• agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Idazten, frogatzen, saiatzen….. bat ez da nekatzen

    Aspaldian ez diot astindu askorik eman blogari. Izan ere, gero eta gehiago, sare sozialetan ematen dugu denbora gehien. Baina haizeak daramatza berbok. Eta ia ezer ere ez da geratzen gero.
    Blogak ez daude modan, badakigu. Baina idatzi eta irakurtzeko hor daude beti. Bilatzaileetatik erortzen gara batzutan blog interesgarrietan, edota zerbait zehatza nahi dugulako ari gara informazioa bilatzen. Sakonagoa. Landuagoa.

    Gaur, basoan oinez ari nintzela blogerako hiru lau gai etorri zaizkit. Baina ez diet heldu. Baina heldu beharko nieke.

    Hasteko, uger apur bat kendu diot erabat herdoildu aurretik. Eta gero gerokoak.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    jalgi hadi mundura!

    Urtea pozik hasi dut.
    Asmo berrien bila ari nintzen, lan berri baten bila alegia. Eta sare sozialek horretarako ere bere balioa dutela ikusi dut. Gogorra da batzutan norberaren egoera edo ezintasuna sarean azaltzea. Baina, jende on asko dago bazter guztietan. Eta bazterretik, ertzetik ari garenean, aldamenean sentitzen dituzu asko. Eta oso eskertzekoa da hori.

    Urrian idatzi nuen mezu hau:

    Eta berehala hedatzen hasi zen. Mezuak, galderak, bertxioak, eta baita proposamenak ere. Eta oso eskertzekoa da hori. Harrituta batzuk, kezkatuta baten bat.

    Zientzia astea
    Baina ia egun berean lan eskaintza bat izan nuen, eta hurrengo astean Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duen Zientzia astea kudeatzen ari nintzen Gasteizen, eta handik aste batera edo Arkeologia museoan ekitaldi guztiaren ardura hartu nuen. Hizlariak, zientzilariak, umeak, gurasoak, unibertsitateko arduradunak, museoko kudeatzaile eta langileak, unbertsitateko langileak, webmasterra… Gasteizera joan etorriak, eta pozarren lanean. Kontratu mugatua, bi astekoa edo. Baina lana. Eta ardura. Eta kudeaketa. Eta emaitza eta harreman onak. Eta hori, oso garrantzitsua izaten da.

    Durangoko azokan
    Hitzordu garrantzitsua neukan azoka egunetarako. Aurretik zerbait hitz eginda neukan, eskaintza bat izan nuen, serio hartzekoa. Bazkaltzeko eta hitz egiteko geratu ohi gara horrelakoetan euskaldunak. Azoka egunetan urtero egoten naiz Durangon Susa argitaletxearekin lanean, 25 urte baino gehiago izango dira. Eta networking sare emankorra da dudarik gabe. Aurten ere. Eta bateko eta bestekoagaz berbetan, huntaz eta hartaz aritzeko lekua izaten da gure merkatua. Eta nik agendan, gorriz neukan egun bat baino gehiago ere. Abenduak 6 zuen egutegian. Konstituzioaren eguna. Gogotsu eta umoretsu altxatu nintzen Abadiñoko Murueta baserrian. Eta serio jarduteko tenorea zela neritzon orduan.

    Arratsalde iluntzean, baten batek txioa ahotsez bergogoratu zidan. Serio zebilen. Ohartua zen. Azkarra da. Harratu zuen, ez_ironia. Baina nik hitzordu garrantzitsua nuen. Eta bazkaritarako lekua lotu beharra neukan. Egin nituen pare bat dei, eta normalean baino jende gehiago ibili da azoka inguruko herrietako jatetxeetan. -Ze poza! lekuak okupatuta egotea eta jendeak jatetxeetarako gogoa izatea. Garaiko herriko tabernako jatetxera deitu nuen, eta zenbakia markatzean telefonoak gogorarazi zidan duela bi urte ere egun berean deitu nuela -eta ze ondo bazkaldu genuen orduan! Hertzainak taldekoei elkarrizketa egin ostean joan nintzela gogoan dut, pozik- . Handik egun batzuetara publikatu zen GARA egunkarian elkarrizketa. Eta orduan hitz egindakoak, eta arraina ze gozo zegoen….

    Tira, kontua da 2021eko abenduaren 6an bazkari garrantzitsua neukala. Eskaintza bat. Baiezko bat. Adostasun bat. Bide berri bat. Urte berriarekin lanean hasteko konpromezua. Ilusioa.

    Asmo berriak

    Eta urtarrilarekin, bide berriei heldu. Konpromezuz. Eta dagoeneko Bilboko Euskararen etxean instalatu naiz. Mundura begira Bilboko itsasadarretik. Hizkuntzaren inguruan, sarean. mintzanet.net proiektua kudeatzen, lagun berriekin. Asmo berritzailez gainezka. Eta lantokira lehen batzarrak egiten etorri, eta Uruguaiko bi euskaldun ezagutu ditut, Euskararen etxetik abiatu eta Jalgi hadi mundura! izeneko sarean ere murgildu naiz, mintzanet-eko erabiltzaileek elkartzeko osatu duten nazioarteko ekimenean. Eta poza dario nire berba eta izateari. Bilbon euskaraz. Munduari. Sarean. Iraultza digitalean murgilduta. Gaur. Hemen. Orain. Gogotsu.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Twitter? Ez eskerrik asko

    Twitter toxiko bat hedatzen ari da. Eztabaidak kalapita bilakatzen dira, iritzi ezberdinak hasarre sortzaile, begirune falta, enpatia eza… inork nahi ez duen gune bat. Troll garaia bizi dugu, eta ahots asko desagertzeko zorian.

    euskal komunitatea

    Hala ere, euskal komunitatea beste zerbaiten eredu izan daitekeela deritzot. Zaila da, badakit. Biziatuta dago. Ez gara besteengandik horren ezberdinak. Baina; urteotan beste zerbaitetarako baliatu izan dugu sare sozial hau. Zerbaiten adierazgarri izan da. Orain, irainak, mesfindatzak eta trolleoak hartu dute gain. Gainezka dago. Ulertzekoa da, jende askoren hasarrea, joan edo uzteko gogoa, baina ahuldade horretan, sarea bera izango da kaltetuena. Gure komunitatea.

  • agit/prop

    Agur Hasier

    Lagun bat joan zaigu.
    Idazlea, kazetaria, sortzailea.
    Hasier Etxeberria.
    Euskal kultura, hizkuntza, nazioa, gastronomia, telebista, sarea… zer ez duen astindu urte hauetan guztietan.
    Asko maite genuen.

    Eta gaur sarea bor borka dabil. Bihotzez. Maitasunez. Gogoratzen.

    Hasier gogoan


  • #bidegorritik,  agit/prop,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    #bidegorritik abiatu gara

    2000. urtean sortu genuen Jabi Zabalak eta biok irratia.com
    Euri apur bat egin du geroztik. Bidea emankorra izan da. Zentsu askotan.
    Komunikazioan, hedabideetan, herrigintzan, ekonomian, kulturan…
    Ez dugu etsi hala ere. Hemen jarraitzen dugu.
    bgargazkia

    #bidegorritik

    Eta orain ekin diogu berriro be irrati emankizun bat baino gehiago izango den bide berri bati. Irratitik abiatu gara, ikusentzunezkoak lantzen, sare sozialekin uztartzen… ikuspegi transmedia batean, eduki interesgarri eta atseginak sortuz.

    Bide horretan, astero Bilboko estudio txikitik, herriz herri gertatzen direnak aztertzen eta kaletik bertatik, gailu mugikorretarako edukiak sortu eta hedatuz… ilusioarekin eta ausardiarekin ekin diogu.
    Entzungai dago, eta sarean zabaltzea da orain hurrengo erronka. Irrati libre ezberdinetan entzun dadin eta jendearen artean sustatu.

    bidegorritik.irratia.com
    bideberriakasmatu

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Gasteizko plazatik mundura

    Asko idatzi esan adierazi zabaldu eta hedatu da Gasteizko herri harresiaren inguruan. Desobedientzia hedatzen ari den seinale.
    Arduraz jokatzen duen gazte mugimendua erditik kentzeko boterea lanean ari da, berak dakien moduan. Arduratsu erantzun zaio hemendik errepresioari, zigorrei eta kartzelari.

    Gasteizko irudiak mundu osoan hedatu diren bezala, badira gertuagotik irudi hoiek ez zabaltzeko lana hartu dutenak, Gasteizen bertan ziurrenik, Lakuan. Jaurlaritzaren Barne saileko bulegoetan

    #resistGasteiz #resist7

    Manifestazio jendetsu eta koloretsuaren ostean, plazaren erdian milaka laguneko herri harresia osatu zen. Beste behin. Gau hotzari aurre egin zioten ehundaka batzuk. Eta astelehen goizean agertu ziren ia 20 furgoneta ertzain amorratuz beteak.
    Gero 3 orduko oldarraldi desobediente baketsua. 3 orduko poliziaren eraso ezin bortitzagoa. Eta argazki kamerak, bideoak, mugikorrak, sare sozialak, jendea sutan!

    Munduari itzulia eman dioten argazki irudi eta mezuak. Salaketa publikoa.

    Nazioartean

    Osteko errepresioa

    Txoria nuen maite | @irribarrez

    Amaitzeko zentsura

    Eta badirudi Lakuatik bertatik, Erkoreka bozeramaileak proportzioak neurtzen lan egiten duen tokitik mugitu dutela youtubeko kanaletatik ertzainen basakeriak kentzeko agindua. Eta youtubek bete ere, 100.000 ikustaldi baino gehiago (ETBko programarik arrakastatsuenak baino gehiago, bidenabar esanda) dituen bideoa kenduz.

    Bideoa noski, berriro igo dute youtubera. Eta sare sozialetan hedatzen ari da, apurka apurka.

    Balorazio azkar bat

    Zebrabidea saioan, komunikazioari buruzko solasaldian egunotako kontuak aztertzen.
    [audio:http://bitakora.arrosasarea.org/podpress_trac/web/21103/0/PATXI-GAZTELUMENDI-150520.mp3]


  • agit/prop

    H28 aldizkaria sarean

    Barre egiteko, bazilatzeko, ondo pasatzeko, kezka agertzeko, salatzeko, margotzeko, alaitzeko, edozertarako…
    Faltan botatzen genuen, adierazi… eta asmatu dugu antza:

    Biñetan jarrai! duda barik.

    eta bitartean, musika ona entzun gura izan ezkero… hemen nu jazz eta funky beats batzuk, lasai lasai entzuteko:

    jazz breaks from stelo on 8tracks Radio.

  • gaztelumendi.eus

    10 urte blog honetan

    2004ko abenduarekin, neguaren atarian abiatu zen proiektu hau.
    Hasieratik informazioa, iritzia eta trukea lantzeko asmoarekin. Diseinua, irudia, software librea, ideia berriak eta eztabaida sustatzeko gogo itzelarekin.
    Garaian garaiko teknologiak, aukerak, tresnak ezagutuz eta frogatuz… urtez urte, aroz aro… lekukotza digitala ematen, uzten.


    Argazkiak.org | gaztelumendi.org zaharra © cc-by-sa: gaztelumendi

    2004ko abenduko sarrera batzuk, oraindik gordeta daude behin eta berriz eraberritutako artxibo digital honetan, gaurko gaztelumendi.org proiektuan.

    Argazkiak.org | Egunkaria libre! © cc-by-sa: gaztelumendi
    Urtebete lehenago Egunkaria itxi zuten. Ez zen aspaldi egin eta egin irratia indarrez itxi zituztela. Egunkaria eta egin irratian lan egin nuen. Adierazpen askatasuna eta informazio eskubidearen kontzientzia banuen, tresna berriak behar genituen. Sortu beharra zegoen.

    gazte10mendi

    WordPress

    Lehen egunetik, lehen hitza argitaratzeko unetik wordpress software librearekin sortu eta garatu da proiektu hau. Hasierako konfiantza areagotu besterik ez da egin bertsioak ezagutu ahala. Gaur egun sarean edukiak modu erraz batean kudeatzeko dagoen tresnarik aproposena da wordpress. Mundu osoan edukiak lantzeko gehien erabiltzen den baliabidea. Librea eta komunitate handi batek garatua eta hedatua.
    Gurean gainera, euskaraz ere bertsioz bertsio gero eta errazagoa, erabilgarriagoa eta txukunagoa.
    wordpress
    Hasierako hautua, aproposa, ondo aukeratua eta estrategikoa suertatu da. Gerora, makina bat gune sortu ditugu inguruan wordpress baliatuta.

    2004ko artxiboak berrirakurrita, orduko apustuaren arrazoien indarra, eta asmatu izanaren ostea ditut orain begiko.

    Bitakora osatzeko urratsak

    Bitakora edo blog hau egiteko WordPress erabiltzen ari naiz, edukien kudeaketarako, eta batipat blogak egiteko dagoen software librean den programarik onenetakoa, aproposena bai behintzat. Une honetan euskaratze prozesuan dago programa bera, eta laister, gune honetako interfaze guztiak ere euskaraz irakurri ahalko dituzue.

    WordPress oso erraza iruditu zait. Erabilterreza. Aukera asko ematen ditu. Estiloei dagokionez adibidez, aukera asko eskaintzen ditu; css-etaz ezer ez dakienetakoa nauzue, baina Alexking adituaren gunean, estilo ugari ikusi ditut, eta gune honetarako WordPress css lehiaketan bigarren postua erdietsi zuen Rubrick estiloa hautatu dut. Denborarekin aldatuz joango naiz beharbada… ikasiaren podasuz.

    @iPtx
    Eta 10 urteotan asko idazteko aukera izan dut, erantzunak jasotzeko ere bai. Blogaren inguruan, teknologia berriei buruz aritzeko beta izan dut hemen eta han. Gauza asko ikusi, komentatu, eztabaidatu ditugu hemen berton. Gorakadak eta beherakadak izan ditu blogintzak orohar, eta neureak ere. Baina artxibo digital eroangarriak dira, gauzak idatzi, gorde, zabaldu, garatu, ikertzeko aukera paregabea eskaintzen dute, eskaini didate.
    Informazio eta iritzi trukerako (EZtaBAIda) artxibo digital eguneratu bezala ikusten ditut nik oraindik. Eta horretan murgiltzeko asmoa daukat aurrerantzean.
    Ikasteko eta garatzeko aukera paregabea direnik ezin uka. Umeak ikusten dituzu eskolan, zeinen errez baliatzen duten. Elkarte mordo bat, gurean ere badiren komunikazio proiektu herritarrak, alderdiak, herri mugimenduak…. eta pozteko arrazoiak besterik ez daude.
    10 urteotan, hori guztia garatzeko aukera ere egon delako. Edukiak eta jakintza partekatuz, bestelako informazio eredu bat landuz, irekiagoa, herritarragoa libreagoa.

    Ilusioz eta proiektuz betetako urteak


    Argazkiak.org | irratia.com basque digital radio © cc-by-sa: gaztelumendi
    IRRATIA.com proiektua abiatu genuen JAbi Zabala eta biok 2000ko azaroan. Sputnik bat bezala abiatu ere, gogotsu. Ilusioarekin. Internet faxaren lineatik konektatuz, Internetik ez zegoen irrati libre batean. Zuzenean emankizunak eskainiz, elkarrizketak eginez, txat kanalak irekiz, nazioartean saretik elkarrizketak lortuz, komunitate bat eratuz…. ilusioa…. gogoa, ikasteko gogoa, grina. Kazetaritza eredu berri bat, informazioarena, hizkuntzarena eta kultura digitalarena.Podcast berba da garai horretatik gogoan daukadan. Eta Arrosa sarea, eta Bilboko irrati libre eta euskaldunak. Eta beste irrati eta medioekin izandako harremana…

    Argazkiak.org | irratigintza euskalduna © cc-by-sa: gaztelumendi
    www.irratia.com
    DeLoReaN taldeko Ekhi elkarrizketatu genuen azken saioetako batean:
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100517.mp3]
    ….//…..
    Literatur Emailuak
    2002ko urtarrilean eposta bidez Literatur Emailuak egiteko ardura hartu nuen Susa literatura argitaletxean. Sareko lanak, literaturaren inguruko agenda, berriak eskaintzen hasi ginen. Gerora astero astero jarraitu dugu Emailua igortzen. Lotu barik. Sarean erreferentzia bilakatu da. Proiektu berrien bultzatzaile eta kudeatzaile aparta da armiarma.com egun. Lantalde itzela inguruan, langile porrokatuak, literatura ezer baino gehiago maite duen jendea, jarraitzaile asko nonahi, onarpen zabala, eta sareko erreferentzia gure kulturan. Denborarekin, Literatur Emailuen artxiboa bloga bilakatu zen tresna moduan, agenda, efemerideak, liburu osoen loturak, albistegi digital… denetarik du orain formatu berrian.

    albisteak 2.0
    Ikusi eta ikasi kantatzen genuen Delirium Tremens taldearekin. Eta hor abiatu ginen Galder eta biok telebista saio berritzaile batekin. Sarea, bideoak, jarrera berri batekin. Berrikuntza eta 2.0 helburuekin. Mikrosaio bat, sarean partekatua izateko. Sare sozialetan trebatu eta mugimendua sortzeko. Hainbat egin genituen.

    Memorioa historikoa, gauza asko dago oraindik gogoratu eta kontatzeko, apurka apurka egingo ditugu… guztion artean. Irudi, mezu, sare sozialetako aipamen, artxibo eta elkarrizketen artean.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    patchwork garaiak Euskal Herrian

    sarea ehuntzen ei dabil mundu guztia hemen, traje berria jantzi gura izatearen ajeak. Denok sastre izan nahi izatea be, a ze desastrea!
    #ehuntzen topic topic… ez ote garen topikoegietan eroriko guztiok, patchwork garaiotan.


    antzerkiasareaedozer


    Sare_ehuntzen


    Biolentzia matxista salatzeko ekimena.

    josi

    Adibideok dena esaten dutela uste dut…

    segi ehuntzen, beraz:

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Udan ez dago etenik

    • Ideiak sortzeak eta ideien garapenak udan ez du etenik. (i+g)
    • Komunikazioaren gerrilla freskotu egiten da hondartzan, pankarten brilloa nabarmentzen da eguzkitan… grafitiek kolore biziagoak behar dituzte egun eguzkitsu zein lainotuetan.

     

      • Harean margotzen dute gorputz biluziek, txoznetan pankartek estaltzen dituzte zuloak, irratietan saio freskoagoak egin nahi dituzten arren, berunezko gaiekin ari gara oraindik…
      • Ideia zoragarriak sortzen dira, gurean bezala munduko beste leku batzuetan: #yeswecanvies


    #yesWeCanvies

    Oporretan, lan barik, letra eta kantu artean jarraitzen dugu oraindik: bietan jarrai. Bitartean, Gazako gorputzen gainean suak darrai, lurra txikitu eta jendea erruz hiltzen ari dira. Eta munduaren beste erdiak erasoa gelditu ezinik, elkartasuna erakusten dio Palestinari, herriari, herri izan nahi eta uzten ez dioten horri. Hemen Urkullu bezalakoek txorradak esaten jarraitzen dute, txistua jotzen dute ekitaldi ofizialetan eta nazioarteko bakegileak atenditzeko astirik ez dute izaten.

    Eta guk irratian, horretaz guztiaz berba egiterik besterik ez daukagu, udako saio fresko izan nahi duen horretan. Karelean, info7 irratian.

    Hau guztia eta gehiago da uda, ez dago etenik. Ez ur etenik, ez su etenik. Atxiloketak hemen, bonbardaketak han.


    Bakegileak nazio artean bidaiatzen. Gu hondartzan etzanda. Tertulianoak oro jakile. Kazetariak galduta. Iparrorratzen garaia behar luke honek.

     
    udagiro
    Uda gerra da, beste modu batera, beste eguraldi batekin. Guztiontzat.

    breaakaway_1
    agit/prop 2.0