• agit/prop,  gaztelumendi.eus,  pasahitza,  su-etena | ceasefire | tregua

    Kutxa eta txistuak

    Arretaz eta harriduraz irakurri ditut Kutxako arduradun honen hitzak gaurko egunkarian.

    erakunde jakin bati emandako txistukadak eta beste erakunde jakinei emandako txalo zaparradek bertsolaritzaren kultur jarduerari berari zein mesede edo kalte egiten dioten hausnartzera gonbidatu nahi ditu bertaratu zirenak

    Bertsolaritzaren kultur jarduerari zein mesede egiten dioten ez dakit, eta kalterik bai? Bertan batutako 9.000 entzuleek, eta bakoitzak une oro txistu edo kantu, edo txalo, edo irribarre egiteko eskubiderik ez badu… zer egin behar du, ordaindu eta isil isilik egon, eta agintari guztiei men egin? Uste nuen, txalo eta txistuak protokologaren parte zirela honezkero, hogeitaka urteetako kultur jardueraren ostean.

    normalizazio politikoan murgiltzeko ahalegina tokatzen den garai honetan, erantzukizunez jokatzeko hainbat bertsolarik egindako gonbitea, norberak egin beharreko gogoetaren lagungarri

    • Zer ikusi du giro politikoak? eta egoera ekonomikoak?
    • Banketxe, kutxa eta abarren jarrerak hipoteken aferan izango du harremanik txistukadarekin?
    • ETAk armak utzi dituela eta, jendea etxeetatik botatzeari utziko diozue zuek ere?
    • ETAren kontu honek, askorako ematen du, baiki, baina batzuen muturrak ez du zerikusirik egoera ekonomikoarekin. Banketxe, kutxa eta kutxazainei txistu egiteko mila motibo daude egon, egunero 7 etxebizitza desjabetzen diren euskal erdi honetan.

    Gaur eta hemen, badago Kutxari (ere) txistu egiteko motiborik, eta egitea gainera zilegi iruditzen zait.
    Kutxak, Gipuzkoan bakarrik ez, Katalunian ere bota du etxetik jendea
    Kutxa eta desjabetzeei buruzko, beste albiste bat; horrenbeste dira
    desjabetzeak ez dira barre egiteko kontua

     

    Bertsolaritza klinikoaz, beste bi hitz
    Bidebatez, bertsolaritzan gai politiko eta transzendentalak edo mediku gaiak.. hori bada aukerakoa, bada zer hobetu. Kultur jarduerak, egoera sozialarekin ere jakin behar du jokatzen. Badira mila gai, mila motibo kantatzeko oraindik. Alde horretatik, eskertuko litzateke, eta asko, egoera sozial eta ekonomikoarekin, hemen zein mundu osoan lotura duten gaiekin saiakera bat egiteak. Medikuntzaren lekua bertsolaritzan horrenbestekoa izan ez dadin.
    Aitor Sarriegi, txapelduna
    Zorionak @asarriegi!
    Azkenik, bereziki zoriondu gura dut Aitor Sarriegi txapelduna. Beñat Gaztelumendik ere lan oso txukuna egin zuen, eta ez ninduke harrituko txapela berak eroatea. Beasaindarrak irabazteak, poztu ninduen, eta uste dut poz kolektibo ttiki bat hedatu dela sare sozialetan ere, bere htc mugikorrarekin, lantzean behin astintzen ditu eta bertsolari bertsozale informatikari informatikazaleak. Bejoindeikela @asarriegi !

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Normalite!

    Badut lagun bat, nire izen berekoa. Gero eta gehiago maite dudana.
    Berak ere, badu pertsonaia bat, gure izen berekoa, nahiz eta Napoleon deitzen dion.

    Napoleon Berrian, bertsogintza

    Ze eragin izango du gure giroak, kulturgintzaren trasmisioak, euskal….. aurrizkia duen jario osoak, Napoleon bera ere bertsotan jarri duela gure lagun honek. Eta gu, zelan ez, bibaka eta txaloka.
    [audio:http://zaldieroa.com/BLOGA/normalitatea.mp3]
    Napoleoni? Agian hori ere bai… gu barrezka jartzeko gauza bada, gora napoleon!

  • pasahitza

    Lau berba bertso txapelketaren gainean

    Badira aste batzuk, Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusia (#btn09) abiatu zela. Zestoatik Laudiora, saio andana bat izan da dagoeneko.

    • Bi hitzetan, bizkaitarrak nagusitu direla lehen kanporaketa hauetan. Unai eta Igorrez gain, beste hamar lehiatu dira eta zortzik aurrera egin dute, semifinaletan ikusiko ditugu.
    • Saioetan lehen lerroan ikusi ditugu gainera Jone Uria edo Miren Amuriza, beraien lehen txapelketa nagusian. Zeresana eman dute, eta argi dago zer kantatua badutela.
    • Orduan, proportzioak eta emaitzak ikusita, agian orain da unea hurrengo txapelketari begira -lau urte barru- bizkaitarrei partehartze handiagoa eskatzeko ezta?

    Bi hitzetan, zapore gozoa utzi digu txapelketak orain arte.

  • larrabetzutik,  pasahitza

    lau ertz eta saio borobila

    Urteroko bertso saioa izaten da abenduaren 25ekoa. 1994an hasi ginen antolatzen. Ari naizela! Ari naizela! ekitaldietatik azkena izan zen ordukoa. 1994ko Euskal Herriko finalistak izan genituen orduan, Andoni Egañak lehen txapela jantzi eta astebetera. Frontoia bete genuen, eta hurrengo urtekoan pentsatzen hasiak ginen.

    Egin genuen 1995ekoa ere, frontoian. Baina hotza gogoratzen dugu ordutik, eta Sarasua eta Egañaren bertsoak, Areitiorekin. Leire Bilbao hasiberria ere gogotsu zetorren, ahots ederragaz.

    Hurrengo urtekoa gaztetxean egin behar zela zioskun Xabier Amurizak. Eta halan hasi ginen 1996an. Tartean eztabaidak ere izan ziren herrian, hobeto zela frontoian egitea, beroagoa gaztetxea, hau eta bestea. Kontua da 1996tik ari garela gabonetako bertso saioa Hori Bai gaztetxean egiten. Eta urtero betetzen da. Urtero berotzen da. Urtero gozatzen dugu bertsoagaz, aurten ere berdin, eta urtero ezberdin.

    Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Fredi Paya, Xabier Silveira

    Lau ertz zituen saioak. Lau bersolari ezagun. Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurditik, nor bere mahaitik jaiki, eta gurera bertsotara etorriak. Bertsolari handiak laurak. Beteranoak bere gaztetasunean. Zein baino zein.

    Etxahun Lekue aritu zen gai jartzaile. Ondo. Sartu egin zen saioan, sartu zituen bertsokideak be. Bertso eskolan atondutako gaiak ziren, aproposak. Lana ondo betea zuten gaztetxean astero batzen diren bertsozaleek. Ondo egindako lanak, hobeto eskertzen ditu gero bertsolariak bezala, entzulegoak ere.

    Entregatutako entzuleak.
    Iluntzeko zazpiretarako ondo beteta zegoen Hori Bai. Epel epel gaztetxea, eta bertsolariak hurbildu zirenerako txalo zaparrada. Eskenatokitik kantuan hasi eta atoan girotu zen saioa. Etxahunek agindu, bertsolariek erantzun. Puntuak jarri, ofizioka aritu. Paperean sartu eta saio elegantea egin zuten.

    Larrabetzu.org gunean atoan egongo da saioa entzungai, eta zaleak badauka orduterdi atsegin bat igarotzeko aukera.

    Entzun gura badozu:

    [audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai071225.mp3]