• agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Hunkituta 47ak -azkenean bai- Herrian

    Astelehena.
    Lagun gehiegi Madrilen.
    Bart ohea hutsik utzi dute, eta ohe huts gehiago ez ditu behar herri honek.
    Baina han, Madrilen, epaiketa hasi eta 27 minutura, akordioa erdietsi dutela adierazi dute beraiek. 47ak Herrian izateko bidean, adostasuna, heldutasuna eta konfidantza.
    Bakea, etorkizuna eta giza eskubideak oinarri hartuta arduratsu jokatu dute, eta sekulako indarra emango zien bi abokatuk “marroia” jateko prestutasuna agertu dutenean. Biba zuek!

    Nik Aezkoatik jarraitu dut guztia. Irati irratiko estudiotik. Eneko auzipetuetako bat da, eta bere ordez ari naiz esatari lanetan Pirinioko irrati honetan. Berarekin whatsapp bidez ari nintzen, eta halako baten bota dit -akordioa dago, amaitu dugu.

    Zur eta lur ni, baina pozik.

    Irratsaio ezberdina egin dugu, baina albiste handi batekin hasi dugu saioa. Zuzeneko elkarrizketa Madriletik. Protagonistaren lekukotza eta analisia. Gazigozoa den egoera deskribatu du Enekok gizatasun izugarriarekin eta Aezkoan eta Euskal Herrian orohar jaso duten babesa eta elkartasuna goraipatu ditu. Txapela kentzekoa!

    Jarrera arduratsua erakutsi dute 47 auziperatuek. Bihoakie nire eskerrik beroena, begirune guztia Jon Enparantza eta Arantza Zulueta abokatuei.

    Egunak flash izugarri asko eman ditu, eta txio kate honetan batu ditut.

  • ikusi eta ikasi

    Zorionak Rainy Stanford

    Kaixo, I was wondering if someone could help me… I listen to the podcast on iTunes for irratia.com because I’m learning, but I don’t understand enough to know who sings this song!!! In the 2/11 podcast there’s a really good song that starts after about 20 minutes, it’s a guy singing with a guitar. I’m sorry for posting in English but I can’t ask in Basque! :[

    Horrela ezagutu genuen Rainy Stanford. Mezu hori utzi zuen irratia.com sarean (facebook, dagoeneko 170 lagun). Gure podcasta entzuna zuela, azken saioa Itunesetik jeitsita. Eta kantua gogoko. Zein ote zen kantaria? Zein kantua…

    Nik ere, otsailaren 11an egindako saioa entzuteari ekin nion. Bezperako saioa. Eta erdialdera entzuten zen Proposamena kantua, Txuma Murugarren kantariarena, Ibon gure dj eta teknikariak maisuki hautatua. Eta kantua, eta programa entzun ostean bilatu nuen facebooken Rainy.  Irratia.com sarean dago, baina ez zegoen nire lagun/ezagunen artean.

    rainy standford

    Hasteko bere lagun egin, berak onartu. Eta gero beragaz hizketan hasi. Berak ez omen daki euskaraz, nik ere ingelesez… ozta ozta. Lotsa gutxirekin aurkeztu nintzaion eta irratia.com egiten dutenetarik bat naizela esan. Eta hau eta beste. Eta ea kantua hau ote zen, eta berak baietz, hori dela kantua. Polita berarentzat, atsegina. Eta nik Txuma nor den, zelan berak be saio bat -Musibla- egiten duen gure irrati berean, hau eta beste.

    Bostongoa da Rainy. Eta gaur urtebetetze eguna du, facebook bidez jakin dut hori. Nire urtebetetze egunean ezagutu genuen elkar. Eta bera zoriondu nahi dut. Munduko beste alde horretan ere, baditugulako entzuleak, euskara ikasi gura luketenak, irratia eta musika maite dutenak… eta sarea hedatzen doanez… lagun ere badirenak. Zorionak Rainy!

  • 18/98+

    Urte gorri on


    Maiatzaren lehenean, kokakola lata bat… kantatzen dugu Moraurekin. Eta gabonak datoz orain, jatordu ikaragarri luzeak, familiakoen bilkurak, opariak, Olentzero, herriko argi garestiak, erropa berriak, gertukoak urruti, haiek gogoan, hotza kalean, gaztaina gozoak… ez da erraza guzti hau Kontraesanen Errepublikako biztanleontzat.

    Munduko hiritar izan nahi zenuke halakoetan. Marxekin mozkortu, Leninen ardotik edan, eta ostean Castroren bizarrak laztanduz munduari itzulia eman. Maogaz dantzan egin, eta Trosky eta Stalin gay mugimenduan erroldatu direla ikusi, zelan ateratzen diren armariotik biak.

    Gau gorriak egunsentirik ez. Mozkorraldi sasoi be badira gabon egun hauek, bertsotarako, zinemarako, parrandarako, kalerako. Aspaldi ikusi ez dituzunak barriro ikusi, askotan agurtu be bai… eta hurrengorarte.

    Gabonak heldu dira Euskal Herrira. Ospatuko ez dituzten gero eta auzokide gehiago heltzen ari da gurera, eta galdetuko dute zertan ari garen gu, kristau ateook.

    Urtea amaitu da, eta barria dator. Beste negu luze bat, eta oraingoan etxean jokatzen dugu.

    Osasuna danontzat. Askatasuna irabazten duenarentzat. Eta goraintziak munduko Martin Larralde guztioi. Biba zuek!

    Gora Internazional kontsumista!