gauza berdinak errepikatzen ari gara, ez gara gai horrelako ekimen erraldoietan, irudimen apur bat gehiago jartzeko, eta sarea bertsoaren gune natural bilakatzeko.

    edukien sozializazioaz, bi puntu
    Zer esan hedabide eta sareko tresnen gainean? Telebista eta irratiz jarraitu daiteke txapelketa, tarteka. Info7 zuzenean ari da saioz saio, Euskadi Irratiak saio bereziak egiten ditu domeketan, ETBk bere Hitzetik Hortzera dauka. Baina adibidez, domekako Gasteizko saioa entzun gura baduzu, non dago?

    • Non daude aurreko saioetako bertsorik onenak?
    • Saioak osorik entzuterik bai?

    Sareak horretarako behar du izan. Artxibo digital erraldoia batetik, unean uneko aukerak bestetik. Uztartu beharra dago. Atzera begira bezala, aurrera begira. Unean unekoa. Artxibo bezala, gordailutzat dute batzuk sarea. Momentuko tresna besteek. Propagandarako lanabes. Nik uste funtzio guztiak bete ditzakela, baina horretarako planteamendu komunikatibo zehatza behar du, eta ematen du une honetan ez duela. Eta akats larria, larriegia iruditzen zait.

    Sarean egote hutsa ez da nahikoa. Baina lau urtean behin egiten den horrelako ekimen batek, kulturgintzarako ere eredu behar luke, ez soilik sarrerak modu digitalean saltzeko ahaleginaren gainean, baizik eta bertsoaren funtsa lantzeko moduan ere. Bertsoa bizitzeko aukera berriak eskaintzen baitizkigu Internetek.

    Norena da bertsoa?

    Azkenik anekdotatxo bat. Jakingo dozue agian, baina Bergarako saioan une batez argia joan zen. Bertsolariek bere jardunean jarraitu zuten. Entzulegoak ondo erantzun zuen. Ozen abestu, isil isilik entzun. Giroa sekulakoa izan zen, errepikaezina. Telebistak off, mikrofonak huts, aparagailu elektriko guztiak itzalita. Une hori, haizeak eroan behar zuen. Bertso itzelak  izan ziren gainera.
    larrabetzu.org egiten dugunok, han geunden. Gure bertsozaletasuna bermatzen, jarraitzen, grabatzen, gozatzen… une hori ere historikoa izan zen. Guk, elkarteak baliatzen duen mahaitik barik, eskenatokian bertan jarrita geneukan gure mp3 grabagailu txikia. Bere bateriatxoarekin, pilekin… 12 bat orduko autonomiagaz. Bertsoak osorik eta txukun txukun grabatu zituen.
    Jon Martin eta Maialen Lujanbio zortziko txikian
    [audio:http://larrabetzu.org/bloga/audio/btn09/bergara/bergara_lujanbio_martin.mp3]

    Gure copyleft pentsakera eta jarrerak, saioa bukatu eta atoan Bertsozale elkarteko lagunengana eroan gintuen. Xenpelar dokumentazio zentruari eskainiaz grabazioa. Bere horretan, asko eskertu zuten. Gu ere pozik. Deusen truk. Musutruk. Bertsoa norena da? Kantatu duenarena? Elkartearena? Grabatu duenarena…. guk uste, bertsozale, kulturzale eta euskaldun guztiona dela, ezta?

    Biharamunean bertsook jarri zituzten Euskadi Irratian adibidez, baina aipamenik ez. Ez dute copyleft ulertu, ulertzen, ulertuko….. baina guk ere hobeto azaldu beharko diegu.

  • pasahitza

    Lau berba bertso txapelketaren gainean

    Badira aste batzuk, Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusia (#btn09) abiatu zela. Zestoatik Laudiora, saio andana bat izan da dagoeneko.

    • Bi hitzetan, bizkaitarrak nagusitu direla lehen kanporaketa hauetan. Unai eta Igorrez gain, beste hamar lehiatu dira eta zortzik aurrera egin dute, semifinaletan ikusiko ditugu.
    • Saioetan lehen lerroan ikusi ditugu gainera Jone Uria edo Miren Amuriza, beraien lehen txapelketa nagusian. Zeresana eman dute, eta argi dago zer kantatua badutela.
    • Orduan, proportzioak eta emaitzak ikusita, agian orain da unea hurrengo txapelketari begira -lau urte barru- bizkaitarrei partehartze handiagoa eskatzeko ezta?

    Bi hitzetan, zapore gozoa utzi digu txapelketak orain arte.