-
herrigintza
Aspaldiko berba da gurean. Herri kandidatura izan zen 1979an Larrabetzun. Eta 26 urte besterik ez zituen Jose Antonio Lekuek udaletxea gobernatu zuen beste 5 lagunekin batera. Lau urtez. Ordukoak gitxitan kontatzen dira. Egin beharko da errepaso bat. Horrenbeste urte igaro eta gero.
Baina herrigintza, kandidatura bat eta asko baino gehiago da. Jarduteko modua da. Aukera bat. Bizitzeko modu bat ia ia. Eta horretan ari gara aspaldion 2.000 biztanleko muga gainditzear duen herritxo honetan.
Eta horrek kezka ugari sortzen dizkigu, eta kontraesanen bat edo beste, eta nekea, eta ilusioa. Harrotasun apur bat, harrokeria batzutan, eta jarraitzeko indarra. Eta adorea.
Herrigintza bizi dugu, umorez, gogoz, kritiko, sortzaile, kamuts, interesante eta baldar.
Herrigintza da hirigintza, urbanismoa. Herrigintza da kultura eta hizkuntza eta kirola eta herrriko ekonomia. Baserriak eta soloak, basoak eta kale bazterrak, errekako ura eta fabriketako kea. Umeen geroa eta jantokiko janaria, gaztetxeko oihuak eta jubilatuen dantzak, bizikleta karrera eta mendi irteerak, futbola eta minbizia, wifi konexioak eta plazako iturria.
Herrigintza da herri bat bizirik mantentzeko giltza. Funtzioa. Soziala eta politikoa.
Herrigintza da azoka bat, jai bat, asteburu bat, ikasturtea, logurea eta biharamuna.
Herrigintza danok gara, zu eta biok, gu, harek be bai, eta besteak. Danok beharrezko eta danok bakoitza beretik. Herrigintza da etorkizuna. hemen eta Euskal Herrian. Zorionez. Zorionak!
literaturia | hori bai | larrabetzuko eskola | informazioa | komunikazioa | udalgintza | kultura eta kirola
-
sarea elkarrizketa da
#nickdutnik gogoeta xume bat
Merkatuak, sareak, hedabideak, etxea, sukaldeak elkarrizketak dira. Ez dago dudarik. Kafea ez dugu twitter bidez eskatzen, maitasuna agian ez da 140 karakterretan sartzen ahal, irudi guztiak ezin daitezke hitzez deskribatu eta ametsek ez bide dute lekurik bit artean.
Baina sarea elkarrizketa bilakatzen ari da. Erantzunak, iritziak, proposamenak, ideiak, kexuak, aldarriak, penak, eskaerak, salaketak… tokia dute gure elkarrizketa digitaletan. Gure erantzun eta mezuetan.
Mezu labur zein programa konprimituetan.
Bart, etb3ko Nickdutnik saioa tarteka ikusten egon denetakoa naiz neu ere. Parte hartzen zelanbait esateko, twitter bidez. Eta gure mezu laburrak, pantaila handian agertu dira, lurreko telebista digitalak aukera hori eman digu. etb3ko arduradunek onetsi dute proposamena eta #nickdutnik saioan zuzeneko mezuak pantailaratu ditugu, ordaindu barik eta nahiko libre.Aurrekariak gurean eta munduan
irratia.com emankizunean aspaldian baliatu ditugu twitter eta facebook, edota zuzeneko txat elkarrizketa web bidez… sortu ginen egunetik bertatik.Greba orokorraren karietara, antolatu genuen telebista libre eta herritarrean, mezuak klikagarri zeuden Interneteko telebistaren pantailan.
Orduan oso esperientzia interesgarria izan zen, duda barik. Asko ikasi genuen, eta telebista interaktiboago, partehartzaileago, libreago batekin hasi ginen pentsatzen. Gauzatzea posible zen, ezberdina, irekiagoa, libreagoa.
etb3 bide onena, digitala
Eta orain, telebista publikoak, hemengoak, bide hori hautatu du. Interesgarria da. Oso. Eta poztu egin gara, zergaitik ez esan. Eta parte hartu eta zoriondu egin ditugu. Bide berria erakusten duelako. Partehartzaileagoa, irekiagoa, sarekoagoa. Zelan adierazi bestela?
2009ko uztailaren 1eko gaueko esperientziaren berri damaigu Ruben Sanchez (lostin.tv / factoria cross media) ia zuzenean prestatutako bideo honetan. Idatzizko post bat ere.
<title> hack the debate </title>Â ekimen interesgarria
Twitter bidez jakin dugu, Current ekimeneko mediaktibistek antzeko zerbait plazaratu zutela AEBko hauteskundeetan. Beraz, bide berri eta interesgarria han bezala hemen ere. Hemen eta han, munduan alegia.
iturria: current.com