• gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

    Hamar kantu eder, ikasturtea gogotsu hasteko

    Egunero kantu eder bat eskaini nahi nuke, saiatzen naiz. Sare sozialetan harrapatzen ditugu batzutan, handik hedatzen… baina uda amaiera honi agurra kantuan eman nahi nioke. Entzun ditudanak, egunotan ezagutu ditudanak, oroitzapenen bat dakartenak…

    Anari

    Iraileko lehen egunean, Putzuzulo gaineko terrazatik, plano sekuentzia bakarrean grabatutako Nacho Vegasen kanta eta bideoa. Lan zoragarria. Itsatsita daukagu oraindik. Zuk ere bai?

    Diabolo Kiwi

    Garaztarrak dira. Talde aski berria. Bigarren lana dute hau. Aurreko neguan Mungian grabatu zuten, eta larrazkeneko hit asko biltzen ditu Uhin galduak berri honek. EHZ zuzenean ikusi nituen azkenekoz, aurretik beste kontzertu pare bat ikusita. Dantzarako musika, elektro pop eder bat, funky doinuak… laukote izugarri ona. Gozatu. (disko osoa paratu dute sarean)

    Ezpalak

    Aurten izan dut beraien berri. Eta entzun dudan apurrarekin oso flipatuta geratu naiz. Zuzenean makinak izan behar dute, ziur. Erritmo azkarrak, letra onak, musika itsaskorra, melodia urratu atseginak. Gogoa pizten didate, batez ere. Zuzenean ikusteko gogoa. Gehiago ezagutzeko. Eta hau pilula bat besterik ez da. Dastatzeko. Zeresana emango dute. Gehiago.

    Habia

    Opari eder bat egin zidan musikarietako baten amak, EHZ jaialdian bertan. Eskura. Hari hirukotea dira. Zinez ederra. Letrak euskal poesiak mendeetan eman dituen altxorrak dira. Musika maite baduzu, diska bikain bat. Zauden egoeran zaudela.

    Ibilbedi

    Aspaldian asko entzuten ditugu bereak. Autoan, etxean, zuzenean ere bai noizbait. Baina gehiago nahi. Eta Agerraldia egin dute. Ederra. Koloretsua. Ekialdetik hegora begira. Mendebaldean konturatu gaitezen. Bazterrak, ertzak maite badituzu, omenaldi eder bat saiatzeari.

    Joseba Irazoki

    Joseba Irazoki eta lagunak (J.I.E.L) diskoa kaleratzear daude. Orain arte kantu aurrerapen bakarra egin dute. Beti izan naiz Irazoki zalea. Denborarekin gehiago. Molde guztietan. Honek ere oso itxura ona dauka, diseinutik hasita. Bideoa artelana da, osotasunean. Josebak kantaera berria, azkarragoa. Hitz asko, hitz jokoak. Jolasa. Solas ederrak egiteko kontzertuak izanen dira disko honetakoak ere. Adi beraz.

    jotamartina

    Herrikoak dira, txikitatik auzokoak. Eta kantugintzan ezagutu ditugu beti Kattalin eta Ane ahizpak. Jabirekin hirukote itzela egin dute. Pandemiaren erdian astindu zuten gure ekosistema txikia, eta gerora sortu duten kantu eta bideo bakoitzarekin urrats bat gehiago eman dute. Bideo hau berezia da, eta aitortza den aldetik, irudi ederren jabe egingo da ikuslea. Kantak, orohar denek dute zerbait hunkigarria. Ikusteko parada baduzu, baliatu aukera. Ahots ederrak, eta ekarpen berriak gure panoramara.

    Rüdiger

    Felix Buff da. Bateriajole gisa ezagutzen dugu. Egun inguruan dugun onenetako bat da. Willis Drummond taldearekin, Joseba Irazokirekin, beste askorekin ikusi dugu. Beti bikain. Kitarra eta ahotsarekin ari da proiektu berri honetan. Diskoa entzuna nuen, single polit askoak ditu. Baina bideo hau beste gauza bat da. Usopop usaina dario. Saran grabatua, Atabalen ekoizpen bat. Beste zerbait. Txukuntasuna, ororen gainetik. Plazer handi bat. Begiratu banda. Bateria jotzeko ere ez du edonor aukeratu: Karlos Aranzegi. Bua!

    Tatxers

    Ziurrenik uda honetan buelta gehien eman duten doinuak. Behin eta berriz entzun ditut. Gogotsu gainera. Distortsiorik gabeko kitarra hoiek maite ditut. Oi! pop doinuak. Rock/roll atsegina. Baina mende eta garai honetakoa. Gaurko gazteek egina. Iruñetik, zuzen. Ikusteko dauzkat hauek ere.

    Xiberoots

    Mauleko reggae taldea. Euskal Herrian dugun onenetakoa. Zuberoeraz kantatzen dituzten kantak ederrak baino ederragoak dira. Bigarren lana plazaratu dute uztailarekin, eta anitzagoa da lehenbizikoa baino. Osoagoa ere beharbada “Honki jina”. Sarean oraindik ez duzu topatuko. Xiberoko Botza irratian egindako elkarrizketa eder hau baliatu dezakezu, bestela Mauleko Zinka ostatura fite fite joan eta eskuratu. Noizbait sarraraziko dute sareetan ere. Joanes Etxebarriak ere ele ederrak argitaratu zituen Ipar Euskal Herriko Hitzan.

  • agit/prop,  literatura,  teknologia berriak

    Liburuaren eguna

    Kantu berri bat entzunez hasi dut eguna -besteak beste- disko denden karietara Berri Txarrak taldeak plazaratutako singlea.
    Eta Frantziako hauteskundeei buruz, eta Melenchon fenomenoari buruz jarraitzeari ekin diot, bart irakurri nituen PP eta Marhuendarenak… ia gogaitu arte espainolen ustelkeri, trama eta drama guztietaz.
    Eta gaur liburuaren eguna da. Eta orduan, bideoak ikusi eta sarean idazteari ekin diot. Oharkabean.

    Eta irakurri, noiz?

    Susan egin genuen kanpaina honetaz oroitu naiz. Ez dizu onik egingo. Debekuak gogoan. Tabakoarena bezalako kanpaina bat asmatu gura izan genuen Zarautzen egin genuen bilkura hartan. EZPOT batzuk egitea planteatu genuen. Kontrapublizity apur bat. Eta bideoak sarean zabalduz, Emailuetan eskaini. Ikaragarri ondo pasa genuen, literatura eta ikusentzunezkoak uztartuz. Gure promozio kanpaina eginez, lagun artean.

    Duela 11 urte gaztelumendi blog honetan argitaratutako post bat: Ez dizu onik egingo


    Bai, duela duela 11 urte aritu ginen horretan. Eta denbora aurrera doa. Sarean. Interneten. Liburu argitalpenean. Irakurketan. Eta jarraitzen dugu oraindik bide horretan. Beharko.

    bakarrik egoteko modu berri bat ote?

    Bideoak ikusi, sarean idatzi, musika entzun, kalean ibili eta liburua hartuko dut eskuartean. Orain. Irakurtzeko.

    irakurtzea izan ere, bakarrik egoteko modu bat ere bada. mila esker Berri Txarrak.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  musika

    Doctor Deseo Radio 3 irratiaren kontzertuetan, GARA egunkarian edo sarean | narratiba berriak

    Begirada ezberdina lantzeko, zer eta zelan kontatzen dugun ikustea ere garrantzitsua izaten da. Estetika, hitzak, adierazpenak, estiloa, begirada eta kontaketa bera….

    #miradadistinta

    Igual y diferente. Una mirada distinta lana aurkeztu zenetik hilabeteak pasatu dira, eta ordudanik makina bat ordu, saio eta ideia zuzendu ditugu proiektu honetara. Narratiba posible guztiak horretara bideratu ditugu, eta emaitzak ere ikustarazi dira han hemenka.

    Doctor Deseoren azken lana Bizkaiko zubian aurkeztu zen udaberriko goiz baten.
    Doctor Deseoren azken lana Bizkaiko zubian aurkeztu zen udaberriko goiz baten.

    Lan honen promozioa Bizkaiko zubian diskoa aurkeztu zenean abiatu bazen ere, gerora Euskal Herriko hedabide ezberdinetan landu eta Katalunia zein Espainiako medioetan ere isladatu da. Radio3 bezalako irrati batean izandako elkarrizketa kopuru eta interesa… esanguratsua da.
    Irakaspen handia, lan asko eta emaitza oso onak. Begirada ezberdina, modu oso ezberdinetan kontatua.

    GARA egunkarian

    Igandean GARA egunkarian elkarrizketa erreportaia polita plazaratu zuen Pablo Cabezak ere.
    Doctor Deseo GARA egunkarian

    þÿ

    Gustatzen zaigulako


    Gustatzen zaigulako, azken finean…ezta?

  • musika

    Peiremans+

    joan ziren baina gehiago espero genuen oraindik

    Bart kontzertua Bilbon, musikaren katedralean.
    Duela 10 urte baino jende gehiago. Ezagunago. Izarrago.
    Sarrerak agortu dira eta ilada dago sartu aurretik.
    Jende gutxi Izaki Gardenak taldearekin gozatzen, areto ezin beteagoan. Berbotsa da nagusi, doinu atseginen atzetik. Onak dira hala ere. Minority. Gutxiengo musikazalearentzat.
    Lehen kontzertua bukatu eta tarteko musikaren ostean eskenatoki gainean lau rockero zahar. Urteak geroago. Gazte oraindik.
    argazkia: Tom Hagen

    Azkarra edo arina?

    Kontzertu oso azkarra izan da. Arina. Dauzkaten kantu apur hoiei zukurik gehien ateratzeko pentsatua. Disko txiki batekin taularatu ziren, eta zenbait kantu gehiago sortu dituzte orain. Oso azkar beharbada. Eta bira itzela montatu dute. Eta deabruak teilatuetan taldearen beste bi kantu -hit ederrak- eta jendea gozatzen, eta Weezer bertsio eder bat, eta beste soul bat…. eta ezer gutxi gehiago.
    Laburra egin zait, baina batez ere arina.
    Horretaz mintzatu gara elkartu garen musikazaleak. Eta gazi gozoa geratu zaigu kontzertua. Normalean, eta Antzokitik sarritan, aseago ateratzen gara. Dena emanda. Dena eman izanaren sentsazioarekin. Goian eta behean. Baina ezberdina da gaur. Eta komentatzen jardun dugu.

    biharamuneko pilula

    Goizean esnatzean, musika jartzen duzu berriro. Beste zerbait. Baina gaueko akordeak, parapapapapa hoiek oraindik gogoan. Eta kantu gehiagoren bila jo arren, ez duzu berriagorik kausituko.
    Eta galdera hori. Bart zer?


    Agian gu izan gara sentsazio horrekin pipertuta atera garen bakarrak. Eta badazpada, azalpenak emateari ekiten diozu. Galderak baino, erantzun posibleak mugatzen dutelako inkesta. Gehiago nahi zenuela aldarrikatzeko modua. Behar genuela beharbada.


    Eta besterik ezean, enegarrenez play teklari eman diozu. Zortziak bat. Rock azkarra. 80. hamarkadakoa. Gurea. Eta Evaristoren koroak euskaraz… parapapapapapaPA!

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Euskal Herriko mapa #libre bat

    Herriz herriz, auzoz auzo… egunez egun, azken hilabeteotan itzela izan da sortu den herri dinamika, bideogintza, sare sozialetako oihartzuna, ekimenak… eta domeka honetan isladatuko da Euskal Herria zeharkatuko duen kate koloretsuan…. milaka lagun, jende zoriontsua, herri #libre batean

    Oso interesgarria naiz+ gunean egin duten bideoen mapa interaktiboa.

     

    Herri komunikabideen oihartzuna

    Eta domekan bertan, ehundaka lagun komunikazioaren gerrilan lanean, herriz herri, uhin, sare, paper, webgune, sare sozialetan… mezua nazio artean, munduan, Euskal Herri osoan hedatu dadin.
    hedabideak
    iturria: ARGIA

     

     

  • ikusi eta ikasi,  musika,  teknologia berriak

    Bi hitz

    Letrak dantzan jartzeko asmoagaz asmatu genuen hitz joko hau. Iazko Literaturia ekitaldietan, letrak eta musika elektronikoa uztartzearren, mezu laburrek osatutako giroa sortu gura izan genuen gaztetxean.
    Dantzan aritu ginen, bideoak ikusten, japonieraz errezitatzen batzuk, twitter bidezko mezuak pantailan ikusten, Gasteiztik bialdutako bidoekin dantzan gaztetxean… denetarik.
    Aurten pausu bat gehiago. Musikari zuzeneko bideo irudiak gehituko dizkiogu, bideo jockey batek nahastuta.
    Bi Hitz  beats&bits
    Beta saioa 7katu gaztetxean
    Eta euskal unibertsoaren jai bat antolatu zuten ikasleek Bilboko alde zaharreko gaztetxeean. Leioa da bide bakarra esaten zuten, musikaren gainetik, eta letrak dantzan jartzen saiatu ginen, musikarekin jendea mugiarazten, eta bideoak horman ikusteko aurkeztu genituen.
    Hamaika telebistako Ane Zabalak irudiok grabatu zituen, eta guk Albisteak 2.0 saioan eskaini genituen biharamunean.

    Hemendik aurrera, Bi Hitz saio gehiago egingo ditugu, Literaturian lehenengo… eta gero gehiago… Gaztetxeetarako ekimen aproposa da. Musika eta irudiak uztartzen dituena. Eskerrik asko.

    Albisteak 2.0.008 – Beats and bits from Albisteak 2.0 on Vimeo.

  • gaztelumendi.eus,  larrabetzutik,  teknologia berriak

    Gure herrian

    zer ez den antolatzen. Bertso eskola, gaztetxea, literatur irakurleen kluba, hirugarren adineko gimnasia, txirrindulari frogak, mendi karrera herrikoi bat, afari eta bazkari ugari, jaiak franko… eta aspaldion gazteenak skate gainean dabiltza. Ikasten ari dira, eta lau txirrinka eta egur baten gainean zer egiteko gai diren erakusten digute, kalean bertan. Libre.
    Ikasi bakarrik ez, herritarrontzat bestelako ekitaldiak antolatzen be hasia da Sk8la.
    Asteon bideo proiekzioa dago gaztetxean, bariku arrastian.

    Argazkiak.org | sk8la Bideo proiekzioa © cc-by-sa: gaztelumendi

    Sk8lan lagunak ditut, guraso eta gazteak. Dinamika polita iruditzen zait sortu daitekela honen inguruan. Kirola da, kalekoa, librea. Modernoa eta merkea. Herritarra edo popularra zelan esan. Markek garrantzia handiegia duten arren, badago eszena underground bat ere. Musikarekin, kaleko artearekin ere harreman polita dago skate munduan. Eta horrek gehiago erakartzen nau. Egur gainean ez naiz etxeko abilena, baina laket dut nik ere lau txirrinkaren gainean ibiltzea. Eta sk8lakoei normalean dieinuak eta bloga egiten laguntzen diet. Eginez. Irudia, komunikazioa.

    Bart, blogeko goiburua grafitteatu nien. Sprai batekin banengolez, photoshopen margotu nien gainetik, eta beste irudi batzuk gehitu…

    Argazkiak.org | header bat grafitteatzen © cc-by-sa: gaztelumendi
    Sareak aukera asko ematen ditu. Ikusten dituzuen skater hoiek, letrak dira, sarean topatutako tipografia batekoak. Rodrigo Germanek sortutako skate tipografia bat da.

  • larrabetzutik,  musika,  teknologia berriak

    bart gose, gaur ase


    Asteburu intentsoa izan da hau. Pettirekin hasi ginen barikuan, eta jendea pozik. Kalean, ilargipean eta eskailera batzuk anfiteatro moduan baliatuta.
    Zapatuan basquecamp, 30 lagun baino gehiago eta 15 hitzalditik gora. Giro ona, eta asmo berri ugari. Asko ikasi genuen danok.
    Domekan larrabetzu 2.0 ekimenen barruan GOSE Arrasateko taldearen kontzertua gaztetxean. Irudietan ikusiko duzuen lez, adin guztietako lagunak HORi BAi gaztetxean. Gose izugarri ondo.
    Gero gehiago.
    basquecamp, kronika Sustatu eta larrabetzu.org
    Bideoak eta argazkiak, Iñigo Urkulurenak dira.

  • agit/prop,  literatura

    Ez dizu onik egingo

    Susa literaturaSusa argitaletxean ezpotak egiten hasi gara. Telebista medio garestia da, baina ikusentzunezkoak egitea beti amestu dugu. Eta Susako idazle eta egile, eta lagun, eta ezagunen artean mezua pasa genuen. Egingo zenuke spot labur bat? Eta horrela hainbat sortu dira, eta astero Emailuetan pasako ditugu. Eta literaturaren kalteetaz mintzatuko gara.
    Lehen bideo hau Eider Rodriguezen ideia izan da. Eta Youtubera ere igo dugunez, hemen jarriko dut. Datozen asteetan gehiago izango dira. Eta zuek ere egin dezakezue bat, ez lotsatu. Egia esan, horrek ere ez dizu onik egingo.