• agit/prop,  literatura,  teknologia berriak

    Liburuaren eguna

    Kantu berri bat entzunez hasi dut eguna -besteak beste- disko denden karietara Berri Txarrak taldeak plazaratutako singlea.
    Eta Frantziako hauteskundeei buruz, eta Melenchon fenomenoari buruz jarraitzeari ekin diot, bart irakurri nituen PP eta Marhuendarenak… ia gogaitu arte espainolen ustelkeri, trama eta drama guztietaz.
    Eta gaur liburuaren eguna da. Eta orduan, bideoak ikusi eta sarean idazteari ekin diot. Oharkabean.

    Eta irakurri, noiz?

    Susan egin genuen kanpaina honetaz oroitu naiz. Ez dizu onik egingo. Debekuak gogoan. Tabakoarena bezalako kanpaina bat asmatu gura izan genuen Zarautzen egin genuen bilkura hartan. EZPOT batzuk egitea planteatu genuen. Kontrapublizity apur bat. Eta bideoak sarean zabalduz, Emailuetan eskaini. Ikaragarri ondo pasa genuen, literatura eta ikusentzunezkoak uztartuz. Gure promozio kanpaina eginez, lagun artean.

    Duela 11 urte gaztelumendi blog honetan argitaratutako post bat: Ez dizu onik egingo


    Bai, duela duela 11 urte aritu ginen horretan. Eta denbora aurrera doa. Sarean. Interneten. Liburu argitalpenean. Irakurketan. Eta jarraitzen dugu oraindik bide horretan. Beharko.

    bakarrik egoteko modu berri bat ote?

    Bideoak ikusi, sarean idatzi, musika entzun, kalean ibili eta liburua hartuko dut eskuartean. Orain. Irakurtzeko.

    irakurtzea izan ere, bakarrik egoteko modu bat ere bada. mila esker Berri Txarrak.

  • ikusi eta ikasi

    Euskaraz deskojonatzen garenean

    Ez dok hiru, bikote bat da. Bikoteatroa egiten dute. Antzerkia biren artean, eta kolektibo bat dira, pareja baino gehiago.
    Eta aspaldian euskararekin, hizkuntzarekin barre egitea dute helburu. Ez dira hizkuntzaz trufaka ari, baina egingo balute ere…. ziur asmatuko luketela.
    Ez dok hiru
    Asko dira, gero eta gehiago, euskararen kultura horretan, barrea terapeutikoa dela pentsatzen dutenak…. baina zoritxarrez gehiago dira euskara gauza sakrusantu, aspergarri, mezaosteko eta eremu pribatuko -txakurrari, umeei, manifetako slogan bezala…- baliatzen dutenak.
    Burura etortzen zaizkit, Kike Amonarrizen saio guztiak eta bakoitza -txisteak, telebista programak, bestelakok ahaleginak-, Asisko Urmenetaren marrazki eta showak, Tipul eta Putil antzerkilariak, irratietako esatari batzuk, Napartheid komikia, adin guztietako hainbat bertsolari, euskaltzain martxosoren bat, Porrotx bera… eta Ez dok Hiru bikoteatroa.
    Mikel Martinez eta Patxo Telleriak, gu deskojonatzea dute helburu. Eta uste dut, lortzen dutela.

    Abizenak eta gure politika integrala

    200 abizen euskaldun

    Zenbatu dituzu? Youtubeko bideoan, 200 abizen euskaldun direla diote…. nik kontua galdu dut, barrezka hasi naizenetik…. ez dakit jada zertaz ari diren…

    Ikusten duzuenez, ikusi daitekenez euskarazko gag edo sketxak ere baditugu sarean. Youtuben badago euskarazko antzerkia eta umorea…. orain ikustea, komentatzea eta zabaltzea falta zaigu, eta barre gehiago egitea.

  • ikusi eta ikasi,  musika

    we are standard – on the floor

    Aspaldian asko entzuten eta jarraitzen dudan taldea da WAS. Erakargarriak egin zaizkit hasieratik, eta zuzenean ikusteko aukera izan dudanean, ikusi eta damurik ez.
    Geroztik gehiago jarraitzen ditut, facebook bidez dakit beraien berri. Beraien kontzertuak, jendearen iritzia, hurrengo boloak… nondik nora dabiltzan. Egia esan, egun ezenan dagoen talde interesgarrienetakoa da gurean.
    Getxokoak dira, Deu Txakartegi baxujole eta abeslariak nortasun handia erakusten du taula gainean, eta tipo oso atsegina ematen du. Holako egunen batean elkarrizketa bat egingo diot, blog honetarako.

    Parquedeatraccionesen grabatutako bideo hauxe horren lekuko. Lekua ezagutu duzuenok, izango duzue punttu nostalgiko bat agian. Ze ondo pasatzen genuen txikitan, bertara egun osorako joaten ginenean. Orain San Mames, Gugemheim, Euskalduna eta holangoak dira prioritatea.. baina lehen adin guztietakoak erakartzeko leku eder hori zegoen SantaMarinan. Bilbotik, Galdakaotik eta edonondik gertu.

    We are Standard talde oso interesgarria. Azken diskoak gomendagarriak. Erremixekin kaleratu dutena gainera, oso oso dantzagarria. Autoan jartzeak bildurra eta guzti ematen dit, jakin dezazuen.
    Laister Tolosan izango dira, Bonberenean. Etzazuela aukera galdu.

  • musika

    Mugimendua adierazten duen musika

    Pantaila musika ikusteko erabiltzen dut. Talde berriak deskubritu, webguneetatik surf eginez gustuko ditudan taldeen loturak eginez. Kalitateari baino jarrerari egiten diot so, eta sarea musikagune itzela iruditzen zait. Berdin dit facebook edo blogak, google bilatzailearen emaitzak edo nazioarteko wikipedietako azalpenak.

    Mugimendua adierazten duten doinuak atsegin ditut. Gero eta gehiago. Rocka ez da sekula amaituko. Nahastuko da, birsortuko da. Bere horretan iraungo du. Kitarra baxua bateria eta ahotsa aski dira gu mugitzeko. Mugiarazteko.

    Musika elektronikoa, baxua, konputagailuek sortutako doinuak.. hoiek ere asko atsegin ditut. Loopak mugiarazten dituzte mundu osoko gorputzak orain. Perkusioaren erritmoak dantzarazten du mundu erdia. Eta beste erdiak begira jarraitzen du, ertzetik, mugitu guran, baina mugitu ezinik.

    Euskal Herrian ere, talde asko eta onak dauzkagu. Zorteko gara, horrenbeste jaialdi, horrenbeste areto eta horrenbeste emanaldi antolatzea lortu dugulako. Bilbon kontzertu apurrak izatetik, azken hamarkada honetan egunero eskaintza oparoa izatera igaro gara. Anoetako belodromoa ez ezik, areto garrantzitsu nazioartekoak ditu orain Euskal Herriak. Eta hori ona da musikazalearentzat.

    Aste berean ikusi dezakegu Asian Dub Foundation Miarritzen, Ruper Ordorika Bilbon edo Alproja herriko gaztetxean. Eta hori demasa da, musika maite duenarentzat. Horrek gogoeta merezi du, eta begirunea, eta eszena lokalaren alde lanean ari denari aupada.

    Movement kantua hautatu dut gaur, LCD sound system taldearena. Gustuko dudan taldea da, Internetetik ezagutzen ditut… eta gurera etorriaz, lotura egingo nuke DLRN delorean– edo Standardwe are standard– taldeekin. Euskal Herrian une honetan ditugun talde interesgarrienetakoak, bidenabar esanda.

  • musika

    Karramarruen dantza arrakastatsua

    Bermeo rock portua

    Bermeo rock portu bat da. Ez dago itsasotik Getxotik hain urrun, baina ez du bertako Getxo Sound ezagunaren aparrik. Hondarribi ere gertu dago itsasoz, eta han Underribi famatu zen, Basati disketxearen garaietan. Argi dago itsasertzean sekulako taldeak sortu ez ezik, musika mugimendua ere badela gurean. Bermeo da portu garrantzitsu hoietako bat. Bermeorako txangoa proposatuko dizuet gaur.

    Kapillaren inguruan sekulako rock mugimendua egon da azken hamarkadetan, Aritzatxu rock festibala ere bada uda partean, eta beste hainbeste kontu. Musikaren inguruan, taldeak, lokalak, kontzertuak, mugimendua azken finean. Entzun, konpartitu, antolatu eta sortu.

    Ene lagun Rioja
    18 urte egin barik nituela ezagutu nuen bermeotar jator bat, Rioja. Klasekide egin ginen, lagun ere bai, asko berba egiten genuen musikaz, politikaz…. The Clash zale amorratua zen orduan bera, musikeroa beti… . Beti musikaren inguruan ibili izan da, nik kontzertuetan besterik ez dut ikusi harrezkero. Eta berak gerora izan dituen taldeak ezagutzeko parada izan dut. Talde asko izan ditu, guztiak oso oso interesgarriak. Bere ibilbidea jarraitzen dut 18 urte geroago. Azkena Paniks da. Oso onak dira, aspalditxo ikusi nituen Leioako gaztetxean, binilozko disko txikia ere eskuratu nuen. Baina ezer gutxi nekien beraietaz. Nire sorpesa beraien lanaren inguruko azkena jakin dudanean. Bideo arrakastatsua sortu dute. Eta sarean jarri dute.

    Sarean paratu eta Youtuben be 70.000 bisitari baino gehiago izan ditu karramarruen dantzak. Ikusi gura baduzue.

    Animazioa ona dala ez dago ukatzerik, atzetik den musika oso ona….

    Boing boing gune entzutetsuan aipatua izan zen bide hauxe bera. Mundu osoko ikusgarritasuna eskuratu zuten ondorioz bermeotarrek.

  • hurrengo geltokia

    Hurrengo geltokia, ezin surrealistagoa

    Ezagutuko duzue Niko Vazquez, MCD taldeko sortzailea, diseinugile aparta (Eitbko txoria be egin zuen), sortzailea,infografista, artista multimedia…. eta bistan denez, bideogile itzela. Bere lanak oro imbecil.com eta grafismo.com guneetan batuta daude. 

    Guggemheim museoak YouTuberekin batera antolatutako lehiaketa irabazi du Hurrengo geltokia izeneko lanagaz. Txalogarria lana, ezin surrealistagoa.

    Ikusi gura baduzue:

    Aurki, Nikorekin egindako elkarrizketa argitaratuko dugu blog honetan bertan, aspaldiko laguna dugulako. Musikari, Internetzale, copyleft defendatzaile sutsu eta gainera, jatorra be bada, oso.
    Aupa Niko!

  • agit/prop,  literatura

    Ez dizu onik egingo

    Susa literaturaSusa argitaletxean ezpotak egiten hasi gara. Telebista medio garestia da, baina ikusentzunezkoak egitea beti amestu dugu. Eta Susako idazle eta egile, eta lagun, eta ezagunen artean mezua pasa genuen. Egingo zenuke spot labur bat? Eta horrela hainbat sortu dira, eta astero Emailuetan pasako ditugu. Eta literaturaren kalteetaz mintzatuko gara.
    Lehen bideo hau Eider Rodriguezen ideia izan da. Eta Youtubera ere igo dugunez, hemen jarriko dut. Datozen asteetan gehiago izango dira. Eta zuek ere egin dezakezue bat, ez lotsatu. Egia esan, horrek ere ez dizu onik egingo.