• gaztelumendi.eus

    15 urte hemen idazten, esaten, aldarrikatzen, entzuten, pentsatzen

    2004ko abenduaren 3n sortu nuen nire lehendabiziko bloga.
    Eta geroztik, lantzean behin; batzutan sarri, maiz gutxi, eta ahal dudanero botatzen ditut nire aldarri kezka eta burutazioak hemen.
    Bloga zen, webgunea da, irudia hitza soinua bideoak txioak… sartzen ahal dira hemen.
    Garai batean feed back ugari zegoen, parte hartzea esaten genion.
    Gaur gehiago da artxibo digital bat, izatekotan.

    • Nire bizitzaren herena hemen dago. Garai honetan. Eta maite dut.
    • Adierazpen askatasuna lantzeko tresna izan da niretzat. Horretan dihardut.
    • Eskerrik asko inoiz irakurri duzuenoi, besarkada bat idatzi izan duzuenoi, eta musu bat guztioi, maite zaituztet oraindik!

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Euskaraz bizi nahi dugunon eremua da sarea

    Kanpoan nengoela, ezagutzen ez dudan kazetari batek elkarrizketa bat egiteko galdetu zidan. HABEko ikasleentzako zela gogoratzen dut. Badakit zenbat kostatzen den, eta ez diot inoiz inori elkarrizketa egiterik ukatu; eta egin ditut batzuk, gai batekin ez bada bestearekin. Ziurrenik, elkarrizketatu baino elkarrizketatzaile izango nintzen gehiagotan.
    Kontua da, gerora ez dudala jakin elkarrizketa hori argitaratu izan den, gorde duten edo zakarrontziren baten amaitzekoa zen, harik eta Turkiako lagun batek abisatu ninduen arte. Istanbuletik mezua jaso eta Belfasten idatzitako berbak irakurtzeari ekin nion. Hemen, Euskal Herrian, hilabete batzuk beranduago.
    Orain hona ekartzeko lotsa gutxi nik: Euskaraz bizi nahi dugunon eremua da sarea

    Hizkuntzari buruz asko berba egitekoak gara euskaldunok. Euskara hitza, oso berba erabilia da gurean. Kezka hoietatik abiatuta, hala ere, zutabe barriak jartzen ahalegindu nintzen, baina nago ni oso oihartzun gutxi izan duela gaiak. Hemen irakurrita, agian zuetakoren batek badauka zerbait gehitzeko edo proposatzeko asmorik. Zuen esku dago.

    Elkarrizketa osoa irakurri gura duenak, eskura dauka. Nik galderantzun bat nabarmenduko nuke.

    Euskararen presentzia areagotzeko, zer bide beharko lirateke?

    Edukiak, bisibilitatea, tresnak, erabiltzaileak eta komunitatea.

    • Edukiak sortzen jarraitu behar dugu: webguneak, blogak, wikipedia, bideoak, ariketak, liburuak, musika…
    • Sortzen dugun horrek guztiak izango baitu gero ikusgarritasuna sarean, sortzen dugun horrek emango digu gero bisita-kopuru bat, trafikoa, interesa.
    • Horretarako, noski, tresnak behar ditugu, softwarea garatzen eta euskaratzen jarraitu beharko dugu. Poztekoa da; sareko tresnarik garrantzitsuenak, nabigatzeko (firefox), idazteko, edukiak sortzen jarraitzeko (wordpress, adibidez, blogak egiteko), jokatzeko eta beste mila gauza egitea ahalbidetzen digutenak euskaraz ditugu gaur egun, jendeak euskaratu egin dituelako!
    • Horrela, euskarak gero eta erabiltzaile gehiago izango ditu, dudarik gabe. Erabiltzailearentzat praktikoa izango baita euskaraz aritzea sarean, ohikoa, egunerokoa, erabilgarria eta praktikoa.
    • Hori lortuz gero, gurea komunitate interesgarria izango da munduan zehar. Eta gaur egun komunitateak daukan garrantzia izugarria da. Horri begira daude munduko tresna garrantzitsuenak… eta ez da kasualitatea egun diren tresna inportanteenak, webgune indartsuenak euskaraz ere baditugula. Zerbaiten seinale edo ondorio da.

    Orain, gainera, zenbait urteren ostean, puntuEUS domeinua eskuratuta… horrek guztiak indar gehiago erakutsiko du munduan, sarean. Edukiei, erabiltzaileei, tresnei, komunitateari berari ikusgarritasuna bermatuko dio, eta euskarazko eta euskal kulturaren inguruko edukiek, oro har, aurrerapauso handia emateko aukera hau profitatu behar dute. Une historikoa bizitzen ari gara alde horretatik.

     

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    html 5 zer den, irratiek erakutsiko digute

    Gutxitan idazten du Hey_nekenek, baina egiten duenean, aportazio itzela daukan seinale.
    Programatzailea da, hacker etikaduna, Mundurat zerbitzariaren sortzailea, eta sarean aspaldiko laguna.
    Post oso interesgarria egin du, irratigintzan, Interneten eta holakoetan gabiltzanontzat.
    Baina teoriatik pratikarako jauzia da oraindik interesgarriagoa.

    Entzun online!
    html 5 badator, badago… estandarrak, etiketak, eta gaua interesgarri asko entzun ditugu horren inguruan.

    Software librearen ingurutik, Internet irekiaren alde jo izan da beti. Internet irekiak bataila ederreak ditu aurrean, eta openweb terminoa usu erabiliko dugu ziurrenik.

    Argazkiak.org | irratigintza euskalduna © cc-by-sa: gaztelumendi

    Koska eta Arraio irratien eredua
    Webgunedun irratiak dira hasiera hasieratik, Arraio gainera lehenengo Internet bidez entzuten zen, eta gero hasi zen FM antena batetik emititzen. Koska, Uribe Kostatik, Bizkaia erdian entzuten den irrati txukun bat da.
    FMan ari dira biak. Eta Internet bidez, oso txukun entzun daitezke orain.
    Klik bakarrean, ez da behar ez plugin, ez gaitarik. Ez da behar musika entzuteko programa berezirik. Ez da egin behar klik hemen, eta klik hor… ez…
    Klik eta entzun.

    Hori html 5 ei da.

    <head>
    <title>Koska Irratia online!</title>
    </head>
    <body>
    <audio src='http://www.koskairratia.com:9001/koska.ogg' type='audio/ogg; codecs='vorbis' preload='none' autobuffer='none' controls>
    Ez baduzu audio erreproduktorea ikusten <a href="javascript:window.close();if (window.opener && !window.opener.closed) {window.opener.location='http://www.koskairratia.com/?page_id=2007'; } void(0);" >hona</a> jo
    </audio>
    </body>
    </html>
    

    Hori da atzean dagoena, ez besterik. Klik egin eta entzun.
    Laister Irrati komunitarioen foroa burutuko da gure artean, eta horrelako gauzak ere agian jorratuko dira.
    Euskal hedabide alternatiboen eremuan, ari gara zerbaitetan. Auzolan, tresna libreak eta komunikazioa uztartzen, behinik behin.
    <audio> etiketa aski da, gure nabigatzaileak entzuten jartzeko. Estandarrak betetzen dituena, blog hau hobeto ikusteko baliatzen duzun hori… eta ez explorer nazkagarri hori. Beste guztiak bai, edozein, Chrome, Firefox… edozein.
    Arraio irratia
    Koska irratia

    zorionak guztioi, eta aurrera bolie!

  • i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Sarea eta euskara

    360ºko kamara batek grabatuko du eztabaida

    Sarean euskaraz ari garenak asko gara. Zorionez.
    Lauzpabost lagun batuko gara mahai borobil batean, mahainguruan ibiltzeko. Erdian kamera bat egon bide da, guztia grabatzen, eta ez soilik berba egiten duena.
    Euskara eta sarea, tresnarik aurreratuenekin.
    Zuzeu.com agerkariak aurki emango du emaitza.
    sarea eta euskara
    Bitartean… sarean euskaraz jarraitzea izango da gure apusturik sendoena, teknologiarik berriena baliatu, software librea lokalizatu eta erabiltzaile gehiago erakarriz euskarazko tresna eta gunetara.
    Komunitatea sendotu eta gure gaitasunak munduan erakusteko moduan jardun.

    Euskarak sarean aurrera egin dezan:

    • edukiak Webguneak, blogak, wikipedia, mota guztietako edukiak.
    • erabiltzaileak Edukiak irakurtzeko, tresnak erabiltzeko (euskarazko nabigatzaile, joko, software, gune….), parte hartzeko, gehiago sortzeko.
    • tresnak (software librea)  Apustu garbia egin beharko luke gurea bezalako komunitate batek software librea erabiltzeko.
    • komunitatea Euskaldunok osatzen dugun sarea. Globala eta lokala uztartuz. Euskal Herrian, zein munduan dauden euskaldunak oro.
    • bisibilitatea. Egiten dugunari, sortzen denari, garenari eman beharreko ikusgarritasuna. Gettotik ateratzeko ahalegina, ikus gaitzaten. Bagarela esateko.

    Horra hor, bost puntu edo berbetan neure esateko guztia. Ea besteok zer dioten.