• larrabetzutik

    Ez zaizkit kontuak ateratzen

    nor da hemen pirata?

    Goizean telefono deia, euskal hedabide batetik 10 sarrera eskaini dizkietela eta, eskaintza egin dit bertako arduradunak. Lezaman Pirritx eta Porrotx daudela eta -uste dut gainera Pirritx ez dela egoten aspaldion, baina tira…- eta ea sarrera batzuk nahi ditudan.
    Ezetz esan, eta harrituta somatu dut adiskidea. Ez dut horrelako sarrerarik nahi! esan diot, eta gero arrazoitu nire kezka.
    Zelan gura izango ditut, 12 euroko sarrera daukan espektakulu baterako gonbidapenak?!

    • Zelan justifikatu edozein familiak -bi seme alaba eta gurasoak, adibidez- 48 euro ordaindu behar izatea, arratsaldeko saio bategatik?
    • 8 talego orduterdian?
    • Ze kultura klase ari gara eskaintzen?
    • klase sozialak  pailazoen aurrean?
    • D ereduko umorea horrelakoa al da?
    • Irrien lagunak? ala diruzaleak?

    irrien lagunak? katxi porreta!
    Ez zaizkit kontuak ateratzen, eta gainera pasada bat iruditzen zait… ume txikien espektakulu batek 12 euro kostatzea.Eta ez dut inon argudiorik topatzen. Inork balitu… bota beza. Gustura irakurriko dizkiot.

    Eta ez hasi niri euskara elkarteak antolatzen duela, hau eta beste. Hau pasada bat da, edo lapurreta edo elitista bietako bat. Kultura ezin da 50 euroko bilete batean bildu arrasti bakar batean. D ereduko aberatsek ahal izango dute, gehienok ez ordea. Eta nik paso… doanik izan da ere, halango ekitaldi elitista batera joaten.
    Amorruz, eta marmarka erosi ditu batek baino gehiagok, baina ez dakit eztabaida kafe ordutik haratago joango den.
    Ez dakigu errudunak artistak edo kontratatzaileak diren, ez dakigu gurasoena den errua edo pailazoena…

    edo kulturaren izenean egiten diren aldrebeskeria guztiena.
    Kontua da, ni eta gureak ez gaudela prest, Irrien VISA lagunak izateko.

    Katxi porreta!

    Ez horixe!

    Domekan Kukubel 2.0 ikustera joango gara Durangora, Orhipean parke tematikora, ea han ze atrako egiten diguten….

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  maitatasunetik,  teknologia berriak

    Pirritx eta Mari Mototsek agurtu gaituzte sare sozialetan

    kutxi kutxi


    Polita izan da play teklari eman eta Pirritxek facebook-erako beren beregi egindako bideoa ikustea. Pailazoek sare sozialetan ere, arrakastarako bidea urratzen dihardute…. umorea ez da faltako. Torkemadaren zentsoreak ere, laister izango dituzte atzetik.
    Euskal irria berriz, barre egiteko prest. Nagusi eta txiki, zahar eta gazte… katxiporreta.