• albisteak 2.0,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  software librea,  su-etena | ceasefire | tregua,  teknologia berriak

    zelan urtea badoan

    Milurtekoa izan zen, hamarkada, eta hau ere badoa.

    10 urte 2000an, XXI. mendeon… eta hau ere badoa.

    2011 dator, bihar, edo etzi. Eta urtea badoa, negua joaten den bezala. Egunak datozenlez.

    Ez gara zaharragoak, bizkorragoak, jakintsuagoak… atzokoak gara, bihar. Ere.

    Tokatzen da esatea, gogoratzea, oroitzea, agurtzea, eta ondo ondo geratzea.

    Urteak askorako eman du, beste buelta bat eman du gure mundu arrano honek. Eta buruari ere buelta asko eman dizkiogu, ideia txoro asko izan ditugu buruan, eta batzuk gauzatzeko aukera suertatu zaigu. Eta ez da gutxi. Pentsatzen jarrita, asko, askotxo… larregi inoiz ez. Baina badoa, eta oroimenean geratzen dira. Egunerokotasunean.

    Azkar, urteko hiruzpalau flash.

    euskal herrian . INFO
    euskalherrian.info
    proiektuan murgildu gara aurten. Zer ari da gertatzen Euskal Herrian? galdera horrek, badu erantzuna sarean. Bizkor ari da hedatzen. Proiektu berriak, irekiak, partehartzaileak ari dira sortzen. Eta batzutan, harritu ere egiten gara, abiadurarekin. Indarrarekin. Kemenarekin. Ausardiarekin. Irudimenarekin. Eta egia esan, Euskal Herrian gauza asko ari da gertatzen. ZoriONez. Eta ari gara kontatzen. Eta zabaltzen. Libre, partehartzaile, zabal, ireki, euskaldun. Hori da nahi duguna, horrela nahi dugu, horrela kontatzen dugu. komunikazioa, Informazioa, Teknologia (sarea + euskal herria)

    albisteak 2.0 webtv libre eta euskalduna sortu gura genuen, eta ikasten ari gara, sortzen. Astero. Eta asteko berri ematen dugu albistegi teknologiko bitxi batean. Bi lagun, lantalde itzela, medio onak, giro aproposa eta gogoa batipat. Eta urtean egindakoa biltzen hasi, eta ematen du zeozer aurreratu dugula. Balio izan duela. Merezi duela saiatzeak, aurrera egiteak, ikasteak, egunean jartzeak… baina batez ere ahalegintzeak.
    #albisteak2010

    Teknologia berriak hizpide hartzen ditugu, tresna moduan erabiltzen ditugu, komunikazio kanal dira. Internet, irratigintza, mezu libreak uztartzeko parada ematen digute. Berdin Info7 irratian, Hala Bedin edo beste nonbaiten. Zebrabidean geldi geratu barik, oinez ibiltzen gara, Bilbon bide gorritik baina isilik inoiz ez.

    ekultura.net Euskal kulturgintza hizpide izan ohi dugu, eta berba egiteko jakin egin behar da. Kulturgintzan euskaldunzaharra naizen arren, alfabetatzeko beharra ikusi nuen. Eta horretarako eskolara jo behar. Hartu ninduten. Eta gustura ari naiz, eguaztenero Eskoriatzan, HUHEZIko EKT ikastaroan. Nire koadernoa da ekultura.net eta nire lanaren ardatza izan nahi du. Euskal kultura digitalaz mintzatu nahi dut, eta formazio fasean nago. Apunteak hartzen. Baina izango duzue lanaren berri, ikerketaren emaitza, ikasitakoaren ondorioak. Sintesi bat. www.ekultura.net
    ekultura.net

    Sabin Intxaurraga ere joan da, Lete bezala, Bidador bezala, gertukoak bezala, urrunagokoak bezala… eta Sabinen egoeraren berri izan nuenetik, bueltaka ibili zait ideia bera. Zenbat lan isil egin duen, ikusi gura lukeena besteok  ikusi dezagun. Bizi dezagun. Lagun nuen Sabin, bertsoa hizpide. Eta batez be, zaletasunak batzen gintuen. Herria, kultura, hizkuntza. Eta batez be, plazan batzen ginen. Plazak batzen gintuen. Txapelketa, saioa, antzokia… azkenekoz irailaren 11an izan nintzen beragaz, eta oroitzapen horregaz geratuko naz, duintasunaren irudia. Zor diogu, ikusi behar dugun hau. Beste guztia historia izango da.

    Independentistak sarea, abian den prozesu politikoa, egoera, aldaketa, urratsak… bada zerbait, eta pozik nago horrekin ere. Eta urte hau, garrantzitsua izan da bide horretan. Altsasu, Brusela, Gernika…. toki izenak, mapa bat osatzeko. Mapa horrek, Euskal Herria du helburu. Ni neu, herrigintzan ari naiz. Pozik. Baina nazio mailako edo nazioarteko ekimenetan parte hartzeko sarea badut, eta sareak ematen digu aukerarik.. ekimenak zabaldu, ireki eta antolatzeko. Horra hor nire eskuhartzea. independentistak.net

    Argazkiak.org | Independentzia lip dub koloretsua © cc-by-sa: gaztelumendi

  • larrabetzutik

    Txorierri asmakuntza barria dala eta…

    Heldu da Aikorrefur gure atarira. Asteon be, lurrean topatu dot, beste propaganda orri batzuekaz batera. Azalari erreparatu eta Sabin Arana bertan, eta aitortu behar dot nahiko aranista naizela…. holangoetan.
    Sabin Arana. Aikor aldizkaria
    Eta irakurtzeari ekin diot. Ez zait gatxa egin azaletik mamira joatea, tartean galtzua kenduta…tartean diñot.. askotxo dalakoan.
    Eta Sabin Arana historiazalearen kontuak irakurri ditut. Onartu behar dut, elkarrizketa egin dionak oso galdera obioak, oso azalekoak egin dizkiola Sabineri, tartean Sabineri buruz gitxi -gitxiegi- jakingo zuelakoan. Eskerrak Sabin jakituriaz gainezka dagoen tipo jantzia dela, eta mami ugari eskaini diola. Mami hori bereizten, kazetariak hartuko zuen lanik handiena… galdera zabalak egin ezkero, erantzunak be gero halangoak izaten direlako… luzeak, zehaztasun bakoak… eta noranahikoak.
    Kontua da, gauza interesgarri asko botatzen dituela Sabin Aranak gure herriari eta herriaren historiari buruz. Batzuk berari entzun eta irakurritakoak, eta beste batzuk interesa pizten dutenak.
    Elkarrizketa sarean dago: Aikor.com
    Gure herriaren historiari buruz zertzelada batzuk ematen dituen arren, burdinola, errota eta herriaren garapenari buruzkoak zaizkit interesanteenak.

    Larrabetzuren garapena:

    Garapen hori burdinolen eskutik etorri zan. XV. mendean lau burdinola egozan berton, eta hori oso datu bitxia da, Larrabetzu oso herri txikia dala kontuan hartzen badogu. Burdinoletatik horreen jaubeek ez eze herritar askok be ateraten eben bizimodua. Baserritik ozta-ozta ateraten zan jateko, eta herritarrek bertoko basoetan bildutako egurraz egindako ikatza saltzen eutseen burdinoletako jaubeei. Kintal bat burdin egiteko, lau ikatz zama ziran beharrezkoak… beraz, atera kontuak! Beste alde batetik, Larrabetzukoa burdinolaren jaubea zan Euskal Herriko uri bakarra zan, beste guztietan errotak baziran be.

    Baina bitxiena gero dator, titularretara eramateko modukoa dena eskualde aldizkari baten. Zer eta eskualdearen beraren izaera jartzen duelako ezbaian Sabin Aranak.

    Inoz Txorierriren ganeko ikerketa egitea pentsau dozu?
    Beno, nik batez be Larrabetzuren ganeko datuak arakatzen dodaz, baina, ez garanez bakarrik bizi, ikerketa horretan Txorierriko datuak be topau dodaz: Lezamako jentearen ganekoak, Zugazti eta Zamudio leinuek bat egin ebenekoak… Baina nik uste dot Txorierri XX. mendean asmautako izena dala. Ez dot atxinako dokumentuetan ezer topau. Ganera, Asua bailara Lezaman hasten da, han Asua ibaia dagoalako. Eta Larrabetzuko errekek, barriz, Ibaizabal ibaira joten dabe. Larrabetzu Ibaizabal bailarakoa da eta guk Arratiarako joerea euki dogu beti. Hori guk berba egiten dogun euskeran beran be bada nabaria… Baina Txorierriko Mankomunidadea sortu zanean, Larrabetzuk han sartzea erabagi eban.

    Beharbada, bereziak zariela horregaitik esango dabe gainontzeko txorierritarrek…
    Bai, ezbardinak gara, orain dala gitxi arte harreman txikia izan dogulako Txorierriko gainontzeko herriakaz. Ganera, Bilborako trenbidea bakarrik Lezamaraino ipinteak be egoera hori areagotu egin dau.

    Kazetariak berezi izate hori esaten dioenan, tenplea mantentzen du elkarrizketatuak, gutxiezteko baieztapena den arren, beste inoren ahotan jarri baina…. bota. Tira, badaukate txorierritarrek, gure egoera ulertzen hasteko beste arrazoi bat gehiago. Larrabetzun ez dago Asua errekarik, gure errekak Ibaizabalera egiten deu. Urak nora, ahuntzak basora! Eta akarrak gurean gagoz gustura….