-
Bo hizkuntza, euskara, bertsoak eta software librea
Irratia.com ez da filologia
Irratsaio bat egiten dugu astero Jabi Zabala eta biok: irratia.com. Eta 10 urte betetzen ari gara, sarean, lanean.
Euskal kultura digitalaz aritzen gara, gure apalean. Eta zer da ba euskal kultura digitala? Duela hamar bat urte hasi ginen termino horrekin, eta hori izan da gure iparra, hori gure egitekoa. Gure kultura digitalizazioaren alorrean murgiltzea, kultura digitala euskaldunduz, bidenabar. Eta horretan dihardugu oraindik, zalantza berdinekin, gogo itzelarekin, galderak egiten, erantzunak bilatzen. Google bilatzaileak ez digu erantzuna eman, baina software librea baliatuta igual garatuko dugu zeozer, kode irekian edo…Hizkuntzak, kultura, teknologia, musika, albisteak, irratiak…. ditugu hizpide eta euskaraz ari gara, baina gurea ez da filologia, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Konturatzen gara, aspaldion eztabaida filologiko gehiegi dabilela euskal blogosferan, zelako zalaparta eta kalapitak sortzen diren hizkuntzaren inguruan, formaren inguruan batipat… fondoaz ez dugulako duda asko egiten. Eta horrek are gehiago kezkatu beharko gintuzke. Sarritan, hala ere kezka filologikoa da nagusi hala ere…
Eta bitartean Bo hizkuntza desagertu da munduan, eta guk Ruper Ordorikaren kantuak entzuten ditugu irratitik. Eta gogoeta munduaz, globalizazioaz, progresoaz, gureaz…. pentsatu lokalki, eragin globalki esan eta play tekla zapaltzen du Ibon gure disko jartzaileak. Eta sareko berri eman, software librearen azken bilkurari buruzko elkarrizketa edota albiste teknologiko oso bat osatzen dugu, apurka apurka.
Horrelako saioa izan da aste honetakoa, Bilbo Hiria irratian egiten dugun 169. saio hau. Fosdem-en hasi, Flandriako hiriburu Bruselan burutu den software libre garatzaileen bilkuraren karietara, Bertso egunetik pasa, eta Bo hizkuntzaren gainean filosofatzen amaitu dugu. Eta gure kezka tekno/etniko/identitarioak nabarmendu ditugu podcast batean. Eta musika, rockanrolla batez ere entzun dugu, hitzekin uztartuta…. euskara eta Bo, irratia.com saio gogoangarri batean. Euskara eta biok, irratia eta gu. Podcasting-a eta zu.
irratia.com 169. saioa: [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100208.mp3]
-
Soitu.es itxi dute, Indymediarekin ezingo lukete
dont hate the media
become the media
Soituren itxiera izan zen atzoko albiste nagusia inguruko sarean. Espainiako albiste gune garrantzitsu eta ezberdinena itxi zuten, finantziazio arazoak tarteko. Gauza jakina da BBVA banketxeak diru mordoa zuela jarria Gumersindo Lafuenteren eduki digitalen proiektu honetan.
Nik aitortzen dut, soitu.es eta bere sareko ekimenak asko gustatu zaizkit. Jarraitzailea izan naiz, artikulu asko irakurri eta ideia asko konpartitu ditut soitun. Informazioa lantzeko beste modu hori erakargarri egiten zitzaidan.Baina Interneten aspaldian berriz ere -batipat 2.0 aro berri honetan- negozioen inguruan dagoen eredu ustelak ez nau erakartzen. Ondo dago jendea partehartzen ikustea, oso ondo dago web sozialagoa egin gura izatea, ondo daude tresna guzti hauek… baina eredu ekonomikoa ustela dute askok eta askok. Pelotazoaren kultura (dotcom burbuila gogoan) ez da eten. Enprendedore eta CEO gazte eta ez hain gazte flipatu gehiegi somatzen da Interneti lotutako ekimen asko eta askotan.
Eredu horrek porrot egitea, normala da. Gehiago kapitalismoaren eta finantza globalen krisi honen erdian.Indymediaren eredua
Partehartzea, argitaratze irekia, jerarkiarik eza, erredakzio horizontala ez daude hain modan. Baina ez dute zertan porrot egin behar. Indymediarena izan zen, komunikazioaren aroan ezagutu dudan aurrerapausu handiena. Urrats garrantzitsuena kazetaritza eta komunikazio molde hiritar eta partehartzailean.
Indymedia ezin du banketxe batek zarratu. Ez inbertsiogileen porrotak, ez krisi kapitalista batek. Agian polizia eta juezak saiatu daitezke Indymedia lokalen bati presio egiten. Baina sarea bera, globala da dagoeneko. Eta Indymediak hamaika gune ezberdin ditu. Ilusioa, borondatezko lana eta mundu libreago baten aldeko determinazioak egiten du, han hemenka ehundaka aktibistek informazio librearen alde jarraitzea.
Indymediak ere behar ditu aldaketak, berrikuntzak, itxura modernoagoa, software azkarragoak…. baina ziurrenik lortuko du hori eta gehiago ere.
Informazio librearen bidean urratsak emango ditu, emango ditugu. -
Ubuntu instalatzen
Software librea gura duzu zure ordenadorean?
Microsoft bezalako multinazional itxi eta kutreak albo batera uzteko prest?
Laguntza behar duzula?
Argazkiak.org | Ubuntu Install party © cc-by-sa: gaztelumendiBa install party batera hurbildu zaitez. Edonon, edozelan, edonoiz egin daiteke bat… guk lantokian antolatu dugu, baina beste edonork, edonon egin daiteke.
izan libre, izan euskaldun! -
Hiztegia bete berba bueltan
Atzean geratu da BXL. Fosdem ekitaldi jendetsu bat izatetik, etiketa bilakatu dugu sarean. Berdin flickr argazkietan, twitter-eko mezuetan edo blogetako kroniketan.
argazkia: polzme cc lizentziarekinNiretzat baina, berba esanguratsuz betetako hiztegia izango da aurrerantzean Fosdem 2009.
Domeka iluntzean, hegazkinaren zain geundela zera galdetu zidan Julenek –Zer, ikasi duzu zerbait? eta baiezko borobil bat egin nion buruarekin. Eta hegaz hausnartutakoa, etorri zait behin eta berriro gogora.
Antolaketa: Benetan bikaina. Autoantolaketa, irekia, partehartzailea. 5.000 lagun, ehundaka hitzaldi, arazo bat bera ere ez. Wifi libre eta irekia gela eta areto guzti guztietan, seinalizazioa, kezkak, mahaiak, informazioa, jatekoak, edatekoak… itzela. Lehen egunetik harrituta.
Askea/irekia: Libre izendatzeko modu ezberdinak, partehartzailea, kodetik eremu fisikoetara. Lan egiteko moldea, informatzeko modua, bizitzeko era.
Berrikuntza: Gurean ez bezala, maiz aipatu zen terminoa. Teknologiarekin ustez parekatuta dagoena, enpresa munduan gehiegi darabiltena. Gure diskurtsoetara txertatu beharrekoa. Pratikak erakutsiko diguna.
colective creative: sorkuntza kolektiboa. Komunitatearen sorkuntza garapena. Alde grafikoa, mezua, komunikazioa, kanpainak garatzeko orduan. Jhon Slate zuzendari kreatiboak bultzatu duen ekimena.
Garapena: Garatzaileak batzeko ekimena izanik, komunitatearekin batera jorratzen den arloa. Datozen berrikuntzak jendaurrean aurkezteaz gain, partehartzaileekin hurrengo garapenak proposatzen eta eztabaidatzen, modu irekian.
Komunitatea: Bisualizazioa. Europa mailakoa. Milaka lagun, helburu antzekoak, lan esparru ezberdinak, topaketa batean. Sareen garaian, ezinbesteko terminoa.
Mozilla: Software librearen eremuan, arrakastatsuena den ekimena. Jende aldetik, bere hitzaldi eta tailerrak ere oso jendetsuak izan ziren. Gure esparruan, lokalizazioak eta eguneraketetan oso present dagoena, interesgarria aurrerantzean jorratu gura dituen ildoak. Interesez jarraitu nituen hitzaldi eta aurkezpenak. Aurrerantzean sakontzeko asmoarekin. mozilla-europe.org gunean, euskarak presentzia normalizatua dauka, erakargarria.
Open Web: Firefox eta gehiago. Datorren termino berri bat, erabili ez ezik, zabaldu eta edukiz bete beharko duguna. Zer da web irekia? gogoetak egin beharko ditugu horretaz.
open source marketing: marketing cafe batean parte hartuta ezagutu nuen terminoa, jarrera. Kode irekiko softwarea dagoen lez, marketing eremura luzatutako kontzeptua. Kode irekiko marketinga. Interesantea, jorratu beharrekoa. Mozillakoek abiatu dute ideia, ea zer ematen duen.
Partehartzea: ezinbestekoa horrelako saltsa batean. Informazioaren aroko oinarria. Horizontaltasuna, irekiera, arrakastaren giltza, bidea.
Software librea: mundu oso erakargarria, bizia, dinamikoa. askea eta beharrezkoa.
-
wordpress 2.7 eguneratu eta frogatzen
Blogintzarako tresnarik onena dugu euskaldunok. WordPress. Itzela da, eta aspaldian maiz eguneratzen ari garen arren, merezi du ahaleginak. Klik eta klik eta azken bertsioa daukagu.
Une honetan, azken bertsioarekin ari natzaizue idazten, mundu guztian ari gara wordpress eguneratzen. Eta euskaldunok eu.wordpress.org gunetik deskargatu ahal izango dugu azken bertsio euskaratua. Munduan bezala hemen ere. Eta horretan ari gara, euskarazko wordpress softwarea erabiltzen dugunon komunitatekoak ere.
Ikasten eta garatzen (i+g) badakizue. Apurka apurka, ea blogari euskaldunon komunitatea sendotzeko erraztasunak sortzen ditugun.
nik wordpress eta zuk?
Zorionak librezale -software librea euskaraz- komunitateari, wordpress txukun euskaratu eta jendaurrean jartzeagatik.
Eguneraketa:
wordpress 2.7 bertsioak Coltrane izena hartu du, jazz musikari baten omenez. Guk ere hori aipatzeak, ezagunago bilakatuko duelakoan.
Hemen goian jarritako irudia eu.wordpress.org gunekoa da, erabat euskaratu aurretik. Dagoeneko %100ean daukagu euskaraturik -Librezaleko ekintzaileei esker- eta wordpress basque gune ofiziala da.
Hau beheko irudiau, eguneraketaren ostekoa da, ezberdintasuna igarriko dalakoan.
Horrez gain, wordpress 2.7aren xehetasunak ingelesez azaltzen dituen bideoa ere ekarri dugu blogera. Gure blogak barrutik zelan kudeatzen ditugun ikusteko baliogarri izango zaizuelakoan.
-
software librea gura dugula, jode!
Sinadurak gora doaz software librea nahi dugu gunean. Milatik gora dagoeneko, eta gorantz. Kezka sortu da, eta keza hori hedatzean hasiko dira arduradunak arduratzen. Batzutan ez dakigu axolagabekeriaz, edo benetan jakitun direlako hartzen dituzten erabaki hoiek agintariek.
Software pribatiboa bultzatzeak, beraien eredu neoliberalarekin bat egiten du, dudarik gabe. Baina hala ere, guk, herritarrok, badugu kritikatzeko, aldarrikatzeko, purrust egiteko eskubidea eta beharra ere. Eta oraingoan argi eta ozen esan gura diegu gure agintariei, administrazio lokal eta handiagoei software librea gura dugula.
Hedatzen doa mezua. Medio guztiak baliatu beharko ditugu. Nik neure aldetik, Info7 irratiko asteroko neure tartera eroan dut kontua. Entzuleak gonbidatuz sinatzera. Software librea zer den apur batean ez bada be, azaltzen saiatuz.
software librea euskaraz ikastaroa
Lantokian ere, ikastaroa antolatu dugu software librea euskaraz izenburupean. 8 sesio bi ordutakoak, Ander Elortondo irakasle librezalearekin. Sarrera bat software librera, Firefox nabigatzaile arrakastatsua, Open Office 3 progra berria, eta azken bi egunetan Ubuntun barneratzeko aukera izango da.
Ikastaroa Arrasateko KulturAten izango da, ostegun arratsaldetan.
Software librea sozializatzeko holangoak egin beharko dira maiz. Erabiltzaileari erraztu egin beharko zaio erabilera librea. Euskarazko programak dira denak, txukun eta ondo euskaratuak. Anderren laguntzarekin ondo ikasiko dugulakoan nago ni ere. -
software librea nahi duzu?
Gero eta gehiago gara, egunerokoan software librea darabilgunak. Hasieran maila gutxieneko bat esijitzen zuen software libreak. Baina denborarekin, eta jende askoren lanarekin, erraztu egin da erabilpena ere.
GNU/Linux mundua erakargarriagoa egitea izan da kontua. Gero eta programa gehiago, gero eta erabilterrezagoak, gero eta hobeak, bisualagoak… eta orduan eta erabiltzaile gehiago, onespen zabalagoa, pozago jendea.
Hala ere, jendartean ohiko bilakatzen ari denari, kasu gitxi, gitxiegi egiten diote administraziotik -erran nahi baita, euskal administraziotik-, udal, foru eta komunitate mailako administrazioetatik.
Thinkgaur irakurri eta ikusiko duzu zelan ospatzen duten jeltzaleek Microsoft hona ekarriko dutelako. Ondo ordainduko dugu hori euskaldunok.
- zenbat diru xahutzen dugu soilik lizentzietan?
- zenbat proiektu innobadore egin zitekeen diru horregaz?
- euskarazko softwarea garatzeko zer egin da administraziotik?
- zergatik dute gustuko Bill Gates parefernalia hori?
- beneta badakite zertan ari diren?
- zer egin dezakegu guk, erabiltzaile garenok?
softwarelibreanahidugu.org ikusi baduzue, bistan da, badela jende multzo bat hori aldatzeko prest dagoena. Administrazioari bestelako tresnak erabiltzea eta bultzatzea eskatzen diona hain zuzen.