• Elikadura Burujabeta,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    TxG euskal garagardoaz PREST! aldizkarian

    Deustuko PREST! aldizkarian aspaldiko partez erreportajea idatzi dut.
    Lantalde berria eta gazteagoa du Deustualdeko aldizkariak. Bertako berriak, erreportajeak eta elkarrizketa zinez interesgarriak ditu orain ere. Eta aspalditxoan, hilero hilero jasotzen dugu etxean. Guk eta beste hainbat deustuarrek. Gure etxeko paisaian, elkarrizketetan, erropetan, animoetan… leku berezia du PREST!-ek. Hori asko da.

    Txorierri garagardoa hartu dugu hizpide azken alean, eta garagardogintzaz aritu gara gozo gozo.

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Ikasle mugimendua indartzen ari da, nabarmen

    Leihotik ikasleak ikusten ditut autobus paradan. Normalean hor egoten dira goizeko 8etan. Mordoa doaz egunero Deriora, institutura. Ia autobuskada bat Larrabetzutik.
    Gaurkoan baina, greba eguna dute. Hiru ordu beranduago doaz, 11etako manifestaziora. Greban daude. Baina ez dira etxean geratu.
    Leihotik begira, konturatu naiz asko direla. Gaztetxoak, karpeta barik. Baina ikasteko gogoz.
    Eta sarea sutan dagoela konturatu naiz gero. #ekinM27 etiketarekin, ikasleen mobilazioen berri jaso dugu sare sozialetan. Itxialdiak, entzerronak, pankartak, mobilizazioak, koloreak…. eta etorkizuna marrazteko tresna guztiak eskuetan.

    #ekinM25 ikasle greba orokorra!

    Sendo ikusten dut, indartsu somatzen da ikasle mugimendua. Atzo unibertsitateko irakasle batek ohartarazi zidan, eta gaur ene begiekin ikusten dut.
    Eta poztu egin naiz…. hezkuntza tresna garrantzitsua delako. Gure alde, edo gure kontra.

     

    EGUNERAKETA
    Hori guztiori goizean idatzi dot, ikasleak 10:30etako autobusa hartzen ikusi ditudanean.
    Egunean zehar itzelak izan dira manifestazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta arratsalderako ere gehiago deituta daude.
    Bilboko irudiek adibidez, oso ondo adierazten dute. Ikasle mugimendua indartzen ari zela nioen goizean, oso sendo dagoela frogatu dugu eguerdian. Zer pentsatua eman beharko liguke biharamunean.
    itzelabilbo

    bilbogreba

    ikasleztanda
    iruñea

  • larrabetzutik

    Txorierri asmakuntza barria dala eta…

    Heldu da Aikorrefur gure atarira. Asteon be, lurrean topatu dot, beste propaganda orri batzuekaz batera. Azalari erreparatu eta Sabin Arana bertan, eta aitortu behar dot nahiko aranista naizela…. holangoetan.
    Sabin Arana. Aikor aldizkaria
    Eta irakurtzeari ekin diot. Ez zait gatxa egin azaletik mamira joatea, tartean galtzua kenduta…tartean diñot.. askotxo dalakoan.
    Eta Sabin Arana historiazalearen kontuak irakurri ditut. Onartu behar dut, elkarrizketa egin dionak oso galdera obioak, oso azalekoak egin dizkiola Sabineri, tartean Sabineri buruz gitxi -gitxiegi- jakingo zuelakoan. Eskerrak Sabin jakituriaz gainezka dagoen tipo jantzia dela, eta mami ugari eskaini diola. Mami hori bereizten, kazetariak hartuko zuen lanik handiena… galdera zabalak egin ezkero, erantzunak be gero halangoak izaten direlako… luzeak, zehaztasun bakoak… eta noranahikoak.
    Kontua da, gauza interesgarri asko botatzen dituela Sabin Aranak gure herriari eta herriaren historiari buruz. Batzuk berari entzun eta irakurritakoak, eta beste batzuk interesa pizten dutenak.
    Elkarrizketa sarean dago: Aikor.com
    Gure herriaren historiari buruz zertzelada batzuk ematen dituen arren, burdinola, errota eta herriaren garapenari buruzkoak zaizkit interesanteenak.

    Larrabetzuren garapena:

    Garapen hori burdinolen eskutik etorri zan. XV. mendean lau burdinola egozan berton, eta hori oso datu bitxia da, Larrabetzu oso herri txikia dala kontuan hartzen badogu. Burdinoletatik horreen jaubeek ez eze herritar askok be ateraten eben bizimodua. Baserritik ozta-ozta ateraten zan jateko, eta herritarrek bertoko basoetan bildutako egurraz egindako ikatza saltzen eutseen burdinoletako jaubeei. Kintal bat burdin egiteko, lau ikatz zama ziran beharrezkoak… beraz, atera kontuak! Beste alde batetik, Larrabetzukoa burdinolaren jaubea zan Euskal Herriko uri bakarra zan, beste guztietan errotak baziran be.

    Baina bitxiena gero dator, titularretara eramateko modukoa dena eskualde aldizkari baten. Zer eta eskualdearen beraren izaera jartzen duelako ezbaian Sabin Aranak.

    Inoz Txorierriren ganeko ikerketa egitea pentsau dozu?
    Beno, nik batez be Larrabetzuren ganeko datuak arakatzen dodaz, baina, ez garanez bakarrik bizi, ikerketa horretan Txorierriko datuak be topau dodaz: Lezamako jentearen ganekoak, Zugazti eta Zamudio leinuek bat egin ebenekoak… Baina nik uste dot Txorierri XX. mendean asmautako izena dala. Ez dot atxinako dokumentuetan ezer topau. Ganera, Asua bailara Lezaman hasten da, han Asua ibaia dagoalako. Eta Larrabetzuko errekek, barriz, Ibaizabal ibaira joten dabe. Larrabetzu Ibaizabal bailarakoa da eta guk Arratiarako joerea euki dogu beti. Hori guk berba egiten dogun euskeran beran be bada nabaria… Baina Txorierriko Mankomunidadea sortu zanean, Larrabetzuk han sartzea erabagi eban.

    Beharbada, bereziak zariela horregaitik esango dabe gainontzeko txorierritarrek…
    Bai, ezbardinak gara, orain dala gitxi arte harreman txikia izan dogulako Txorierriko gainontzeko herriakaz. Ganera, Bilborako trenbidea bakarrik Lezamaraino ipinteak be egoera hori areagotu egin dau.

    Kazetariak berezi izate hori esaten dioenan, tenplea mantentzen du elkarrizketatuak, gutxiezteko baieztapena den arren, beste inoren ahotan jarri baina…. bota. Tira, badaukate txorierritarrek, gure egoera ulertzen hasteko beste arrazoi bat gehiago. Larrabetzun ez dago Asua errekarik, gure errekak Ibaizabalera egiten deu. Urak nora, ahuntzak basora! Eta akarrak gurean gagoz gustura….