larrabetzutik
Larrabetzutik Euskal Herrira
-
Eztabaida sarean eta kalean
:::::::::::::::::::::::::::::::: :::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::: ::::::::::::::
ASANBLADA OROKORRA: martitzen iluntzean egindako asanbladan (oso jendetsua 100 inguru batzartuta) ahobatez onartu dira hainbat kontu, eta besteak beste orain arteko Jantoki ereduagaz jarraitzea.
::::::::::::::::::::::::::::: ;:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::: ::::::::::::::::::::::::::::::::::::astelehenez idaztea zailagoa dalakoan.
Herrian giroa gori gori dago. Eskolako jantokiko erabaki batek, pil pilean jarri du aktualitatea. Informazioa eta eztabaida.
Eztabaidatu daiteke asanbladan, eskolako pasiloetan, kalean, tabernan eta sukaldean. Interneten ere eztabaidatzen da.
Kalean eta tabernan ozen eztabaidatzea euskal ohitura da.
Interneten lotsa galduta egitea ere, ohiko bilakatzen ari da.Kontua da, gure herriko eskolan 25 urtez gurasoek kudeatu dutela jantokia. Hezkuntza sailak zaildu egiten du hori egun. Oso zail jarri du. Eztabaida dago gurasoen artean. Eztabaida herrira eta sarera hedatu da ondorioz.
Eztabaida ona eta osasuntsua izan dadin, ahalegina egin beharko genuke denok. Ezkerretik eskumara, zahar eta gazte. Eskola hezkuntzarekin lotu beharko genuke. Kalitateagaz. Errespetu eta begirunea. Edukaziño apur bat, mesedez, umeak aurrean dauz eta!
Baina eztabaidatzea, berez, ona da.
-
Hi, eingo juk ala?
Ointxe leidu baino etzoat ein, antza hikaz eiteko ohituria galdu eingo dokela. Euskeriak hiru bereizgarri jekozak: nornorinork hirutasune, deklinabidia eta hitanoa.
Guk eiten juk arian, batzun artian sikiera be; eta alkar ulertuteko geuze bagozak. Gu baino zaharragoak dozakenak, horrek bai, horrek beti eiten jeurek, danakaz ganera.
Izen geuze polite dok, ikisteko sano gatxa be eztok, eta ahalegindu ezkero… fazil fazil manejeko haz heu be. Ikisi gurok ala?
Sarriten pentseu izen joau, berbalagunek eta eiten dozaken antzera, hikaz eiteko taldeak sortutea be ezoala geuze eskasa izingo. Lantzean baten batu, trago batzuk jo, edo hortizik txiri txiri buelta bat emon ta berbaz ibiltia.
Ondino be denboraz gauzek, hau berbamoduau desagertu orduko.Hori bai, batuaz eiten ahaleginduten bagozak, Goenkaleko aktoreak emango diagu!
postdatak:
*ARGIAn Gontzal Fontanedaren testua irakurri ostean, bapatean burura etorritakoa. Halandabe, proposamena blogean. Gurok ala?**Gurean, hiketan eitea batez be mutil/gizonon kontua da. Horren ganean azterketa egina dauka Xabier Artzibar filologoak.
-
izarrik ametsetan
Sasoi hau, uztailak 31 eta inguruko zapatua flipatzekoa izaten da gure herrian. Hori Bai gaztetxeak urtero antolatzen du Gazte Eguna.
Aurten be, eta hogeitaka urteak dira jadanik, musika, herri giroa, kontzertua, bazkaria, olinpiadak… bizirik dagoen herria eta ondo antolatuta dagoen gazteriaren egunak dira.
izarrik ametsetan diote gaztetxekoek, eta ikusten da bai, ametsak betetzen ari direla, gauzatzen… gaztetxeen proiektua egonkortu egin direla Euskal Herrri osoan.
Errepresio antzuak, gurean bezala kanpoan be, ez ditu bere emaitzak lortu.
izarrik ametsetan, eta horrenbeste urte lotu barik, zutunik. Aurrera hori bai, larrabetzuko gaztetxea. ametsa gauzatzearren, danon artean, mutil eta neska, nagusi, gazte, heldu, ume… herriko sorkuntzaren aterpe. -
Urkoren argazkiak
Argazki erakusketa dago Hori Bai gaztetxean.
Larrabetzu 2.0 ekitaldi sortaren barruan, beste ekitaldi bat. Ez azkena.
Urko laguna da, Madrilen ikasten du, baina sareak asko elkartu gaitu. Beragaz berba asko egiten dut, bere adineko gazteekin baino gehiago agian. Sortzailea da, eta aspaldion argazki kamaragaz dabil topera.
Eta herrian bere lehen erakusketa antolatu dugu. Hori Bai gaztetxean. 25 argazki eder jarri ditu. Azken urtean berak egindakoak denak. Iazko udan hasi zen argazki kamararekin, kamara txukun bat erosi zuen, eta ikasle pisuan lapurtu zioten, apalago bat dauka orain, baina asko ikasi duenez, oraindik argazki hobeak egiten ditu berak.
Musikazalea da, irakurtzea maite duela somatzen da bere argazki iruzkinetan, eta oso oso aktiboa da. Pasa zaitez herritik, pasa Hori Baitik, eta apur batean flipatuko duzu.
Kultura ofizialean ez dira sartzen gure herriko sortzaileak. Kultura alternatiboan argazki hauek urrats bat suposatukok dute. Agian, gaztetxea galeria bat ere bilakatu dezakegulako. Denborak esango. Lehenengo erakusketa da, baina azkena ziur ezetz.
-
bart gose, gaur ase
Asteburu intentsoa izan da hau. Pettirekin hasi ginen barikuan, eta jendea pozik. Kalean, ilargipean eta eskailera batzuk anfiteatro moduan baliatuta.
Zapatuan basquecamp, 30 lagun baino gehiago eta 15 hitzalditik gora. Giro ona, eta asmo berri ugari. Asko ikasi genuen danok.
Domekan larrabetzu 2.0 ekimenen barruan GOSE Arrasateko taldearen kontzertua gaztetxean. Irudietan ikusiko duzuen lez, adin guztietako lagunak HORi BAi gaztetxean. Gose izugarri ondo.
Gero gehiago.
basquecamp, kronika Sustatu eta larrabetzu.org
Bideoak eta argazkiak, Iñigo Urkulurenak dira. -
#basquecamp bat bi eta hiru
Izen bat asmatu genuen arren, bolo bolo dabil sarean. Bilatzaileetan ikustea besterik ez dago. basquecamp.
Eta wiki batean proposamenak egiten hasi, eta hitzaldi mordo bat izango dira zapatuan Hori Bai gaztetxean. Jendea batuko da, jende interesgarria. Hitzaldiak emotera batzuk, hitzaldiak entzutera besteak. Elkar ezagutzen. Elkar agurtzen.
Teknologia berrien inguruan lanean gabiltzanak batuko gara. Erabiltzaile, garatzaile, software librean dabilen jentea, Interneteko proiektuetakoak… denetarik.
Duela urte bi, blogs&beers bat egin genuen gaztetxean, sasoi antzekoan. Orain barcamp bat. Beti dago zeoer esateko, ikasteko, erakusteko… eta holango aukerak be ez dira asko izaten. Sponsor barik, dirulaguntza barik, komite antolatzilerik ez, famosorik ere ez… baina bilkura zabala eta arrakastatsua suertatuko dala emoten du. Sarean euki duen eraginari begira, behinik behin.
basquecamp sareanZita eginda dago. Ekainak 7, zapatua. Arrastiko 18:00etatik aurrera, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Erdu zeu be!
-
larrabetzu 2.0 herritarrak+teknologia
Bi urte egin ditu sarean gure komunitate txiki honek. Eta 24 hilabeteotan gure herriko berri sarean hedatzen saiatu gara. Gure herrian gertatu direnak, azaltzen egin dugu ahalegina. Albisteak, kultur ekitaldiak, blogak, argazkiak, zenbait bideo, kirola, politika egunerokoak dira gure arteko elkarrizketetan.Herri txikien erronka moduan ikusten dugu informazioaren aroa, eta apurka apurka ikasten eta garatzen hasi garela somatzen da.
Gogotsu ekin genion, eta indarberrituta atarako gara larrabetzu 2.0 jardueren ostean.
Larrabetzu sarean bada zeozer, aurrerantzean mapetan kokatu gura dugu, eta teknologia berrien alorrean urrats berriak eman gura ditugu. Wifi kalea, blog berriak, bideo albisteak…. asmo berriak ere baditugu.
Urteurrenaren karietara hainbat asmo ditugu egunotarako:
- mendi ibilbidea. gure auzo, baserri eta tontorrak geolokalizatzeko.
- Urko Lasarteren argazki erakusketa gaztetxean
- Politika 2.0 mahaingurua
- Goseren kontzertua
- #basquecamp barcamp euskalduna
Eta asteburuari, eta aurretik datorrenari gogotsu ekingo diogu. Nortasunez, euskaldun moduan, ikasteko gogoz, eta batez ere aurrera begira.
Larrabetzu 2.0 gure egitasmoa da informazioaren aroan. Partehartzea sustatuz, teknologia berriak sozializatuz eta informazioa eskuragarri jarriz, eta gainera euskaraz.
-
#basquecamp hizpide ARGIAn
ARGIA aldizkariko Eli Pombok elkarrizketa bat egin dit asteon, bertsio digitalerako. Hari@ buletinarekin be, banatu dute gainera. #basquecamp ekimena azaldu eta datorren ekainaren 7an Larrabetzun egin asmo dugunari buruzko xehetasun batzuk eman, eta Interneteko panoramaz iritzia eman dut. Titularra deigarria egin du gero!
Patxi Gaztelumendi: “Alfabetatze digitala behar du herri honek, euskalduntze alfabetatzearen fasea amaituta”
Elisabeth Pombo, 2008-05-28
Larrabetzu.org ekimeneko partaideak lehen Barcamp euskalduna ari dira antolatzen, Interneten eta euskaraz lan egiten dutenen artean esperientziak elkartrukatzeko. Ekainaren 7an (eta agian 8an ere bai) izango da, printzipioz Larrabetzuko Gaztetxean. Barcamp bat hainbat jenderen arteko elkargunea da. Ekitaldi irekiak dira eta kolektiboki antolatzen dira. Horrek esan nahi du edukiak parte hartzaileek beraiek prestatzen dituztela.
Patxi Gaztelumendi antolatzaileetako bat da eta berak eman dizkigu lehen Barcamp euskaldunari buruzko xehetasun gehiago. Gaur egun Internet euskaldunak bizi duen egoerari buruz ere galdetu diogu:
Lehenengo euskarazko Barcamp elkargunea ari zarete antolatzen. Nondik sortu da ideia? Zergatik orain?
Ideia Interneten trukatzen ditugun mezuetatik sortu zen. Nazioartean gero eta garrantzia gehiago hartzen ari dira horrelako hitzaldi sorta parte hartzaileak. Gai konkretuei zein orokorrei buruz berba egiteko ekitaldi irekiak dira.
Euskal Herrian ere, gauza asko ditugu komentatzeko. Tresna askoren berri daukagu sarean, baina batzuetan komeni da aurrez aurre ikustea, elkartzea, gauzak gertuagotik ezagutzea, eztabaidatzea, eta elkarrekin lanean jarraitzeko indarrak biltzea.
Eta orain, Interneten beti da orain. Gaur bizi dugu sarea. On line eta orain, sinonimoak dira. Atzo memoria da, eta biharkoa gaur asmatzen ari gara.
Izan al zarete inoiz Barcamp batean? Nolakoak izaten dira eta zertarako egiten dira? Interneti soilik lotuak daude?
Hemendik gertu ez da oraindik horrelakorik antolatu. Baina barcamp.org gunean, noiz eta nola antolatzen ari diren ikusten ari gara. Zuzenean. Eta gaiak, oro har teknologia berrien gainekoak dira. Baina Parisen aurki bookcamp antolatuko dute, liburugintzaren erronkak aztertzeko. Mota askotako Barcamp-ak daude une honetan antolaketa fasean.
Egitarau zehatzik finkatuko da edo inprobisaziorako gunea izango da?
Basquecamp hau antolatzen hasi, sarean iragarri, eta jendeak gaiak eta hitzaldiak proposatu ditu, wiki batean. Orain guztiari orden bat ematen saiatuko gara, jendearen iritzia kontuan edukiz. Eta egunean bertan, hitzalditxo sorta hau guztia denon artean erabakiko dugu. Bukatzeko presarik gabe ibiliko garenez, laburrak izan arren, sakontzeko aukera egongo da. Jendeak ere, zaletasunaren arabera, gauza batzuetan gehiago sakondu gura izango du, beharbada .
Euskaraz eta Interneten lanean gero eta gehiago garela diozue, zer iritzi duzu euskarazko Interneteko panoramaz? Zer azpimarratuko zenuke?
Baikorrak gara bizi dugunarekin.
- Komunitate aktiboa du euskarazko sareak. Sare bat da. Sare anitza, deszentralizatua. Gauzak egin egiten dira, sortu, garatu. Baina oraindik komunitate hori sendotu beharra dago. Euskaldunak bagarela konturatu, eta euskaldun moduan Internet sarean jarduteko.
- Tresnak ere behar ditugu, eta software librearekin asko aurreratu dugun arren, horren sozializazioan ahalegin handiago egin beharko dugu.
- Edukiei dagokionez, sarean biderkatu egin dira azken bolada honetan sortutakoak. Wikipedia, blogak, udal webgune ofizialak, ohiko komunikabideen bertsio digitalak…. asko sortzen ari dira. Eta bide horretan jarraitu beharko dugu. Sortzen eta hedatzen.
Zer botatzen duzue faltan? Zer egin beharko genuke oraindik egin ez dugunik?
.eus domeinua eskuratzeak adibidez, ikusgarritasuna emango lioke gurea bezalako komunitate digitalari. Hizkuntza bizia da gurea, eta Katalunian bezala, horrek egoera guztia indartuko luke. Bultzada handia litzateke honetan ari garenontzat.
Software askearen sozializazioa lortu behar dugu, eta euskararentzat tresnarik eraginkorrena dela ulertarazi behar diegu aginte apurra duten guztiei. Irakasleei, ikastetxeetako arduradunei, elkarteetako liberatuei, formazioarekin kezka dutenei, agintariei, enpresa buruei…. guztiei. Alfabetatze digitala behar du herri honek, euskalduntze alfabetatzearen fasea amaituta. Alfabetatzea 2.0
-
Akordatzen, memoria historiko digitala
Info7 irratiko tartean gogoeta bat egin gura izan dut. Egunotan etxean Martxoak 31 taldearen DVDa ikusten ibili gara, Durangoko talde eder hori oroituz. Zapatuan apirilak 26, Gernikako bonbardaketa izango genuen gogoan euskaldun askok, eta bertan Kandido Saseta omendu zuten, faxistek bera hil eta urte askotara non lurperatuta zeukaten ere jakin ez dugulako. Asteburu honetan berriz, Bizkargi eguna ospatuko dugu. Toki esanguratsua da Bizkargi inguruko herrietako abertzaleontzat, gerra zibilean gogor borrokatu ziren euskal gudariak bertan, berreskuratu eta galdu egin zuten gailurra. Eta urtero maiatzarekin gogoratzen dugu tontorrean egun hori.Info 7 irratiko saioa:
[audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/04/20080429_863.mp3]
Akordatzen liburua hartu dut eskuetan aspaldiko partez. Di da batean irakurri nuen, aspaldi, baina gogoan nuen Joseba Sarrionandiak Durango eta gerra zibila aitatzen zituela. Eskuan hartuta egin dut irrati kronikatxo hori.
Soinua telefonikoa izanik, Urruña-Larrabetzu konexioa ez da munduko onena, ezta hurrik ere! -
gora gtg eta beste asko
Badira zenbait egun, Gu ta gutarrak taldea gurean egon zela. Gaztetxean. Jende mordoa ikusten. Gozatzen. Bertsolaritzaren bide berrietan Unai Elortza eta Igor Iturriagak zeresan asko daukate, zer kantatu gehiago. Disko polita plazaratu zuten iaz, eta urte borobila egin dute eskenatokietatik zehar. Urte hauetan -Korrika kulturaleko proiektu izan ziren, besteak beste- gaztetxe oso gutxitan egon direla aitortuta, pasadan barikuko saioa berezia izango zen beraientzat ere. Bertso plaza bihurtuta genuen aspaldian gaztetxea, baina Gu ta gutarrak bezalakoak ikusteko be, aproposa.
Saioko argazkiak, grabazioak, bideoak sarean daude. gtg blogean bezala, larrabetzu.org gunean ere. Aukera asko eskaintzen dizkigu kulturzaleoi Internetek. Bideoak, audioak, argazkiak, testuak… oso modu errezean jarri ditzakegu sarean, eta herritarrekin, zaletuekin konpartituz. Eta iritziak emon, loturak trukatu, harremana sendotu. Eta gozatu. Saioaz beste behin gozatu. Bapatekoa dena, iraunkortuz. Bertsoak landu, zaletasuna zabaldu.
Niri gtg fenomenoak ematen dit zer pentsatua. Eta iragan martitzenean, halan egin nuen Info7 irratirako asteroko tartean.
gtg info7 irratian:
[audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/04/20080415_763.mp3]