-
Zapi gorriak zerua du estaltzen!
1985eko uztailaren 7a gogoan
Ez dakit zer pasatzen den
azken aldi hontan
jendea hasi dela
dantzatzen sarritan …… eta dantzan jarraitzen dugu oraindik, ia 25 urte beranduago. Azkena iragan ostiral gauean, Manu Chao, Radio Bemba eta Fermin Muguruzak behinola Josu Landak idatzitako koplak kantatzeari ekin ziotenean.
…zerbait ikustekoa du
bi falta direlakoz
«Recuento generalean».Eta han ginen guztiak, sarri sarri dantzatzen, piti piti kantatzen. Errekuentoek zuten aurpegiarekin begiratzen genien eskenatoki gainekoei, harrituta.
Irratikoak han ziren
emititzen zuzenean
paella jango zutela
eta Piti eta Sarri bere muturretan
saltzan zeudela konturatu gabeak.Eta uztailaren 7 hartatik, sanfermin hunkigarri hartatik, igaro dira urte parrastada bat. Askotxo. Piti hemendik dabil. Irakasle lanetan ikastola batean. Artista izaten jarraitzen du. Ihesaldiaren ostean atxilotu zuten Ipar Euskal Herrian. Atera zen gero, eta izaera alaia eta irekia du geroztik. Noiz edo noiz ikusi izan dugu hemen edo han. Bizitzan gora beherak, eta aspaldian pozik dela diote. Itsasoari begira.
Sarri ere bizi da, ez dute harrapatu. Jarraitu du sortzen, literatura, kantuak, itzulpenak, artikuluak. Iheslariaren patua, fikzioa dirudien bizitza, izoztutako lagun bat balitz bezala, ez naiz hemengoa esanez, han biziz hemen balego lez… bere letrak gogotsu irakurtzen ditugu, preso izan zenaren gogoak asetzen ditu irakurlearen apetak. Kantu dira bere hitzak. Eta jarraitzen dugu dantzatzen, sarri sarritan.
Zaila dugu sortzea
doinu gogozagorik
Sarri dio herriak
txanpainaz ospaturik
Iruñeko entzierroa
desentzierroa hemen
zapi gorriak
zerua du estaltzen.Eta zinez kantu ederra sortu zitzaien Kortatukoei, Toots & the Maytals taldearen doinuak aintzat hartuta. 80. hamarkadako kantu bilakatu zen. 90. hamarkadan iraun zuen, gogoz. Eta XXI. mendeko lehen hamarkada honetan jarraitzen dugu dantzatzen, sarri sarritan. EHZ festibalean azkenengoz.
Eta gaur, uztailaren 7an zapi gorriak zerua du estaltzen!
pottdata:
Irakurketa interesgarriak:
Josu Landa ARGIA aldizkarian:
Ihesketa honek ametsak posible direla frogatu duJoseba Sarrionandiari Mitxel Sarasketak
espetxean egindako elkarrizketa:
Literatura, bizitzeko modua besterik ez daBitartean, ez oso aspaldi Manu Chaok eta FMk Bruselan eman kontzertu bateko audioa duzue hemen entzungai. Ziur Jai Alai Katumbi Express hartako kantua dela, Espainian lotsagabeki faxistek zentsuratu gura izan zuten kantu eta kantariak.
-
Mikel Laboa oroitu dugu irratian
Mikel Laboa modu berezian oroitu dugu irratia.com emankizunean. Mikel Laboa, baina gure erara. Rock jarrera bategaz, berak ere bazuena. Txerokee diskoa plazaratu zuten musikari gazteek 1990an. Binilozko diskoaren gainean orratza jarri… eta gustura entzun ditugu bertako kantak.
Mikel Laboaren ahotsa ere entzun dugu, Joseba Sarrionandiaren testuetan. Eta azken honen ipuin liburua esku artean, eta beste liburu batzuk, eta beste lagun batzuk… musika eta literatura. Azokaren bezperetan, saioa atsegin handiz burutu dugu, buruz buru. Ibon, Jabi eta hirurok.Entzun gura baduzue… honatx gure proposamena.
Euskal Herrian ekimen politak eta irudimentsuak egin dira musikari handi hau gogoratzeko. Sarean ere oso politak egin dira. Itzelak.
-
Gora & behera
Lehen abisua jo dute Ordizian. Zelatan dabiltza. Sarean ere. Zer nork noiz non esaten dugun entzuten dute. Begira dabiltza. Asko dira, eta erne daude. Fiskaltza, polizia, audientziak, epaileak, komunikabideak alboan dituzte.
Dena terrorismoa den garaiotan, adi egotea ez da aski. Idaztea, pentsatzea, jarrera adieraztea delitu bilakatu dute. Pentsamendu politiko kritikoa, jarrera militantea, desadostasuna agertzeko gai izatea aski dute. Zigorra dute tresna. Manipulazioa estilo. Eta ordiziar gazte bat txakurrek Madrileko Audientziara eraman dute.
Adi egon! pasa seinalea. Zer idazten dugun, kasu! hitzak elkartzeko darabilgun edozein berba delituzkoa izan daiteke. Hain da arraroa gure hizkuntza hau. Aspaldi idatzia utzi zigun Iurretakoak.
Funtzionarioak zelatan ditugu beti:
bazterretik jarraitzen digute patioan,
atzetik jarraitzen digute komunera,
aurretik jarraitzen digute bisitara,
ateko mirilatik zaintzen gaituzte zeldan
eta gure loa ere zelatzen dute.
Haiengandik ezin dugu aldegin
ez patioan, ez komunean, ez bisita
kabinan, ez zazpigarren loan.
Euskara da gure territorio
libre bakarra.Euskaraz solasean hasiez gero
hara hor funtzionario bat berehala
ezkutuan gure ondora datorrela.
Zihur ez duela deus ulertzen euskaraz
baina bertan geratzen da zelatan,
espioi filmetako espioiaren moduan.
Dena dela, guk ez diogu euskarazko
lehen ikasgaia ere emanen eta,
gutako batek oharkabean bezala dio:
emukatup tab kogaid erug naedlakezta
ae neztidnufnok nugud…joseba sarrionandia, Gartzelako poemak
esandakoa emukatup oksa naurugni, at karrukaxt natalez.
kontuz beraz!