• hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Blog proposamenak

    Goizero, kafearen ostean irakurtzen ditugu gure blogak. Nork zer idatzi duen, loturak jarraitu, rss jarioari kasu apur bat egin, eta aritzen gara gure kioskorik kiosko.
    Goizero baina, zerbait ez irakurri izanaren sentsazioa ere badaramagu. Eta posta txekeatu, twittereko mezutxoei jaramon egin eta eguneraketa deiei itxaroteko esan ostean, gune berriren bat ezagutzeko irrika pizten zaigu.
    Egunero blog berri bat ezagutu nahiko genuke, edo software aplikazio interesgarriago bat, edo auskalo zer… berritasunaren berritasunez… dena zaharra da hamabost minutu barru.
    blog elkarrizketa

    • Baina, blogak irakurtzen jarraitu gura dudala esango banizueke?
    • Proposatuko zenukete blog barririk?
    • Hori du asmotzat post honek, blog barriak  ezagutzea, ezagutaraztea.
    • Ea zenbat batzen ditugun, gero proposamenekin post luzeago bat egiteko.
    • grafikoa: robinhamman creative commons

    post-oharra: post hau twitter eta facebook bidez ere iragarria izan denez, handik jasotako proposamenak ere gehituko dira hurrengo post batetara.

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    neke digitala

    Astelehen goiza. Goizetik esnatu arren, logure ia egun osoan. Telefonoan mezuak entzungai, e-posta kontsultatu eta barikutik hainbat mezu irakurtzeko moduan, twitter edo facebook kontsultatzeko nagia, eta han ere mezu barri mordoa. RSS irakurgailuari erreparatu orduko, negritaz beltzune handi bat pantailan. Blogak, albistegiak… zer ez dagoen holango goiz batean.
    Eta gainera, asteburuko argazkiak kamara digitaletik deskargatu barik. Hau da hau!

    Kalera joan, kafea hartu eta egunkaria kioskoan erosita autobus geltokira. Autobusean neska baten ondoan jezarri eta umekerietaz berbetan hasi. Egunkaria motxilara.

    Bilbon, kutxazainera, eta hau ere hutsik. Diru digitalik ez, antza.

    Wifi bidezko kafe bat eskatu eta konexioa barriro pantaila txikian. Gauzak irakurtzen saiatu, eta hau parrastada…. paso! gaur neke digitala daukat, geroko kontuok.

    Astelehenak hori dauka, gauza asko batera… jende asko berbaz, eta guztiari kasu egiteko astirik eta gogorik ez.

    Twitter-en arratsaldean galdetu dut neke digitalaren gainean, eta erantzunen bat izan da. Neke fisikoa daukat orain, orduak pasatu ahala, baina idazteko tartetxo bat hartua dut. Neke digitala joan zaidala ematen du.