• gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

    Hamar kantu eder, ikasturtea gogotsu hasteko

    Egunero kantu eder bat eskaini nahi nuke, saiatzen naiz. Sare sozialetan harrapatzen ditugu batzutan, handik hedatzen… baina uda amaiera honi agurra kantuan eman nahi nioke. Entzun ditudanak, egunotan ezagutu ditudanak, oroitzapenen bat dakartenak…

    Anari

    Iraileko lehen egunean, Putzuzulo gaineko terrazatik, plano sekuentzia bakarrean grabatutako Nacho Vegasen kanta eta bideoa. Lan zoragarria. Itsatsita daukagu oraindik. Zuk ere bai?

    Diabolo Kiwi

    Garaztarrak dira. Talde aski berria. Bigarren lana dute hau. Aurreko neguan Mungian grabatu zuten, eta larrazkeneko hit asko biltzen ditu Uhin galduak berri honek. EHZ zuzenean ikusi nituen azkenekoz, aurretik beste kontzertu pare bat ikusita. Dantzarako musika, elektro pop eder bat, funky doinuak… laukote izugarri ona. Gozatu. (disko osoa paratu dute sarean)

    Ezpalak

    Aurten izan dut beraien berri. Eta entzun dudan apurrarekin oso flipatuta geratu naiz. Zuzenean makinak izan behar dute, ziur. Erritmo azkarrak, letra onak, musika itsaskorra, melodia urratu atseginak. Gogoa pizten didate, batez ere. Zuzenean ikusteko gogoa. Gehiago ezagutzeko. Eta hau pilula bat besterik ez da. Dastatzeko. Zeresana emango dute. Gehiago.

    Habia

    Opari eder bat egin zidan musikarietako baten amak, EHZ jaialdian bertan. Eskura. Hari hirukotea dira. Zinez ederra. Letrak euskal poesiak mendeetan eman dituen altxorrak dira. Musika maite baduzu, diska bikain bat. Zauden egoeran zaudela.

    Ibilbedi

    Aspaldian asko entzuten ditugu bereak. Autoan, etxean, zuzenean ere bai noizbait. Baina gehiago nahi. Eta Agerraldia egin dute. Ederra. Koloretsua. Ekialdetik hegora begira. Mendebaldean konturatu gaitezen. Bazterrak, ertzak maite badituzu, omenaldi eder bat saiatzeari.

    Joseba Irazoki

    Joseba Irazoki eta lagunak (J.I.E.L) diskoa kaleratzear daude. Orain arte kantu aurrerapen bakarra egin dute. Beti izan naiz Irazoki zalea. Denborarekin gehiago. Molde guztietan. Honek ere oso itxura ona dauka, diseinutik hasita. Bideoa artelana da, osotasunean. Josebak kantaera berria, azkarragoa. Hitz asko, hitz jokoak. Jolasa. Solas ederrak egiteko kontzertuak izanen dira disko honetakoak ere. Adi beraz.

    jotamartina

    Herrikoak dira, txikitatik auzokoak. Eta kantugintzan ezagutu ditugu beti Kattalin eta Ane ahizpak. Jabirekin hirukote itzela egin dute. Pandemiaren erdian astindu zuten gure ekosistema txikia, eta gerora sortu duten kantu eta bideo bakoitzarekin urrats bat gehiago eman dute. Bideo hau berezia da, eta aitortza den aldetik, irudi ederren jabe egingo da ikuslea. Kantak, orohar denek dute zerbait hunkigarria. Ikusteko parada baduzu, baliatu aukera. Ahots ederrak, eta ekarpen berriak gure panoramara.

    Rüdiger

    Felix Buff da. Bateriajole gisa ezagutzen dugu. Egun inguruan dugun onenetako bat da. Willis Drummond taldearekin, Joseba Irazokirekin, beste askorekin ikusi dugu. Beti bikain. Kitarra eta ahotsarekin ari da proiektu berri honetan. Diskoa entzuna nuen, single polit askoak ditu. Baina bideo hau beste gauza bat da. Usopop usaina dario. Saran grabatua, Atabalen ekoizpen bat. Beste zerbait. Txukuntasuna, ororen gainetik. Plazer handi bat. Begiratu banda. Bateria jotzeko ere ez du edonor aukeratu: Karlos Aranzegi. Bua!

    Tatxers

    Ziurrenik uda honetan buelta gehien eman duten doinuak. Behin eta berriz entzun ditut. Gogotsu gainera. Distortsiorik gabeko kitarra hoiek maite ditut. Oi! pop doinuak. Rock/roll atsegina. Baina mende eta garai honetakoa. Gaurko gazteek egina. Iruñetik, zuzen. Ikusteko dauzkat hauek ere.

    Xiberoots

    Mauleko reggae taldea. Euskal Herrian dugun onenetakoa. Zuberoeraz kantatzen dituzten kantak ederrak baino ederragoak dira. Bigarren lana plazaratu dute uztailarekin, eta anitzagoa da lehenbizikoa baino. Osoagoa ere beharbada “Honki jina”. Sarean oraindik ez duzu topatuko. Xiberoko Botza irratian egindako elkarrizketa eder hau baliatu dezakezu, bestela Mauleko Zinka ostatura fite fite joan eta eskuratu. Noizbait sarraraziko dute sareetan ere. Joanes Etxebarriak ere ele ederrak argitaratu zituen Ipar Euskal Herriko Hitzan.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

    Fermin Muguruza musikariaren playlist eta artikulu ederra osatu du Roberto Herreros aktibistak

    Roberto Herreros ezagutuko duzue beharbada. Musikaria, aktibista, idazlea ere bai. Oso tipo fina. Ez dut pertsonalki ezagutzen, baina aspaldi idazten diogu elkarri, eztabaidaren bat ere izan genuen berak eta Isidro Lopezek plazaratu zuten liburuaren pasarte batzuei buruz. Noizbait egingo dugu El estado de las cosas Kortaturen diskoaren inguruko solasaldi eta entzunaldi bat. Liburua irakurtzeko ederra izan zen, duda barik. Eztabaidagarriak ere bertako edukiak.

    Baina oraingoan, eta konfinamendu garaia dela baliatuz, Fermin Muguruzaren bakarkako proiektuetako abestiekin osatutako playlist bat sortu du Robertok. Eta testu eder bat jarri sare sozialetan. Irakurtzeko eta musikaz gogoeta egiteko.
    Berari eskatuta, testua hona euskaraz ekarri dut. Mila esker Roberto.

     



    El estado de las cosas de Kortatu: lucha, fiesta y guerra sucia
    (Lengua de Trapo, 2013) liburuan, non Isidro Lópezek eta biok euskal rock erradikala garatu zen testuinguru historikoaren azterketa proposatzen genuen, azaltzen genuen zaila dela ez pentsatzea azken hogeita hamar urteetako gure testuinguru kulturalean Kortatu etengabe agertzea ez dagoela lotuta Fermin Muguruzaren adar politiko eta musikal ezberdinekin.

    Ferminek, Kortatutik haratago, ikuspena irabazten jarraitu badu, Kortaturen historiako beste protagonista batzuekin batera (Iñigo anaia hil berria kasurako), une egokian urratsak egiten jakin duelako da. Beharbada, Negu Gorriak-en aldaketa izan zen bide horretan egin beharreko urrats erabakigarria, Kortaturen ospearen gailurrean, hain zuzen. Gero, Negu Gorriak taldetik bere bakarkako ibilbidera igaro ondoren, Dut taldearekin ‘Ireki ateak’ diskoa egin ostean.

    Bi talde handien parean dago bakarlari bezalako egindako bide hau? Hori zalantzan jarri da. Behin Isidroren lagun belgikar batek, Fermin Muguruzaren irudiarekin interes handia duenak, galdera mamitsua egin zion: “Uste duzu egunen batean Muguruzak maisulan bat sinatuko duela, ‘Clandestino’ bezala?“. Nire ikuspuntutik, agian ez, baina baita –agian oker egongo naiz– Manu Chaok, bakarka, ‘Clandestino’-n eta, neurri txikiagoan, ‘Siberie m’etait contéee’-n dauden kantak baino askoz gehiago emango ditu.

    Esperimentu gisa, playlist bat egin dut Fermin Muguruzaren kantuekin; hiru bertsiorekin eta hainbat lankidetzarekin. Azken horien gainean, a priori deigarriagoak diren batzuk utzi ditut kanpoan, hala nola Mala Rodríguezekin Esne Beltzaren Gora! diskorako egin zuena, ahaltsuagoa iruditzen zaidalako Ari rap abeslariarekin egindako Armagideon tenoreko aztarnak, Muguruzak bere hirugarren albumean bakarka egindakoa. Irizpide berari jarraitu diot beste lankidetza batzuekin, hala nola Zebdak Ferminen bi kantutan egin dituenekin, ez baitira zerrendan sartu.

    Era berean, kasu batzuetan, estudioan grabatutako grabazioen ordez, Rob Smith (Smith & Mighty), Peter D. Rose (More Rockers), Toy Selectah edo Zion Trainen kantuak jarri ditut, jatorrizkoak gainditzen zituztenak —eta batzuetan hobetzen ere bai—. Urrun-ekin, aldiz, biak sartu ditut, jatorrizkoa eta Mad Professorek egindako erremixa.
    Harritu egin nau, neurri batean, 40 korte batzeak. Hain zorrotza ez zen irizpide batekin, agian, 50ra iritsiko litzateke nire zerrenda.

    Hain zorrotza ez den irizpide batekin, agian, 50era iritsiko litzateke.

    Fermin Muguruzak Negu Gorriak-en ostean egin duen ibilbidea desberdina da, eta ez dago hanka sartzetik salbuetsita (Zuloak proiektua buruan), baina ez dago horrelako bilduma batez harro egoteko moduko artista askorik. Kontuan hartzen badugu, gainera, Muguruzak The Suicide of Western Culture lanarekin duela hiru urte baino gutxiago argitaratu zuela B-Map 1917 + 100  ahaltsua, ziurrenik bere albumik onena ‘Borreroak milaka aurpegi hartatik, agian zentzuzkoena ez gutxiestea izango da.

     

    MUGURUZA

    Fermin Muguruza: Kortatu eta Negu Gorriak baino haratago