-
Laboa eta poesia
LP bat osatu zuen Susak Mikel Laboaren urteurrenean. Gaur kantuok entzuten aritu naiz. Hamar dira, hainbat poeten kantuekin. Baina antologia ederra sortu dugu euskaldunok Mikel Laboaren kantuekin. Belaunaldiz belaunaldi txertatuta daude.
Poza eta tristura hartzen dut horrekin. Poza Laboa gogoratzen dugulako. Artista handia, bitxia, berezia bezain apala. Tristura galdu genuelako. Baina badakigu jakin, ezer eta inor ez dela betirako.Mikel Laboa euskal poesiaren ahotsa, besteak beste. #lp bat bere kantuekin #Laboa eta #Poesia https://t.co/dwyVqXeDnf pic.twitter.com/5uHPKar1EA
— gaztelumendi 📢 (@iPatxi) December 1, 2020
LP bat, gogoratzeko
-
Sarrionandia: telebistako albistegia ere fikzioa da
Hasier Etxeberriak Joseba Sarrionandia idazlea elkarrizketatu du Sautrela telebista saiorako. Baina elkarrizketak bere bidea egin du, zatika lehenengo, osorik ostean… telebistan eta sarean.
Joseba Sarrionandia Zuzeu sareko agerkarian.
-
Mikel Laboa oroitu dugu irratian
Mikel Laboa modu berezian oroitu dugu irratia.com emankizunean. Mikel Laboa, baina gure erara. Rock jarrera bategaz, berak ere bazuena. Txerokee diskoa plazaratu zuten musikari gazteek 1990an. Binilozko diskoaren gainean orratza jarri… eta gustura entzun ditugu bertako kantak.
Mikel Laboaren ahotsa ere entzun dugu, Joseba Sarrionandiaren testuetan. Eta azken honen ipuin liburua esku artean, eta beste liburu batzuk, eta beste lagun batzuk… musika eta literatura. Azokaren bezperetan, saioa atsegin handiz burutu dugu, buruz buru. Ibon, Jabi eta hirurok.Entzun gura baduzue… honatx gure proposamena.
Euskal Herrian ekimen politak eta irudimentsuak egin dira musikari handi hau gogoratzeko. Sarean ere oso politak egin dira. Itzelak.
-
Gora & behera
Lehen abisua jo dute Ordizian. Zelatan dabiltza. Sarean ere. Zer nork noiz non esaten dugun entzuten dute. Begira dabiltza. Asko dira, eta erne daude. Fiskaltza, polizia, audientziak, epaileak, komunikabideak alboan dituzte.
Dena terrorismoa den garaiotan, adi egotea ez da aski. Idaztea, pentsatzea, jarrera adieraztea delitu bilakatu dute. Pentsamendu politiko kritikoa, jarrera militantea, desadostasuna agertzeko gai izatea aski dute. Zigorra dute tresna. Manipulazioa estilo. Eta ordiziar gazte bat txakurrek Madrileko Audientziara eraman dute.
Adi egon! pasa seinalea. Zer idazten dugun, kasu! hitzak elkartzeko darabilgun edozein berba delituzkoa izan daiteke. Hain da arraroa gure hizkuntza hau. Aspaldi idatzia utzi zigun Iurretakoak.
Funtzionarioak zelatan ditugu beti:
bazterretik jarraitzen digute patioan,
atzetik jarraitzen digute komunera,
aurretik jarraitzen digute bisitara,
ateko mirilatik zaintzen gaituzte zeldan
eta gure loa ere zelatzen dute.
Haiengandik ezin dugu aldegin
ez patioan, ez komunean, ez bisita
kabinan, ez zazpigarren loan.
Euskara da gure territorio
libre bakarra.Euskaraz solasean hasiez gero
hara hor funtzionario bat berehala
ezkutuan gure ondora datorrela.
Zihur ez duela deus ulertzen euskaraz
baina bertan geratzen da zelatan,
espioi filmetako espioiaren moduan.
Dena dela, guk ez diogu euskarazko
lehen ikasgaia ere emanen eta,
gutako batek oharkabean bezala dio:
emukatup tab kogaid erug naedlakezta
ae neztidnufnok nugud…joseba sarrionandia, Gartzelako poemak
esandakoa emukatup oksa naurugni, at karrukaxt natalez.
kontuz beraz!