larrabetzutik

Larrabetzutik Euskal Herrira

  • larrabetzutik

    Kukua entzun ostean

    Domekako eguraldiaz berba egitea baino, egunaren probetxuaz aritzeko parada eman dit ibilian ibilian ikusitakoak.
    Larrabetzuko plazan geunela, kanpai torretik hamarrak zirela, eta oinez ekin genion. Herriko paraje gertu baina aldapatsu batera joatea zen kontua. Leginagoiko baserrira. Legina auzoa zen lekura.

    Uritik urten, eta Iturrikoetxetik Olarretara. Olarretatik Bersoara. Orain landak eta nekazal eremuak direnak, auskalo zer izango diren datozen urteotan. PNV-k onartutako arauek, etxeak zementua eraikuntza eta negozioa ezarri gura dute parajeotan eta.

    Bersoatik, errepide nagusia gurutzatu eta Leginan gora egin gendun. Gora, baina gora. Aldatz handia dago Leginagoikora. Eta txarrago dena, aldapan gora zoazela, atzetik datozen mercedes, bemeuve, portxe 4×4 eta abarrak. Aberatsak golf zelaietara.

    Zertan bihurtu da azken urteotan gure herria? Golfa Larrabetzun, itaungo duzue agian. Ba bai, neu be harrituta, gure kaleetatik, gure etxe ondotik ikusten ez den errealitatea genuen han, aldapan gora. Eskuindarrak bidean gora, beraien milioi askotako autoetan, abiadura errespetubakoan ganera.

    Heldu ginen Legina auzora. Zelan utzi duten! Eta handik Leginagoikora. Jatetxe berria ireki dute baserri zaharra zen orubean. Pareko labean taberna. Ikuspegi handia. Ikuspegi ederra. Txorierriko herriak, Larrabetzu ia osoa, inguruko mendiak: Gaztelumenditik Bizkargira parez pare. Oiz mendia ezkerrerago. Eta ezkerretik hasita.. Anbotorainoko bista luzea. Gertuago A8 autopista. Erletxetako poligonoak. Progresoa.
    Ondoan, kotxez igotako aberatsak pilota txiki batzuk landa batetik bestera botatzen. Goiz pasa. Ezkontzetara ere eramango ez genukeen erropekin jantzita.

    Atzera be, Leginatik behera eta urira heldu ostean, Goikoelezaldera. Giro ona kalean, giro atsegina bidean. Oinez gelditu barik aritzeko gogoa.
    Urira bueltatu, presoen aldeko kontzentrazioa, poteoa… berbetan lagunekin, eta bazkaltzera joateko ordua.

    Baserrira joan, kanpoan eguzkipean bazkaldu, eta giro ezinhobea. Ernari dagoen astoa ikusi, ahuntz eta ardiak, bildotsak eta ahuntzkumea. Kolore ugari loreek, zaldiak urrunean batetik bestera lotu barik. Giro ederra Gaztelumendiko landa, solo, baserringuru eta bazterretan. Eguzki giro udaberrikoan. Arbolak loran, eta bedarra berde berde.

    Iluntzeraino bertan. Iluntzerainoko giro epela, gozoa, atsegina aprobetxatzen. Domeka lasai eta gustuko bat. Eguneroko zurrunbiloari ekiteko indarra hartzen.

    Baina ez nau domekako jardunak beste barik kezkatzen. Goizean goiz pentsatu nuen, eguna ezberdina izango zela. Oinez hasi eta gitxira, kukua entzun genuelako bidean. Lehenengoz aurten. Eta egunak ezberdin behar zuela pentsatu nuen. Dena ezberdin ikusten hasia nintzelako. Eta kukuaren oihartzuna dabilkit oraindik, oharkabean. Eta kukuaz idatzi baino, egunaren kronika kostunbrista bat egin dudala iruditzen zait, ia ia.

    Baina berba bakoitza, gogoeta bakoitza kukuaren eragina da, izatekotan.

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Race to save basque language

    Running ari gara, rainning ari da oraindik. Euria ari du gure lasterketaldi honetan.
    nowpublic kazetaritza 2.0 baino + Vancouverretik idatzi digu Kaitlin delako batek. E-kazetaria da, kazetari hiritarra nowpublic (crowd powered media) webgunean. Gune interesgarria iruditu zait, eta hara begira egoteko asmoa daukat, tarte batez.
    Race to save basque language idatzi du. Argazkiak eskatu ditu, eta argazkiak jartzen jarraitu dugu guk. Flickr bidez korrika etiketari erreparatu dio, eta sarea osatu du, tartean idatzi gaitu guri ere. Eta guk erantzun. Eta jaramon egin. Eta gure argazkiak sarean eskuragarriago jarri ditugu guztiok.
    Euskal Herriaren barri zelan emon asmatu beharko dugu orain, Korrika bera be, amaitu egingo dalako. Baina gure lasterketak iraungo du. Gure herriarenak. Musika edo kulturarena.

    Izango dugu munduari zer konta. Zer erakutsi.

    Larrabetzutik mundura

    Larrabetzu.org gure herriko gunean hori da gaur albiste, pozik hartu dugu. Pozik begiratzen diogu munduari, gurea erakutsi dezakegunean. Gure argazkiak munduan oihartzuna izan dutela ikusteak piztu egin gaitu. Belen Ganaren omenaldiaren berri, nahiz eta goizaldean izan, nahiz eta euripean burutu… nazioarteko albiste bihurtu dugu gure txikian. Eta poztu egin gara. Komunitate txikia gara, herri txiki batean. Baina gogor eta gogoz ari gara tresna berrienekin. Ez da garesti, gogoa eduki ezkero. Etxeko tresnekin ari gara, labadora eta sukaldea baino merkeagoak direnak. Kamara txikiak, konexio normalak eta ordenadore arruntak ditugu. Baina luze ari gara, gurea kanpoan erakusteko.

    Erantzun digute Madriletik, ikusiko gaitu David Bieterrek Renotik, edo Bruselatik Gorkak edo Mexikotik iheslariren batek. Bitartean, euria ari du eta kalean ez da giro. Korrikak jarraitzen du.

    Ohartu barik ia ia, Nowpublic horretan, albiste popularrena bilakatu da Korrikarena. Euskaldunak klik eta klik arituko garelako ziurrenik, baina ez da albiste txarra hori ere, gutxienez.

    Bitartean, guk running edo playing.. edozer behar dugu doing to save the basque language, to save the basque culture, edo to know our country, Basque Country (Euskal Herria).

  • larrabetzutik,  teknologia berriak

    larrabetzu.org irudimena+garapena

    feevy.comApurka apurka ari gara gure herri komunitatea osatzen. Herri txikia da, bai, baina ez gara geldi, lotuta, egotekoak. Teknologia berrien arloan be gauzak egiteko gogoa badago gurean. Blogakaz hasi gintzezan, eta horretan jarraituten dogu.

    larrabetzu.org komunitate txiki bat da. Herri mailako informazioa lantzea du helburu. Euskaraz eta grassroot journalism bat egin gurean, auzokideen komunikazioa zeozelan esateko.

    irudimena+garapena

    Eta gurean, irc bidez edo gtalk bidez i+g batzordea martxan jarri dugu. Ditugun lagun hacker eta informatikariak lanean, auzolanean jarri ohi ditugu.

    larrabetzu.org herri mailako komunitatea dala esan dugu arestian, eta orain atari nagusian, herriko blogetako informazioa batu dugu. Horretarako feevy 2.0 tresna erabili dugu. RSSak baliatu eta eskumako zutabe horretan ageri zaizkigu orain albisteak. Klikagarri.

    globala eta lokala

    Egia esan, zabaldu.com-eko albisteak batetik (globala) eta herriko blogetakoak (lokala) bestetik 53R61, kukubel 2.0, Hori Bai gaztetxea eta gaztelumendi.org batu ditugu froga moduan. Internet (globala) eta herri kontuak (lokala) uztartzen saiatzen gara. Gainera denak batean biltzea ere bada helburua.

    feevy

    Eskerrik asko teketen-i ere, aholkuak, azalpenak eta laguntzagatik.

  • larrabetzutik

    Hiru lagun gogoan

    Urtea joan da. Gaur, orain.

    Domeka, ihauterietakoa. Frontoiko partiden ostean, Morgara bidean. Han geratu ziren. Gorka, Iñaki eta Alain. Hiru mutiko, gure herrikoak.

    Domeka zen, eta ihauterietako opor txikiak herrian. Institutuko lagunak, herriko gazteak… denak kalean. Kaletik.

    Urtea joan da, eta hiru hutsune nabarmen ditugu herrian. Sarri akordatzen gara. Nik neuk gurasoak ikusten ditudanean sentitzen dut -oraindik- korapiloa eztarrian. Enkarni edo Iñakigaz berbetan, Anjelekin kalean gurutzatu eta beti broma bat egiteko prest agertzen denean, Largogaz elkartu eta kafea hartu edo berbetan hasten garenean. Beraien anaiak ikusten ditugunean, lagunak elkartzen direnean… orduko akorduak, irudiak, kezkak…

    Urtebete joan da. Errazagoa al da berba egitea? Orduko mina, amorrua ez da joan. Baina aurrera egin du Larrabetzuk. Gogoan ditugu, oso. Baina aurrera egin behar da. Erraza da esaten. Baina egunerokoan, beraien senide eta lagun hurbilekoenek eman diguten lezioak, zer pentsatua ematen du. Oihanek, Eritzek, pelota eskolako lagun guztiek… flipatzekoa.

    Urteurren omenaldia

    Meza zegoen domekan. Ez neukan joateko batere gogorik. Elizako berbek ez dute deus laguntzen. Eskuma eta ezkerra han batu zen ordea, barruan eta kanpoan.

    Askoz txukunagoa eta aproposagoa iruditu zitzaidan lagunen omenaldia. Frontoia bete jende. Leporaino. Eta 30 lagun han, kiroletako erroparekin, gorriz, urdinez, zuriz. Mutil eta neska. Kantu batzuk -hunkigarriak benetan, Amaren bularra eta Haizea-, esku pilotan gero hiru bikote, hiru hirukote futbolean, eta herri kiroletan, eta honetan eta hartan… beraiek hirurak bezala. Futbolean, herri kiroletan, frontoian, kalean, herrian… aritzen ziren hirurak. Herri txiki batean denak gara lagun, denak ezagun… eta hori nabarmendu zen batez ere domeka eguerdian. Frontoian.

    Kirolen ostean, kantua txirulaz, eta hiru bertso… eta hiru dantzari beraien omenez. Txalo zaparrada eta barruari eusten. Aupa aupa aupa. Gero arte.

  • larrabetzutik,  teknologia berriak

    Blog barriak larrabetzu.org komunitatean

    Abenduan hasi ziren bere lehenengo frogak egiten. 2007ko nobedade dira, duda barik. Beste bi blog barri daude martxan larrabetzu.org komunitatean.

    Hori Bai Larrabetzuko gaztetxeak martxan jarri du berea. Bertatik gabonetako kultur ekitaldiekin hasi eta gaztetxeko dinamika erakusteko leiho bat gehiago izango da. Kalean duten presentzia, Interneten ere izateko. Bizi bizi dago gaztetxea, eta blogean ere nabarituko da hori.

    Otzara izeneko bloga sortu du Gorkak. Euskaraz eta gaztelaniaz, bere iritziak botako ditu aurrerantzean, batzen duena erakutsiz. Perretxikotan ibiliko balitz moduan. Orain arte erakutsi duenez, luma zorrotza eta oso kritiko ageri da herriko errealitateari buruz. Ikusteko dago, ze martxa hartzen duen blogak.

    Bitartean, 53R61-k bere wii berriarekin jolasten dihardu, Kukubel saiorik saio ari da, Literatura Eskolakoak liburu artean galduta…

    Larrabetzu.org oraindik, komunitate txikia da. Baina apurka apurka teknologia berriak, herrietako informazioa, norberaren iritziak eta argazkiak eta bideoak plazaratzeko aukerarekin…. gauza asko egin daitezke, nahiz eta herri txikia izan gurea. Bizirik dagoen seinale.

  • larrabetzutik

    Zorionak Xabi

    Zapatuako itzela izan zen.
    larrabetzu.org zerbitzarian bertso saio osoa jarri dugu entzungai, Euskaldunan mp3 grabagailu batekin 53R61-k grabatu ostean.
    Bitartean, Xabi Payari zorionak ematea.
    Larrabetzuarrak kontentu, Etxahun bigarren geratuta. Afari ona Deustun eta batzuk sekulako gaupasa. Hori da sasoia hori!

    Etxahun Lekue eta Xabi Paya
    argazkia: bertsoa.com

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Gazteen iritzia manipulatzen

    Harritu egingo zen gaur gure herriko alkatea, kalean -egon bada- gazteek jarri dituzten afitxak irakurritakoan. Izan be, badira hilabete batzuk herriko gazteei telefonoz -eta gaztelaniaz- balizko Gazteleku bati buruzko galdetegi/inkesta bat egin zitzaiela.

    Hori Bai gaztetxekoak sutan jarri ziren. Inkesta gazteleraz, inkesta gehienak bezala manipulaziorako tarte uzten zuena, eta kanpaina bat abiatu zuten. ¿Quieres un Gazteleku? …ala gurago dozu Hori Bai?

    Baina gaurkoa itzela izan da. Larrabetzuko udalak oraindik publikatu ez dituen ondorioak -gaztelaniaz hauek be- argitara eman dituzte gaztetxekoek. Ikerkuntza sailak lagunduta, alkatearen asmoak nabarmendu dituzte, gazteen iritzia zelan manipulatu den agerian utzita.

    Udalak kontratatutako enpresa baten ondorioen berri izan dute gure herriko gazteek, eta herritar guztien esku jarri dute… atoan gainera, udalak berak baino lehen. Alkatea agerian geratu da, beste behin.

    LOS JÓVENES SE SIENTEN BIEN EN LARRABETZU

    La juventud de Larrabetzu valora especialmente la tranquilidad del pueblo y
    las relaciones con el resto de vecinos. El 75 % de los jóvenes se sienten
    satisfechos o muy satisfechos con su situación personal en Larrabetzu; Sólo
    el 13 % considera seriamente la posibilidad de irse a vivir a otros
    municipios. El 36 % de ellos esgrime como principal motivo que la localidad
    está mal comunicada . Esto es debido a que gran parte de sus actividades de
    ocio las desarrollan en otras localidades; Por eso, para los jóvenes de
    Larrabetzu es muy importante contar con un buen transporte público,
    especialmente los fines de semana.

    En este sentido , los jóvenes perciben que los servicios y recursos que
    Larrabetzu destina para ellos son insuficientes . De hecho, el 39 % no se
    encuentra satisfecho con las alternativas de ocio y cultura que ofrece su
    municipio.

    No es de extrañar , por tanto, que la juventud acoja satisfactoriamente la
    propuesta de un Gazteleku lanzada por el ayuntamiento. El 69% valora
    positivamente la idea y sólo un 21 % contempla este proyecto de forma
    negativa. El 89% de los jóvenes entrevistados apuestan por una participación
    activa en el modelo de gestión del Gazteleku, conjuntamente con el
    ayuntamiento en labores de apoyo, supervisión y organización de actividades.

    Claro está, las conclusiones de este estudio constituyen una ayuda
    fundamental para que el ayuntamiento pueda diseñar adecuadamente (según las
    necesidades e intereses de todos nuestros jóvenes) las instalaciones,
    servicios y actividades a poner en marcha en el nuevo Gazteleku.

    El estudio ha contemplado la realización de una serie de entrevistas
    personales, dinámicas de grupo y entrevistas telefónicas (a 207 vecinos)
    dentro del total de 270 jóvenes de entre 15-19 años residentes en la
    localidad.

    La encuesta ha arrojado otros datos interesantes; Así, sólo el 4 % de los
    jóvenes de Larrabetzu se encuentra en paro. Un 22 % de la juventud local ya
    no vive con sus padres, elevándose esta cifra a la mitad en la franja de
    edad de entre 25 y 29 años. La preocupación principal para los menores de 25
    años es el empleo . A partir de esa edad, a los jóvenes de Larrabetzu les
    preocupa la vivienda.

  • larrabetzutik

    Zahartium

    Herrian, Gure etxea izena du jubilatuenak. Denok daukagu hortik inoiz pasatzeko asmoa edo gogoa. Orain baina, herriko tabernarik heterogeneoena da. Goiko partean jubilatuak, hirugarren adinekoak. Behean; tabernan, frontoiaren ondoan gazteak. Bi belaunaldiek bat egiten dute herriko eraikinik modernoenean. Museoa da, esperientzien museo. Zahartium.

    Bideoan hobeto ikusiko duzue, kanpotik bezala barrutik ere. Hirugarren adinekoentzat arte modernoa.

    Urkulu bideo ekoizpenak

  • larrabetzutik

    Herriko produktuen azoka

    Urtero itzelezko arrakasta izaten duen azoka da gaurkoa. Larrabetzuko baserrietan urte guztian zehar ekoizten dena egun batez plazan ikusgai eta salgai. Oraindik baserri askotako solo eta kortetan bizitasuna dago. Gainera ekoizle ekologiko berriak daudenez, txakolindegi berriak, pastel eta ogiak… denatarik dastatu eta aukeratzeko parada daukagu.

    Arratsaldean bi lagunen aizkora desafioa, eta dagoeneko gero eta arrakastatsuagoa den bertso poteoa. Aurtengoa ere ez da makala izango. Gonbidatuta zaudete, garaiz… txakolina neure kontu.

  • agit/prop,  larrabetzutik

    EZpanitatearen eguna

    Arraza, Hispanitatea, Guardia Zibila…. ankerrak oro ospatzen direnak. Beldurra ematen duten ospakizunak. Beldurra, izua eragin duten kontzeptuak.

    Urriaren 12an Amerika ezagutu zutenen alde. Urriaren 12an, Hispanitatea ospatzen. Guardia Zibilak kaleetan desfilatzen, kantinetan mozkortzen…

    Eta bien bitartean, gure herria -beste asko lez- kartelez josita esnatu da gaur ere: Ez dugu ezer ospatzeko jarri dute bart, gaur institutora joan diren gazteek. Eta joan egin dira, inposatutako jaiari muzin egin, eta 9:30etan ireki dute institutoa. Filmea lehen orduan, hitzaldiak gero, mendi irteera bat Gaztelumendira, manifestazio bat Lezaman… egun mugitua izango dute gaur gazteenek.

    Euskal Herriak Intsumisioa!

    Eta adorez, eta inbidiaz, ikusten ditut gazteagoak. Intsumisio jarrerak hartu dituzte aintzat, eta ospakizun arrotzen aurrean, lanera joan dira. Gainontzeko egunetan baino gogotsuago apika, beraien gaurko ikasgaiak beraiek antolatu eta prestatu dituztelako. Eta harro egongo dira, hispanitateari muzin eginez. Pozik curriculum propio baten bidean, gure herriko historia ezagutu eta menpekotasun kateak hausteaz.

    Gu egiteko gai izan ez ginena, egiten ari dira orain gazteagoak. Eta pasibitatea, eta indibidualismoa… aipatuko ditugu sarri. Baina orain, guri exenplua ematen ari dira. Orduotan, beraien ikasteetxeetara joan diren milaka gazte hoiek. Eta guk batailak kontatuko dizkiegu: 68koak, 80. hamarkadakoak, 90.enekoak… hau eta beste. Baina hauek, gu baino gazteagoek, mende berria modu berrian hasi dute. Intsumisioa ez da soldaduzkatik libratzeko aitzakia soilik, intsumisioa… bizitzan mantendu daitekeen jarrera delako.

    Postdata:
    Atzo, kafe orduan istorio polita entzun nuen, han, Mororen tabernan. Kontalariak zioen, urriaren 12an pobreen eguna zela. Eta denok zur eta lur begiratu genion. -Pobreena? Zer ba?

    Kontatu zigun zelan, aspaldi, Larrabetzura etorritako andaluz batek, Moyak, kontatzen zuen egun handia zela urriaren 12a diru beharra zutenentzat. Izan be, guardia zibilak ospakizunetan eta mozkorkerian zeudela profitatuta, lapurreta onak egiten bide zituzten urriaren 12a ospatzen zen aldiro. Pobreenen eguna. Beinke.