-
Norena da bertsoa?
Bergarako saioa izango dogu akorduan tarte batean. Maialenen bakarkako bertsoak, Mikel Laboaren doinuak, argia joan zenekoak, eta guk horrek bertso galduok grabatu eta zabaldu izana.
Grabatu, gorde eta zabaldu. Artxibatu eta eskura jarri. Hori da guretzat Internet, holan ulertzen dugu, eta horrela azaltzen saiatu gara.larrabetzu.org komunitateko blogerako grabatu genituen bertsoak, Euskal Herri osoan entzun dira. Irratietan, Hitzetik Hultzera saio berrian, edota BTN09puntuKAM programa berrian. Bertsoon gainean gogoeta egin gura izan dugu gainera. Eta ez dakit lortu ete dugun. Saiatu, saiatu gara behintzat.
Hau da bart, ETB3an puntuKAM delako saio berrian Bergara eta Gasteizko saioen ostean eskaini duten saioa. Ez da ohiko saioa, ezberdina da, eta gustatu zait erreportaiak lantzeko modua. Badago ahalegin bat horren atzean.
BTN09puntuKAMHitzetik Hultzera
ARGIA.com eta Infozazpi irratiaren artean ere Hitzetik Hultzera izeneko webTV saio berri eta orijinal bat egin dute. Niri egia esan, oso hernaniarra egin zait kontua. Bertsoaren ikuskera berezia dute han. Eta gu, hemen gaudenez, ezin ondo harrapatu beraien asmo hori. Umorea esango diote gero…. batzuei orijinala. Niri retro. Baina garrantzitsuena, egin dutela da. Hagin Rezola eta Estitxu Eizagirre, nor baino nor, sobremesa ederra eginez. On dagizuela.
-
aGUr ta gutarrak!
Ez daukat berbarik. Amaitu da, jo dute despedidea! Joan ezinaren pena; ezagutu izanaren zoriona; disfrutatuaren sentsazioa; ikasitakoaren akordua… gozada bat; bi berbetan esanda:
Argazkiok dana esaten daurielakoan.
klik egin ezkero, Asier Arroita artistak egindako argazki sorta izango duzu.Bitartean, astero moduan, gutagutarrak.eu blogean zer ipiniko zain. Hori be, irakaspen ederra izan da gainontzeko musikari, musikazale, blogari eta sarean dabilen arrain askorentzat.
Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren atzen kronika be, horixe… itzela.
-
Maletillen matxinada sagardotegian
Larunbat gauez Lizeaga sagardotegian. Maletillen matxinada. Izen handiak: Egaña, Paya, Silveira eta Lujanbio. Eta beste ziento erdi baino gehiago maletilla. Maletillak dira, aurreko Gipuzkoako bertsolari txapelketaren karietara, GARAk asmatutako bertso jokoan aritu diren bertsozaleak. 300dik gora izan ziren partehartzaileak, eta batzuk saria ere jaso zuten.
Urteko lehen txotx gaua izango zen gutako gehienontzat. Sagardo berria genuen frogatzeko. Eta afariari ekin aurretik, kupel pare bat edo probatuko genituen. Menua betikoa. Makallo tortilla, makalloa piperrakaz, txuleta ezin gozoago batzuk, intxaurrak, gazta eta bestelako gozo batzuk. Baina ororen buru sagardoa. Gozoa, suabea aurtengoa Lizeagan.
Eta orduek aurrera egin arren, inor ez zen bertsotan hasten. Eta halako batean, Egañak Iurretako Eneko Abasolo “Abarkas” bertsolariagaz hasi zen bertsotan. Hara hurbildu zen gero Xabi Paya. Zarauzko bertsolari gazte bat gonbidatu zuen Egañak. Inguruan zen Silveira ere, eta urrunago Maialen Lujanbio.
Eta maletillak hasi ziren gero. Ioritz azpeitiarra izan zen lehenengoa. Azpeitiako zezenplazan dotore aritutakoa Ioritz. Txukun hasi zen Lizeagan bertsotan. Egaña bera ikaratzeko beste.
Sagardoaren bila joan etorri batzuk. Eta jaiak jarraitzen zuen. Lehenengo hemen, eta gero harago. Ez zen geldi egoteko gaua izan. Silveirak batetik, Egañak asko, Maialenek batzuetan, eta Payak ahal zuen guztietan. Neurri ezberdinetan aritu ziren. Gai jartzaile barik, librean.
Maletillen maila
Eta apurka apurka bertsozaleak, tabernako bertsolariak, hasiberriak eta bertso eskoletatik hurbildutakoak gehitzen hasi ziren. Sagardotegi gaua. Giroa eta bertsoa, dena bat. Maletillak bertso gosez joan ziren, egiteko gogoz. Eta izan zuten aukera ederra. Hainbatek kantatu zuen, gogotsu. Eta bertsolariak harritzeko beste kantatu zuenik ere izan zen. Plazaz plazan asko dabiltzan lau bertsolari ziren han, baina maletilla bat baino gehiago ez zuten ezagutu ere egiten. Beste batzuk bai, bertso eskoletatik eta.Ariketa polit bat ere proposatu zuen Bertsozale elkarteko Asier Ibaibarriagak -Maletillen jokoan epaile izan denak-. Bertsolari bakoitzak puntuak jarriko zizkion maletilla bati. 5 puntu behar zutenak, asko izan ziren gero. Mordoa. Eta maletillek ondo eutsi zioten erronkari. Oso ondo. Eta txalo zaparrada luzeak joan ziren han.
Gauak aurrera, sagardo kupelek apurka apurka behera eta giroa gora, zelan ez. Ni neu, goizaldeko 3etan abiatu nintzen etxerantz, sagardotegiko giro ederretik. Bertan utzi nituen lagun batzuk, eta ez dakit bertso gehiago izan zen edo ez… baina gaur, egunkaria erostean GARAko zuzendariak idatzitako kronika aurkitu dut, argazki eta guzti.
argazkiak: patxi gaztelumendi cc lizentzia
-
lau ertz eta saio borobila
Urteroko bertso saioa izaten da abenduaren 25ekoa. 1994an hasi ginen antolatzen. Ari naizela! Ari naizela! ekitaldietatik azkena izan zen ordukoa. 1994ko Euskal Herriko finalistak izan genituen orduan, Andoni Egañak lehen txapela jantzi eta astebetera. Frontoia bete genuen, eta hurrengo urtekoan pentsatzen hasiak ginen.
Egin genuen 1995ekoa ere, frontoian. Baina hotza gogoratzen dugu ordutik, eta Sarasua eta Egañaren bertsoak, Areitiorekin. Leire Bilbao hasiberria ere gogotsu zetorren, ahots ederragaz.
Hurrengo urtekoa gaztetxean egin behar zela zioskun Xabier Amurizak. Eta halan hasi ginen 1996an. Tartean eztabaidak ere izan ziren herrian, hobeto zela frontoian egitea, beroagoa gaztetxea, hau eta bestea. Kontua da 1996tik ari garela gabonetako bertso saioa Hori Bai gaztetxean egiten. Eta urtero betetzen da. Urtero berotzen da. Urtero gozatzen dugu bertsoagaz, aurten ere berdin, eta urtero ezberdin.
Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Fredi Paya, Xabier Silveira
Lau ertz zituen saioak. Lau bersolari ezagun. Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurditik, nor bere mahaitik jaiki, eta gurera bertsotara etorriak. Bertsolari handiak laurak. Beteranoak bere gaztetasunean. Zein baino zein.
Etxahun Lekue aritu zen gai jartzaile. Ondo. Sartu egin zen saioan, sartu zituen bertsokideak be. Bertso eskolan atondutako gaiak ziren, aproposak. Lana ondo betea zuten gaztetxean astero batzen diren bertsozaleek. Ondo egindako lanak, hobeto eskertzen ditu gero bertsolariak bezala, entzulegoak ere.
Entregatutako entzuleak.
Iluntzeko zazpiretarako ondo beteta zegoen Hori Bai. Epel epel gaztetxea, eta bertsolariak hurbildu zirenerako txalo zaparrada. Eskenatokitik kantuan hasi eta atoan girotu zen saioa. Etxahunek agindu, bertsolariek erantzun. Puntuak jarri, ofizioka aritu. Paperean sartu eta saio elegantea egin zuten.Larrabetzu.org gunean atoan egongo da saioa entzungai, eta zaleak badauka orduterdi atsegin bat igarotzeko aukera.
Entzun gura badozu:
[audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai071225.mp3]