• agit/prop,  ikusi eta ikasi

    ARGIA aldizkariko lagunekin elkartasuna

    Mozal legeari jarraituta, atxiloketa baten berri emateagatik zigortu gura izan dituzte ARGIA eta bere lantaldeko Axier Lopez kazetaria.
    Adierazpen askatasunaren kontrako neurri honek, informatzeko eskubidea ez ezik, informatua izatekoa ere urratzen du.
    Euskal Telebistako Egunon Euskadi saioan, horretaz mintzatu eta gure elkartasuna adierazi diogu mahaikideoak Axier Lopez laguna eta ARGIA aldizkariko lantaldeari.

    ARGIA Mozalik gabe gune berezia.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Brian Currin

    Argiako kazetari Lander Arbelaitz Hegoafrikan izan da, mundialaren kari.
    Han, futbolaz landa badela gauza gehiago erakutsi digu. Eta ARGIA aldizkarian argitaratu ditu zenbait elkarrizketa interesgarri.

    Besteak beste, Brian Currinen bulegoan azaldu zen. Eta Hegoafrikari buruz bezala Euskal Herriari buruz berbetan jarri zen berarekin.
    Eta irudiok jarri dizkigu orain aukeran.

    Arretaz jarraitu ditut orain arte Brian Currinek Euskal Herrian zein Madrilen eman dituen hitzaldiak. Internetetik eta bideo streamming bidez. Egin dizkioten elkarrizketak, prentsan agertutakoak eta ondo gogoan dut Iñaki Sotok GARA egunkarian egin zion elkarrizketa berezia.
    Gero Bruselako adierazpena heldu zen, eta geroztik beste giro bat somatzen da gurean.
    Arretaz ari naiz jarraitzen aspaldiko guztia. Sarritan ozen ez mintzatu arren, gauzak gertatzen jarraitzen dute. Gertaerak ez dira maiz albiste, eta albiste ezare atzean egon daiteke gertaerarik handiena. Eta hori guztia gauzatzen ari da da, apurka apurka.
    Gauza berriak datoz, ekimen ezberdinak… Currinek badaki hori guztia, eta horregatik du horrenbesteko konfiantza hemen gertatzen ari denaz. Eta guk ere izan dezakegu berak esaten duenarengan.
    Beraz, bere berbak adi eta patxadaz jarraitu beharrekoak dira, dudarik gabe.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    grebaorokorra.info larriki saritua

    ARGIA saria eman diote maiatzaren 21eko grebaorokorra.info ekimenari.
    Grebaorokorra.info

    Biba zuek! pikete informatiboa egin zenuten guztiok.

    gaztelumendi.org blog honetan grebaorokorra etiketarekin, m21eko grebari eta grebaorokorra.info proiektuari eskainitako albiste eta iritziak.

  • hurrengo geltokia

    gonbidapen #irekia

    Ez naiz ni, zurekin ahaztu dena
    beste norbait izango zen hura

    Harrituta somatu nuen lagun baten emaila atzo, irratia.com ez zelako agertzen #irekia delako ekitaldi horren gonbidatuen zerrenda zabalduan. Ikatz kopia gorderik (BCC) gabe egindako emailketa batean.

    Ez zuten irratia.com gonbidatu Ajuria Eneara, nahiz eta blogari pintxozale asko gonbidatuak izan. Eta ez ninduen harritu. irratia.com ez baitute gauza askotara gonbidatzen, ohituak gaude, aspaldian. Gurea, ez da erreferentzia euskal kulturgile gehienentzat ere; beraz, PSOEko trepa berrien kezka izateko moduan.
    Blogariak joan dira, eta idatzi dute, eta gutxik jarri du zalantzan Gasteizko status quo berri hau; irekiaz mintzo den gobernu berri bat, hauteskundeetan ateak batzuei itxi ostean. Hortik abiatzen da irekitasuna, gero gerokoak. Pertsona guztien eskubide sozial eta politikoak bermatzen ez dituen gobernu bat, munduko software libreena erabilita ere, munduko blog eta creative commons guztiak baliatuta, ezingo da inoiz irekia izan…

    euskal kultura irekia
    Ajuria Eneara gonbidatzen ez gaituzten moduan, ez gara inor ARGIA astekariarentzat adibidez, Sareko ARGIA sariak banatzen dituenean. Ez gara inor sarean, nahiz eta astero astero sareari buruz ari garen, argi eta garbi. Sareko ARGIA merezi izan genuen duela ia 10 urte, baina geroztik ez dugu han izateko paradarik izan. Baina ez gara horregatik kexatzen. Ulertzen dugu. Gurea beste zeozer da. Subentziorik gabe egiten dugu saioa, militantzia eta sarea zaletasuna uztartzen saiatzen gara. Euskaraz egiten dugu, munduko txoko askotan entzuten den irrati emankizuna. Agian, nabarmen geratuko lirateke asko eta asko… diru asko gastatu arren, erredakzio, bulego, funtzionari, lege eta enparauekin… egiten dutena…. nabarmen geratzen delako.

    (Argiako hau, adibide bat besterik ez da, urtarrilekoa, esaterako)

    Baina gu ez gaitu horrek kezkatzen. Gure lanean dihardugu, batzuetan apal, bestetan harro. Astero podcast bat egiten saiatzen gara, sareko edukiak, kultura digitala…
    Gu kultura irekiaren alde gaude, parteharzea sustatzen dugu gure eginkizunetan, software libre eta irekiaz mintzo gara, erabilita. Aurrera goaz, nondik gatozen ahaztu barik. Jendea gonbidatzen dugu, hitz egiteko, musika jartzeko, iritzia emateko, gauzak salatzeko… eta jarraitzen dugu gurean. Eta lasai gaude. Kontent gaude. Pozik gaude. Sarean gero eta gehiago isladatzen delako egin nahi dugun hau. Egiten ari garen hau. Eta gurea, euskal kultura irekiaren zati dela uste dugu. Eta aldaketa garaiak datozela, eta kurea, txungoa, hipokrita… berez eroriko direla. Apurka apurka. Eta gauzak aldatzen joango direla, aldatuko ditugula.

    Herri eta auzo irekiak
    Berdin ez gara molestatzen ere, zure etxeko atari edo portalean doan -eroski edo carrefourreko propaganda bezala- uzten duten euskarazko aldizkari horretako ekitaldietarako deitzen ez zaituztenean. Ez zara vip. Ez duzu izan nahi gainera. Eta berdin dizu. Izan ere, batzuk gonbidatu eta besteak alboan uzten dituen ekitaldi bat, ezin daiteke izan hizkuntza baten aldeko ekitaldia. Hizkuntza denok bagara, denok behar dugu gonbidatuta egon. Ateak zabalik. Banaketak, ezberdintasunak… jarrera itxia adierazten du.
    Vip izan nahi duen hizkuntza hori ez dut neure egiten. Baserritarren hizkuntza, salerosketetako berbeta, dendarako jario, tabernan eskatzeko, eskolan ikasteko, autobusean joateko gura dot nik euskeria. Ez dot ulertzen, zelan euskarazko aldizkari batek, herritarra behar lukeenak… gonbidatzen dituen batzuk, eta besteak ez. Zergatik aita bai, eta semea ez. Zergatik irakaslea , eta ez ikaslea. Zergatik esataria bai, eta buzodun langilea ez. Nor da pedigree hori banatzen duena?
    Famatuen homologazio bat behar dute antza gure ekitaldiek. Ez garena erakutsi gura dugu… baina dirua eskatu behar denean, pobreari eskatzen zaio, mundu guztiari. Ez dut ulertzen, ezin dot ulertu. Eta ulertuko banu ere, ez nuke onartuko.

  • larrabetzutik,  pasahitza

    Norena da bertsoa?

    Bergarako saioa izango dogu akorduan tarte batean. Maialenen bakarkako bertsoak, Mikel Laboaren doinuak, argia joan zenekoak, eta guk horrek bertso galduok grabatu eta zabaldu izana.
    Grabatu, gorde eta zabaldu. Artxibatu eta eskura jarri. Hori da guretzat Internet, holan ulertzen dugu, eta horrela azaltzen saiatu gara.

    larrabetzu.org komunitateko blogerako grabatu genituen bertsoak, Euskal Herri osoan entzun dira. Irratietan, Hitzetik Hultzera saio berrian, edota BTN09puntuKAM programa berrian. Bertsoon gainean gogoeta egin gura izan dugu gainera. Eta ez dakit lortu ete dugun. Saiatu, saiatu gara behintzat.

    Hau da bart, ETB3an puntuKAM delako saio berrian Bergara eta Gasteizko saioen ostean eskaini duten saioa. Ez da ohiko saioa, ezberdina da, eta gustatu zait erreportaiak lantzeko modua. Badago ahalegin bat horren atzean.

    BTN09puntuKAMHitzetik Hultzera
    ARGIA.com eta Infozazpi irratiaren artean ere Hitzetik Hultzera izeneko webTV saio berri eta orijinal bat egin dute. Niri egia esan, oso hernaniarra egin zait kontua.  Bertsoaren ikuskera berezia dute han. Eta gu, hemen gaudenez, ezin ondo harrapatu beraien asmo hori. Umorea esango diote gero…. batzuei orijinala. Niri retro. Baina garrantzitsuena, egin dutela da. Hagin Rezola eta Estitxu Eizagirre, nor baino nor, sobremesa ederra eginez. On dagizuela.

  • ikusi eta ikasi,  musika

    Euskarazko RAP mugimendua abian

    Errima gorriz datoz kume berriak

    Erreportaia itzela, interesgarria egin dute Lander Arbelaitz eta Gorka Bereziartua kazetariek ARGIAn. Idatzizkoa argitaratu zuten lehenbizi, baina oraindik interesgarriagoa egin zait montatu duten ikusentzunezkoa. Twitter bidez adierazi zuten horretan zirela, eta gaur argitaratu dutenean, ezusteko polita hartu dugu.

    Hernaniko Molotoff irratian Aritz sound system (Selektah kolektiboko kidea), Baionako ostatu batean Jon Eiherabide (MAK taldekoa) eta Santutxuko grafitti baten aitzinean Norte Apacheko lagunak, disko berria kaleratu ostean.

    Rap doinuak, irratiko grabazioa, elkarrizketak…. eta bideo interesgarri bat. Kazetaritza berria abian da, eta lehenengo emaitzak argitaratzen ari dira apurka apurka.

    ARGIA.com

  • larrabetzutik,  teknologia berriak

    #basquecamp hizpide ARGIAn

    ARGIA aldizkariko Eli Pombok elkarrizketa bat egin dit asteon, bertsio digitalerako. Hari@ buletinarekin be, banatu dute gainera. #basquecamp ekimena azaldu eta datorren ekainaren 7an Larrabetzun egin asmo dugunari buruzko xehetasun batzuk eman, eta Interneteko panoramaz iritzia eman dut. Titularra deigarria egin du gero!

    Sareko ARGIA

    Patxi Gaztelumendi: “Alfabetatze digitala behar du herri honek, euskalduntze alfabetatzearen fasea amaituta”

    Elisabeth Pombo, 2008-05-28

    barcamp bateko partaideak

    Larrabetzu.org ekimeneko partaideak lehen Barcamp euskalduna ari dira antolatzen, Interneten eta euskaraz lan egiten dutenen artean esperientziak elkartrukatzeko. Ekainaren 7an (eta agian 8an ere bai) izango da, printzipioz Larrabetzuko Gaztetxean. Barcamp bat hainbat jenderen arteko elkargunea da. Ekitaldi irekiak dira eta kolektiboki antolatzen dira. Horrek esan nahi du edukiak parte hartzaileek beraiek prestatzen dituztela.

    Patxi Gaztelumendi antolatzaileetako bat da eta berak eman dizkigu lehen Barcamp euskaldunari buruzko xehetasun gehiago. Gaur egun Internet euskaldunak bizi duen egoerari buruz ere galdetu diogu:

    Lehenengo euskarazko Barcamp elkargunea ari zarete antolatzen. Nondik sortu da ideia? Zergatik orain?

    Ideia Interneten trukatzen ditugun mezuetatik sortu zen. Nazioartean gero eta garrantzia gehiago hartzen ari dira horrelako hitzaldi sorta parte hartzaileak. Gai konkretuei zein orokorrei buruz berba egiteko ekitaldi irekiak dira.

    Euskal Herrian ere, gauza asko ditugu komentatzeko. Tresna askoren berri daukagu sarean, baina batzuetan komeni da aurrez aurre ikustea, elkartzea, gauzak gertuagotik ezagutzea, eztabaidatzea, eta elkarrekin lanean jarraitzeko indarrak biltzea.

    Eta orain, Interneten beti da orain. Gaur bizi dugu sarea. On line eta orain, sinonimoak dira. Atzo memoria da, eta biharkoa gaur asmatzen ari gara.

    Izan al zarete inoiz Barcamp batean? Nolakoak izaten dira eta zertarako egiten dira? Interneti soilik lotuak daude?

    Hemendik gertu ez da oraindik horrelakorik antolatu. Baina barcamp.org gunean, noiz eta nola antolatzen ari diren ikusten ari gara. Zuzenean. Eta gaiak, oro har teknologia berrien gainekoak dira. Baina Parisen aurki bookcamp antolatuko dute, liburugintzaren erronkak aztertzeko. Mota askotako Barcamp-ak daude une honetan antolaketa fasean.

    Egitarau zehatzik finkatuko da edo inprobisaziorako gunea izango da?

    Basquecamp hau antolatzen hasi, sarean iragarri, eta jendeak gaiak eta hitzaldiak proposatu ditu, wiki batean. Orain guztiari orden bat ematen saiatuko gara, jendearen iritzia kontuan edukiz. Eta egunean bertan, hitzalditxo sorta hau guztia denon artean erabakiko dugu. Bukatzeko presarik gabe ibiliko garenez, laburrak izan arren, sakontzeko aukera egongo da. Jendeak ere, zaletasunaren arabera, gauza batzuetan gehiago sakondu gura izango du, beharbada .

    Euskaraz eta Interneten lanean gero eta gehiago garela diozue, zer iritzi duzu euskarazko Interneteko panoramaz? Zer azpimarratuko zenuke?

    Baikorrak gara bizi dugunarekin.

    • Komunitate aktiboa du euskarazko sareak. Sare bat da. Sare anitza, deszentralizatua. Gauzak egin egiten dira, sortu, garatu. Baina oraindik komunitate hori sendotu beharra dago. Euskaldunak bagarela konturatu, eta euskaldun moduan Internet sarean jarduteko.
    • Tresnak ere behar ditugu, eta software librearekin asko aurreratu dugun arren, horren sozializazioan ahalegin handiago egin beharko dugu.
    • Edukiei dagokionez, sarean biderkatu egin dira azken bolada honetan sortutakoak. Wikipedia, blogak, udal webgune ofizialak, ohiko komunikabideen bertsio digitalak…. asko sortzen ari dira. Eta bide horretan jarraitu beharko dugu. Sortzen eta hedatzen.

    Zer botatzen duzue faltan? Zer egin beharko genuke oraindik egin ez dugunik?

    .eus domeinua eskuratzeak adibidez, ikusgarritasuna emango lioke gurea bezalako komunitate digitalari. Hizkuntza bizia da gurea, eta Katalunian bezala, horrek egoera guztia indartuko luke. Bultzada handia litzateke honetan ari garenontzat.

    Software askearen sozializazioa lortu behar dugu, eta euskararentzat tresnarik eraginkorrena dela ulertarazi behar diegu aginte apurra duten guztiei. Irakasleei, ikastetxeetako arduradunei, elkarteetako liberatuei, formazioarekin kezka dutenei, agintariei, enpresa buruei…. guztiei. Alfabetatze digitala behar du herri honek, euskalduntze alfabetatzearen fasea amaituta. Alfabetatzea 2.0

    #basquecamp

  • teknologia berriak

    lost in bilbao

    ARGIADagoeneko euskal munduan, behin baino gehiago aipatu dugu lostinbilbao.tv proiektua. Ruben, Libe, Garazi, Cristina eta Aiora horretan ari dira buru belarri, astero. Hiri bat eta kultura bideoblog batean bilduak. Bilbon ez galtzeko. Bilbok eskaintzen dituen aukerak baliatzeko, ikusteko, entzuteko.
    ARGIAk ere erreportaia egin du, hiru orri oso koloretan. Bideoa ere egin dute. Eta eskaini. Eta nik ere bideoa hemen jartzea pentsatu. Erreportaia polita egin dute; nahiz eta zenbait unetan, kamarak gorputz batzuk mozten dituen. Hala ere, ARGIAk aurrerapausu itzela eman du bideogintzaren alorrean.