- albisteak 2.0, gaztelumendi.eus, hurrengo geltokia, ikusi eta ikasi, software librea, su-etena | ceasefire | tregua, teknologia berriak
zelan urtea badoan
Milurtekoa izan zen, hamarkada, eta hau ere badoa.
10 urte 2000an, XXI. mendeon… eta hau ere badoa.
2011 dator, bihar, edo etzi. Eta urtea badoa, negua joaten den bezala. Egunak datozenlez.
Ez gara zaharragoak, bizkorragoak, jakintsuagoak… atzokoak gara, bihar. Ere.
Tokatzen da esatea, gogoratzea, oroitzea, agurtzea, eta ondo ondo geratzea.
Urteak askorako eman du, beste buelta bat eman du gure mundu arrano honek. Eta buruari ere buelta asko eman dizkiogu, ideia txoro asko izan ditugu buruan, eta batzuk gauzatzeko aukera suertatu zaigu. Eta ez da gutxi. Pentsatzen jarrita, asko, askotxo… larregi inoiz ez. Baina badoa, eta oroimenean geratzen dira. Egunerokotasunean.
Azkar, urteko hiruzpalau flash.
euskalherrian.info proiektuan murgildu gara aurten. Zer ari da gertatzen Euskal Herrian? galdera horrek, badu erantzuna sarean. Bizkor ari da hedatzen. Proiektu berriak, irekiak, partehartzaileak ari dira sortzen. Eta batzutan, harritu ere egiten gara, abiadurarekin. Indarrarekin. Kemenarekin. Ausardiarekin. Irudimenarekin. Eta egia esan, Euskal Herrian gauza asko ari da gertatzen. ZoriONez. Eta ari gara kontatzen. Eta zabaltzen. Libre, partehartzaile, zabal, ireki, euskaldun. Hori da nahi duguna, horrela nahi dugu, horrela kontatzen dugu. komunikazioa, Informazioa, Teknologia (sarea + euskal herria)albisteak 2.0 webtv libre eta euskalduna sortu gura genuen, eta ikasten ari gara, sortzen. Astero. Eta asteko berri ematen dugu albistegi teknologiko bitxi batean. Bi lagun, lantalde itzela, medio onak, giro aproposa eta gogoa batipat. Eta urtean egindakoa biltzen hasi, eta ematen du zeozer aurreratu dugula. Balio izan duela. Merezi duela saiatzeak, aurrera egiteak, ikasteak, egunean jartzeak… baina batez ere ahalegintzeak.
#albisteak2010
Teknologia berriak hizpide hartzen ditugu, tresna moduan erabiltzen ditugu, komunikazio kanal dira. Internet, irratigintza, mezu libreak uztartzeko parada ematen digute. Berdin Info7 irratian, Hala Bedin edo beste nonbaiten. Zebrabidean geldi geratu barik, oinez ibiltzen gara, Bilbon bide gorritik baina isilik inoiz ez.
ekultura.net Euskal kulturgintza hizpide izan ohi dugu, eta berba egiteko jakin egin behar da. Kulturgintzan euskaldunzaharra naizen arren, alfabetatzeko beharra ikusi nuen. Eta horretarako eskolara jo behar. Hartu ninduten. Eta gustura ari naiz, eguaztenero Eskoriatzan, HUHEZIko EKT ikastaroan. Nire koadernoa da ekultura.net eta nire lanaren ardatza izan nahi du. Euskal kultura digitalaz mintzatu nahi dut, eta formazio fasean nago. Apunteak hartzen. Baina izango duzue lanaren berri, ikerketaren emaitza, ikasitakoaren ondorioak. Sintesi bat. www.ekultura.net
Sabin Intxaurraga ere joan da, Lete bezala, Bidador bezala, gertukoak bezala, urrunagokoak bezala… eta Sabinen egoeraren berri izan nuenetik, bueltaka ibili zait ideia bera. Zenbat lan isil egin duen, ikusi gura lukeena besteok ikusi dezagun. Bizi dezagun. Lagun nuen Sabin, bertsoa hizpide. Eta batez be, zaletasunak batzen gintuen. Herria, kultura, hizkuntza. Eta batez be, plazan batzen ginen. Plazak batzen gintuen. Txapelketa, saioa, antzokia… azkenekoz irailaren 11an izan nintzen beragaz, eta oroitzapen horregaz geratuko naz, duintasunaren irudia. Zor diogu, ikusi behar dugun hau. Beste guztia historia izango da.
Independentistak sarea, abian den prozesu politikoa, egoera, aldaketa, urratsak… bada zerbait, eta pozik nago horrekin ere. Eta urte hau, garrantzitsua izan da bide horretan. Altsasu, Brusela, Gernika…. toki izenak, mapa bat osatzeko. Mapa horrek, Euskal Herria du helburu. Ni neu, herrigintzan ari naiz. Pozik. Baina nazio mailako edo nazioarteko ekimenetan parte hartzeko sarea badut, eta sareak ematen digu aukerarik.. ekimenak zabaldu, ireki eta antolatzeko. Horra hor nire eskuhartzea. independentistak.net
Argazkiak.org | Independentzia lip dub koloretsua © cc-by-sa: gaztelumendi -
Atzera begira (2007an idatzitakoak)
Urte berria eta promesa zaharrak. Astea daramagu egutegi berriari egunak kentzen, eta negua hotzago da ordutik ordura.
Bloga izoztuta geratu zaigu, eta ezer idatzi aurretik, iazkoak gogoratzen pasa dut arratsaldea.
Hilez hile ibili naiz. Eta egia esan, idatzi behintzat irakurri baino gehiago egin dudalakoan nago. Ahaztuta nituen batzuk, baina irakurtzen hasita… a ze urtea 2007koa!
Gogoratzen jarrita.
Abendua. irratia.com emankizunaren 100. saioa egin genuen Bilboko Kafe Antzokitik.
Azaroa. Astero Info7 irratirako egiten dudan tartean, AHTgelditu.org gunearen inguruan egindako gogoeta. Ahtgelditu.org herri mugimenduak eta sarea.
Urria. Hitzak soberan, guk free batasuna esan genuen. Egoera gogortzen hasia zegoen. Ez du atertu oraindik.
Irailak 27. Ondo gogoan daukadan istripu hura. A8… eta bizirik nago eta zenbat erantzun. Lagunekin berriro hasteko aukera izan nuen. Bizitza barri bat, zeozelan esatearren.Â
Abuztua. Normalean opor hilabetea gehienontzat. Jaietarako be aproposa. Larrabetzu jaietan zenez, enuen besterik idatzi.
Uztaila. Uda izan arren, teknologia berriei ekin genien zenbait egunez Tailerrak 2.0 ekimen ikaragarri interesantean.
Ekaina. Bilbo BBK live kontzertutik bueltan idatzitako Txin txin txin txin! diruaren rocka.
Maiatza. Zer gertatu da Larrabetzun? Eta hauteskundeetako emaitzak azaltzen saiatu nintzen. Egoera berria herrian. PNV-k eta ANV-k zinegotzi kopuru berdina (4-4) eta Aralar-EBk beste bat.
Apirila. Korrika bukatu zen Iruñean. Biba zuek idazteko indarra eman zidan amaierak.
Martxoa. Bereziki gogoratzen dut Korrika 15 hori. Baina batez be race to save basque language izenburuak zerbait markatu zuen. Medio interesgarria ezagutu genuen Kanadatik.
Otsaila. Ezagunak ez diren bost gauza*Â Nik ere meme horretan parte hartu nuen.
Urtarrila. Ez daukat gogorik (ezer idazteko) eta egia esan urteari ekitea kosta egiten da holakoetan.
Urteak joan urteak etorri, gero eta gehiago gara euskaraz idazten dugun blogariak. Ea zelan ekiten diogun hasi berri dugun idazturte honi.
-
Urtea amaitzeko modu ugari dago
- Afariaren bueltan amaituko dugu gutako askok, erlojuari so beharbada.
- Gogoan dut, urte askotan Tas Tas irrati librean amaitzen genuela, Basauriko presoei zorion agurrak, programa berezi bat burutzen. Dispertsio basatiak hori ere eragozten digu, egun.
- Petardo, tiro hots eta su artean amaitzen duenik ere badago, gurean franko.
- Bilboko gazte batzuek, okupatu berri duten etxe eta eraikinean egingo dute.
- Kalean ere egongo denik izango da, urte amaiera eta barria zelan batzen diren, egunero bezala ikusten.
- Ihesean daudenek, etxera noiz itzuliko pentsatzen egongo dira. Ordu aldaketak ordu aldaketa, berbak noiz trukatuko pentsatzen, idazten, amesten.
- Lo emango dio batek baino gehiagok agurra urteari.
Eta urteak joan urteak etorri, hemen jarraitzen dugun bitartean, pozik egon behar. Ez da gutxiagorako. Beherapenak ei datoz.