• hurrengo geltokia,  pasahitza

    Sare sozialen alde

    Jaien alde, lanaren alde, ikastearen alde, drogen alde, bizikleten alde, mendiaren alde, bertsoen alde, erlijioen alde, itsasoaren alde…. hipokresiaren kontra. Beti.

    Zortzikoa Mayabetik idatzi berri du Jon Sarasuak, berak esan, kazetariak entzun, ostean idatzi eta naiz.eus atarian jende askok irakurri duen kontuaren harira, batez ere izan duen erantzun zaparrada, sortu duen kalapita, eta izan den harrabotsarekin motibatuta. Bertsoa, kultura, gizartea, jendartea aldatzen doa. Eta garaian garaiko eztabaidak, tresnak, ahotsak eta diskurtsoak eraikitzen dira. Hori da kontua. Aldaketa. Eguneratzea. f5. Besterik ez. Jon Sarasua irakasle eta bertsolari ohiak, ohartxo bat, doinu librean eta zortzi puntuko motzean idazten du bertan.

    • 1. Ez dut sare telematikorik (nork agindu zuen «sare sozial» terminoa gordetzea sare telematikoentzat?) eta ez dut irakurri nire hitzaldiari buruz egindako txiorik. Ziurrenik gehienok dakizkizue nik baino hobeto txioen espazio horiei egozten zaizkien ezaugarriak, behar psikologikoak eta gainerakoak. Higiene xumea da niretzat horretan ez ibiltzea, baina ingurukoek kontatu didate zerbait, xehetasunik gabe, soilik hiru titular: zalaparta, histeria, eskuin muturra.
    Guk baditugu sare sozialak. Eta bere hitzaldia irakurri dugu. Hitzaldian egon zirenekin mintzatu gara. Eta irakurri ditugu iruzkinak, komentarioak, artikuluak (Markos Zapiainek Zuzeun, Juan Luis Zabalak berrian…) eta txioak ere bai.

    Txioen espazio hoiei egozten zaizkien ezaugarriak egozten zaizkie ere gaur egun bizitza honetako jarduera askori. Apropos batzutan, inbiriaz askotan, ezintasunetik sarri, edadismotik maiz, ulertzeko borondate ezarekin usu, ezezagutzatik gehiegitan eta arrazoitik ia beti. Behar psikologikoei buruz gutxi dakit. Hitz eginez ulertuko genuke agian. Kontsultarik eta pastilarik gabe, beharbada. Baina beharra zerk sortzen duen, agian garrantzitsuagoa da.

    Higiene xumea da berarentzat hauetan ez ibiltzea. Baina bere inguruko zikinak badabiltza antza. Eta luze jardun da irakurri gabeko mezuei buruz. Komunikazio eskola baten, hezkuntza ikasketak egin nahi dituzten XXI. mende laurden honetako ikasle eta belaunaldi berrien aurrean, oso jarrera -zelan esango dugu- aurrerakoia? hezitzailea? prestatua?. ..

    Ardoa datorkit burura. Gure kulturaren sustengu, inspiratzaile, balore, ondare, erakusgarri, merkatu edo zaletasuna. Ardokeria ez da garbia. Zikina. Ez da erraz garbitzen. Ardoak kalte izugarriak sortu ditu gurean. Luzaroan. Mozkorra. Mozkorkeria. Kristal hautsiak. Borrokak. Biolentzia. Gorrotoa.

    Gizarte honen hipokresia aplikatzen zaio maiz gustuko izan ez, edota ezagutzen ez dugunari.
    Eta sare sozialen txanda bizi dugu orain. Internetekiko eszeptisimoa, itsukeria, ezagutza eza aspaldi da ezaguna teknofoboen artean. Sareak ez du gauza onik ekarriko. Militarren eta kapitalismoaren tresna da. Sare sozialak, komunitatea, partekatzea, interakzioa, ezagutza, banaketa… balore positibo eta hezigarri bezala dauzkagunok asko gara. Ulertuz, jabetuz eta kexatuz… gure inguruan zarata asko dagoela. Hedabideetan bezala, ikastetxe eta langileetan bezala, kalean edo etxean. Zarata metafora da. Bolumenaz gain, beste gauza asko adierazten ditu.

    zalaparta, histeria, eskuin muturra aipatzen ditu Jon Sarasuak sare sozialetatik jaso duena laburbiltzeko. Nik ikusi ditut ere, Unibertsitateko udako ikastaro baterako gonbidapenak. Feminismotik egindako kritika eraikitzaileak. Bertso munduko batzuen txaloak. Eta txistuak. Ikusi dut kritika politikoa. Kritika ideologikoa, jantzia. Irakurri ditut lausenguak eta eztabaidarako proposamenak. Sare sozialetan barik, twitter -orain X- sarean. Urrutira gabe.

    Sare sozialak euskaraz darabiltzagunok, ahalegin bat, begirada bat, proposamen bat, saiakera bat egiten dugu gure mundu hau apur bat hobea izan dadin. Eta benetan diot, asko gara. Eta gehiago behar genuke. Eta saituko gara. Besterik ez.

    abesti bat



    Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude

    ———————— Gorka Urbizu.

    beste kanta bat, idiotak dena dakienean



    Besterik ez?

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Suagaz olgetan

    Suarekin jolasean

    Atxilotuen facebook-eko argazkiek, zeresana franko ekarri dute gure blogosferan be. Atxilotutakoen argazkiekin prentsak egin duena ez du parekorik, baina berdin egingo lukete youtubeko bideoekin, blogarekin edo beste zerbaitekin ere….
    Atxilotuek baina, Espainiako selekzioaren kamiseta soinean izateak…. eztanda egin du.

    Jon eta Adur Espainako selekzioaren kamisetarekin

    [ jon rosales eta adur aristegi Rojaren jarraitzaile moduan ]

    Eztandaren ondorioak e-blogosferan

    Mikelek facebook-eko kontua itxi berri du, eta Xabierrek ez du izango ziurrenik… Fredik gerizpetatik ibiltzea gomendatzen digu facebooken bertan, eta Joxeri FUD bat iruditzen zaio guzti hau.
    Eztabaida badagoenez… nik be parte hartu gura dut. Sare sozialen alde, oraingoan. Eztabaida zabaldu da dagoeneko, eta eztabaida sustatzen gabiltza, guztion artean.

    eitb.com gunean, eztabaidarako iritzi interesgarriak topatu ditut.  ¿Son públicos los muros de Facebook y Tuenti?

    • Sare sozialak beharrezko ikusten ditut, interesgarri, erraz eta oso potente
    • Pribatutasuna eta Internet eztabaida interesgarria da, askok zeharo antzutu arren. Norberarengandik hasten da kontua
    • Sarean esperimentatuz ikasten da, bizitzan bezala. Eta ikasi ahal jardun, eta ikasten jarraitu
    • Zer daukagu jakintza, esperientziak, bizipenak sozializatzearen kontra?
    • Internet hain txarra da? zer da ona GARA eta egunkariak? Hedabideak onak dira?
    • Uste nuen, sexuan bezala… bizitzan bezala, argi ibili beharra dagoela. Alegia, kondoia, kaputxa… behar ditugula erabili.  Hiesagatik da txarra sexua? Ajeagatik ez gara mozkortzen? Nekeagatik ez goaz mendi tontorrera? Kartzelagatik ez dugu burrukatzen?
    • Facebook kritikatzea modan jarri da, eta facebook maila handi batean bere erabiltzaileek gura dutena izango da… facebook ez da txakur bat, txakurrak ere facebooken dauden arren, baina gutariko bakoitzaren barruan ere badago txakur bat.. hori argi izan. Guk geuk jakin behar dugu zertan ari garen…
    • Suarekin dabilenak jakin behar du, suarekin jolasten… erreko ez bada. Ni ez nago, holan, beste barik sua etetearen alde, maite ditulako kea, kafeina eta mari landara…. horregatik erretzea gustatzen zait, laket dut…. Surik ez balitz?!

  • agit/prop,  teknologia berriak

    Facebook blackout, greba bat sarean

    Gaur, arrastiko 18:00etarako deialdi bitxia daukagu facebook erabiltzaileok. Sare sozialean, erabiltzaileen indarra utzi gura da agerian. Asko garela, eta gurekin ez dutela nahi dutena egingo. Milioitik gora erabiltzailek esan du blackout egingo duela. Alegia, itzali egingo duela facebook.

    Bitxia da deialdia, baina interesgarria ere bai.

    Aspaldi honetan, gero eta gehiago dira facebook bezalako sare sozialak erabiltzen dituztenen lagunak. Han ikusten ditugu aspaldikoak, han mintzo gara gure kontuetaz, bertan erakusten ditugu azken berrikuntzak, eztabaidatzen dugu bizitzaz, softwareaz edo kexatzen gara albokoaren zarataz.

    Sare sozialen garaia bizi du Internetek. Eta erabiltzailea da nagusi bertan, ikusiko dugu. Itzalaldiaren ostean, beharbada.