• agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Adierazpen askatasunik gabe | Demokraziarik ez!

    #arteaPabloHaselekin

    Raperoen, txiolari, kazetari eta kulturaren eta artearen ordezkarien kontrako jazarpena, etengabea bilakatzen ari da. Artista eta sortzaileak adierazpen askatasunaren eskubidea baliatu baizik ez du egiten bere lanean.

    Gauzak horrela, Espaniar Estatua da, abestien edukiengatik artista gehien errepresaliatu dituen herrialdeen zerrendako lehenengoa. Une honetan, Pablo Hasel kantariaren kartzelaratzearekin, Turkia edo Marokorekin parekatzen ari da, han ere hainbat artista dauzkate giltzapean estatuen gehiegikeriak salatzeagatik.

    Pablo Haselen espetxeratzeak nabarmenago agertzen du Estatua eta bere erakundeen gehiegikerien kontrako salaketa egin dezakegun artista eta pertsonaia publiko guztien gainean daukagun ezpata.

    Egoera hau nazioartean hedatzea funtsezkoa da; besteak beste bizi dugun egoeraren berri emateko. Pablo Hasel espetxeratu dezaten uzten badugu, bihar gutako edozeinen kontra etorriko dira, horrela disidentziaren ahots guztiak itzaliz, pixkanaka.

    Hau sinatzen dugunok, arte eta kultur munduko ordezkari gisa, Pablo Hasel sustengatzeko elkartu gara, bere askatasuna eskatu eta Zigor Kodean horrelako delituak ezabatu daitezen eskatzeko, izan ere eskubideak murriztu baizik ez dutelako egiten; adierazpen askatasuna ez ezik, ideologia askatasuna, edota askatasun artistikoa.

    Zure atxikimendua helbide honetara bidali: llibertatpablohasel@gmail.com

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Horrelakoa da bizitza! #blacklivesmatter

    Errealitatea berria, nazioarteko mobilizazioak arrazakeriaren kontra, beltzen aldarrikapenak, Spike Lee zuzendariaren lanak, Negu Gorriak taldea sortu zela 30 urte. Koktel kultural izugarria da. Egunotako pentsamenduak, kantuak, mobilizazioak eta irudiak sailkatu eta gogoeta txiki bat egiten saiatuko naiz.

    Do the right thing!

    Spike Lee zuzendariaren filma ikusi eta biharamunean guztia berrosatzeko beharra ikusi dut. Filmea ikusi aurretik, azken egunotan Spike Lee beraren mezuak, iragarpenak, bideoak ikusten aritu naiz. Eta gogoa piztu zait filmografia osoari ekiteko. Duela bi urteko Zinemaldian, bere azken lana ikusi nuen, Harkaitz Canok gomendatuta. Kasualitatea edo ez, Black is Beltza Fermin Muguruzaren lana jaialdi berean estreinatu zuten.
    Do the right thing pelikula berezia da. Beltzen auzoko errealitatea irudikatzen du. Eguneroko bizitza. Italiar-amerikar (zuri) batzuen pizzeria. Familiak. Harremanak. Polizia. Musika. Irratia. Liskarrak. Eta Radio Rahim maitagarri bat tartean, bigarren plano baten hasieran, baina zurrunbiloaren eta gatazkaren erdigunean gero.

    Negu Gorriak 30 urte

    Aste honetan bertan Fermin Muguruzak gogoratu du efemeridea. 1990an beraien orduko proiektu musikal berriari eman zioten hasiera. Rap musika euskaraz. Public Enemy Parisen zuzenean ikusi ostean suspertutako sukarraldia. Kortatu itxi eta hurrengo proiektuari ekin zioten Muguruza anaiek, besteak beste. 90ko hamarkadako hasierako kantu hoiek narratiba eta estetika berri bat eskaini zioten gure kultur panoramari. Hiru harmakada beranduagoa nabarmena da guzti hori.


    Urtebete lehenagokoa da Spike Lee zuzendariaren Do the right thing filma. Estetika hori, sanpleak, dantzariak, maitasuna eta gorrotoa… isladatzen ditu Irungoen proposamenak, Euskal Herrian berritzailea izango dena.


    George Floyd gogoan

    Blacklivesmatter mugimendua nazioartean

    Poliziaren eskuetan hil zen George Floyd. Irudiak mundu osoan ikusi ditugu. Bere lekukotasuna mugikorrek grabatu zuten. Ikusgarritasun globala izan zuen bere heriotza ankerrak. Poliziaren kontrako oldarrialdia abiatu zen, bere hiritik mundu osora. Beltzen eskubideen alde ez ezik, faxismoaren kontrako mugimendua antolatu zen nazioartean. Trump bera izutzeraino. Blacklivesmatter mezuak, ozenki adierazi du beltzen bizitzak duen garrantzia.
    Euskal Herrian ere mobilizazio potenteak egitea lortu da. Iruñean Gora Herria! mezuarekin eta hiriburuetan beltz eta afroeuskaldunek deitutako mobilizazioak jendetsuak eta ikusgarriak izan ziren.

    View this post on Instagram

    Euskal Herrian arrazakeriarik ez!! #blacklivesmatter

    A post shared by Kirruli (@kirruli_libre) on

    3 brothers

    Hiru anaia ekarri gura izan ditu gogora Spike Lee zuzendari eta aktibistak ere. Film labur bat osatu du atoan. George Floyd hil berriaren heriotzak, Radio Rahim nola hil zuten gogorarazi digu bapatean, baina filmea egiteko, antzeko beste egoeraren bat ere ezagutzen zuen zinema zuzendari konprometituak. Lan honetan, Radio Raheem. Eric Garner eta George Floyd gogoratu eta omendu gura izan ditu, fikziozko irudiak eta errealak parekatu eta partekatuz.

    (oharra: txio hau eta Spike Leeren irudiak ondo ikusteko, twitter bidez zabaldu)

    Zinema, musika, kalea, artea, sarea, mezuak…



    Musika eta zinema, aldarrikapenak eta kaleko kartoizko mezuak, beltzen eskubideak eta arrazakeria. Atzo eta gaur. Gogoeta, kontakizun eta narratiba koloretsu bat faxismoa eta arrazakeriaren kontra. Guztien eskubideen alde.

  • ikusi eta ikasi,  musika

    Euskarazko RAP mugimendua abian

    Errima gorriz datoz kume berriak

    Erreportaia itzela, interesgarria egin dute Lander Arbelaitz eta Gorka Bereziartua kazetariek ARGIAn. Idatzizkoa argitaratu zuten lehenbizi, baina oraindik interesgarriagoa egin zait montatu duten ikusentzunezkoa. Twitter bidez adierazi zuten horretan zirela, eta gaur argitaratu dutenean, ezusteko polita hartu dugu.

    Hernaniko Molotoff irratian Aritz sound system (Selektah kolektiboko kidea), Baionako ostatu batean Jon Eiherabide (MAK taldekoa) eta Santutxuko grafitti baten aitzinean Norte Apacheko lagunak, disko berria kaleratu ostean.

    Rap doinuak, irratiko grabazioa, elkarrizketak…. eta bideo interesgarri bat. Kazetaritza berria abian da, eta lehenengo emaitzak argitaratzen ari dira apurka apurka.

    ARGIA.com