• agit/prop,  hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  musika,  teknologia berriak

    Hala Bedi komunikazio libre eta alternatiboa

    Hala Bedi Gasteizen sortutako irrati librea da. Baina gaur egun, irrati bat baino askoz gehiago da Hala Bedi. Proiektu komunikatibo integral eta multimedia da, dudarik gabe.
    halabedi
    Sortu zenetik irrati librea erreferentzia izan da; ez soilik Gasteizko alde zaharrean eta inguruan, ez horixe. Arabako eskualde ezberdinetan laguntza taldeak eta antenak sortu eta jarri izan ditu. Tokian tokiko informazioa landu du. Magazineak sortu ditu goiz eta arratsaldez (Suelta la olla edota Zebrabidea), beste irratiekin franjak eta saioak konpartitu ditu, eta gaur egun herrialde ezberdinetan entzuten dira Gasteiztik ekoiztutako saioak. Etengabeko kolaborazioan ari da Euskal Herriko beste irrati euskaldun eta libreeekin.

    Irrati librea baino gehiago

    Gaur egun Hala Bedi bat eta Hala Bedi bi -euskarazko kanala- ditu irratiak. Programa mordoa. Giro itzela. Entzungarriak diren kuñak. Saio mitikoak eta sortzen direnak. Magazine konpartituak beste irrati libreetan – Suelta la olla Bilboko 97 irratian, Hala Bedin bertan, Eguzki irratian… eskaintzen da besteak beste-, eta Zebrabidea Arrosa sareko irrati ezberdinetan entzuten ahal da.
    Sarean ere aspalditik emititzen duen irratia da. Zelan ez. HalaBedi.org Interneten hastapenetan sortu zuten, eta zuzeneko emisioa eta podcastak egiten denbora dexente daramate arabarrek.

    Sare sozialetan bizi bizi

    Hala Bideo

    Hala Beditarrak

    Hala Bedi Rock

    Ikuspegi transmedia, bizia, horizontala eta soziala

    Medio alternatiboa da Hala Bedi. Herri mugimenduaren parte da. Herri mugimenduekin batera ari da, lanean, sarean, uhinetan… Baina mugimendu sozial gisa ere, aberatsa da. Taberna bat dauka Gasteizko alde zaharrean, espazio soziala. Bere kamisetekin milaka lagun ikusiko dituzu nahinon. Ekitaldiak antolatzen dituzte beste elkarte, gaztetxe eta mugimenduekin batera. Bizitza kulturala dauka.
    Komunikazioa, agitazioa, kaleko espresio ezberdinen gune anitza delako. Transmedia. Horizontala. Bizia. Eta oso soziala.

  • agit/prop,  teknologia berriak

    Facebook blackout, greba bat sarean

    Gaur, arrastiko 18:00etarako deialdi bitxia daukagu facebook erabiltzaileok. Sare sozialean, erabiltzaileen indarra utzi gura da agerian. Asko garela, eta gurekin ez dutela nahi dutena egingo. Milioitik gora erabiltzailek esan du blackout egingo duela. Alegia, itzali egingo duela facebook.

    Bitxia da deialdia, baina interesgarria ere bai.

    Aspaldi honetan, gero eta gehiago dira facebook bezalako sare sozialak erabiltzen dituztenen lagunak. Han ikusten ditugu aspaldikoak, han mintzo gara gure kontuetaz, bertan erakusten ditugu azken berrikuntzak, eztabaidatzen dugu bizitzaz, softwareaz edo kexatzen gara albokoaren zarataz.

    Sare sozialen garaia bizi du Internetek. Eta erabiltzailea da nagusi bertan, ikusiko dugu. Itzalaldiaren ostean, beharbada.