• ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Azken berriak (ikusentzunezkoak)

    Mezu bat igorri dit Unai Iturriagak, idatzi zuen azken gidoiarekin egin den azken filmearen harira. Animazio film luze bat da. Asisko Urmenetak eta egin dituzte marrazkiak (kasu! bi dimentsiotako marrazki bizidunak, interesgarria bide urratse hori), Juanjo Elordik zuzendutako filma. Mikel lagun honddarbitarra ere tartean ibili da… produkzioan ere Michelle aritu da. Beraz, filmearen ingurumarian ezagun gehiegi.

    Trailerra bera interesgarria egin zaidanez, hona ekartzeko modukoa iruditzen zait. Datorren apirilaren 22an -eguenez- aurkeztuko dute Bilboko Kafe Antzokian. Eta egun berean, elkarrizketa egin asmo diegu irratia.com saioan.

    irratia.com miniPod batean

    Gero gure podcast saioekin frogak ere egin ditut. MiniPod batean eskaintzeko moduan, playlist ezberdinak blog, sare sozial eta halangoetan kopiatu eta jartzeko moduan.

    Hemen frogatxo bat:


    MusicPlaylist
    iPod bat erabiltzen badakizue ezta? ba sakatu play, eta gero gerokoak. irratia.com aro digitalera ondo egokitzen dan saioa da eta.

  • larrabetzutik,  pasahitza

    lau ertz eta saio borobila

    Urteroko bertso saioa izaten da abenduaren 25ekoa. 1994an hasi ginen antolatzen. Ari naizela! Ari naizela! ekitaldietatik azkena izan zen ordukoa. 1994ko Euskal Herriko finalistak izan genituen orduan, Andoni Egañak lehen txapela jantzi eta astebetera. Frontoia bete genuen, eta hurrengo urtekoan pentsatzen hasiak ginen.

    Egin genuen 1995ekoa ere, frontoian. Baina hotza gogoratzen dugu ordutik, eta Sarasua eta Egañaren bertsoak, Areitiorekin. Leire Bilbao hasiberria ere gogotsu zetorren, ahots ederragaz.

    Hurrengo urtekoa gaztetxean egin behar zela zioskun Xabier Amurizak. Eta halan hasi ginen 1996an. Tartean eztabaidak ere izan ziren herrian, hobeto zela frontoian egitea, beroagoa gaztetxea, hau eta bestea. Kontua da 1996tik ari garela gabonetako bertso saioa Hori Bai gaztetxean egiten. Eta urtero betetzen da. Urtero berotzen da. Urtero gozatzen dugu bertsoagaz, aurten ere berdin, eta urtero ezberdin.

    Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Fredi Paya, Xabier Silveira

    Lau ertz zituen saioak. Lau bersolari ezagun. Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurditik, nor bere mahaitik jaiki, eta gurera bertsotara etorriak. Bertsolari handiak laurak. Beteranoak bere gaztetasunean. Zein baino zein.

    Etxahun Lekue aritu zen gai jartzaile. Ondo. Sartu egin zen saioan, sartu zituen bertsokideak be. Bertso eskolan atondutako gaiak ziren, aproposak. Lana ondo betea zuten gaztetxean astero batzen diren bertsozaleek. Ondo egindako lanak, hobeto eskertzen ditu gero bertsolariak bezala, entzulegoak ere.

    Entregatutako entzuleak.
    Iluntzeko zazpiretarako ondo beteta zegoen Hori Bai. Epel epel gaztetxea, eta bertsolariak hurbildu zirenerako txalo zaparrada. Eskenatokitik kantuan hasi eta atoan girotu zen saioa. Etxahunek agindu, bertsolariek erantzun. Puntuak jarri, ofizioka aritu. Paperean sartu eta saio elegantea egin zuten.

    Larrabetzu.org gunean atoan egongo da saioa entzungai, eta zaleak badauka orduterdi atsegin bat igarotzeko aukera.

    Entzun gura badozu:

    [audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai071225.mp3]