• gaztelumendi.eus,  literatura

    zelan aurre egin hotzari literaturarekin

    Asteburua aspaldiko hotzena izan da gurean. Ean, egutegiak tokiz aldatu dituen ekitaldiak antolatu dituzte. Lehen, uda betean Poesia egunak izan ohi ziren kostaldeko herri txiki eta eder honetan. Iaz neguan antolatu ziren egun pare bat, eta aurten ere bai. Ez dakiguna da datorren urtean horrelako saririk izango dugun.

    Zapaturako Miren Agur Meaberen hitzaldi oso poetikoa zegoen iragarrita. Iluntzen Oskar Alegriaren filma eta domeka eguerdian Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia. Aurretik izena eman, bertaratu eta gozatu. Hori zen plana. H-a kendu zioten …erria. Ea.

     


    Miren Agur Meabek Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena kontatu zigun. Virginia Woolf idazlearen liburuaren titulua aitzaki hartuta, literatura sortzeko behar diren baldintzak, aukerak, inpultso estetikoak eta gogoetak luzatu zizkigun. Hitzaldi eder bat. Entzule asko, gehienak emakumezkoak. Eta jarrera oso emankorra eta oso hartzailea. Hori asko eskertzen da. Bistan da, Ean urteetako lana dagoela. Kostaldera hurbiltzen gara denok motibatuta, Eskolondon kafea hartu eta elkarren ondoan jarri eta entzuteko prest beti. Asko ikasteko desiatzen. Literatur kontuekin gozatzen. Eta oso esker onekoak izaten dira beti Eara hurbiltzen diren idazleen motibazio eta jarrera positiboa. Zortekoak gara alde horretatik. Miren Agur Meaberena ez zen gutxiagorako izan. Hitzaldi luzea, landua, datuz eta xehetasunez betea, gogoeta eta poesia, hausnarketa eta umorea. Jendea eta literatura. Katuak eta barreak.


    Jende gehiagok eman zuen izena antza igandeko saiorako. Baina bezperako itxura hartu zuen Eskolondoko aretoak. Miren Agur Meabek atondutako moduan jaso genituen Ines Osinaga musikaria eta Joseba Sarrionandia idazlea. Kuban Sarrionandiak idatzitako letrak, itsasoz  Euskal Herrira heldu eta disko forma hartu zuten Gose taldearekin. Igandeko saioan berriz, bakarka aritu zen kantuan Ines, Joseba Sarrionandiak berak idatzitako abesti bakoitzaren testuingurua azalduz. Katuak, erruak, portuak, basamortuak… denetarik hartu zuten hizpide.
    Loturak, bizitako uneak, gogoeta filosofikoak, pasarte historikoak…. kontalari aparta da Joseba Sarrionandia. Orain arte liburuetatik baino ezagutu ez dugun idazleak jario ederra dauka hizketan ere. Berezko umore puntua eta memoria handia nabari zaio. Ezagutza eta irakurketa oparoa. Horren emaitza da bere sorkuntza. Eta horren esker onekoa Eako portura hurbildutakoen harrera.

    Giroa nabarmendu behar
    Hotza egin du asteburuan Euskal Herrian. Gerizpetan gehiago. Areto handietan zer esanik ez. Eskolondon hotza egin zuen zapatuan bezala domekan ere. Baina ederto girotu zuten gure letrek gure gorputzeko atal bat baino gehiago. Eutsi genion, eta gozatu genuen. Eta ostean, ardotxoa edo bermuta hartuta, barneratu genuen alegrantzia apur bat. Merezitakoa.
    Neguan ere poesiak, literaturak, jendearen arteko harremanek lekua  eta denbora behar dutelako, tarte bat. Are gehiago bizi dugun sasoi aldrebes  honetan. Eta hori ere eskertu beharko diegu Heako antolatzaileei. Urtero bezala, beti bezala detaile guztiak zaindu, jendea babestu eta sekulako kultur eskaintza egiten dutelako. Eta eskertzeko berbak labur geratzen dira horrelakoetan. Giro beroaren parte dira beraiek ere.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura,  transmedia

    Oskar Alegria zine zuzendariarekin berbetan

    Handia da Oskar Alegria. Baina apala da oskar alegria. Zinema zuzendaria, poeta bisuala. Antropologoa, enmatologoa edota etnografoa izan zitekeen. Artista. Edo beste gauza asko. Hizkuntzalaria, albaitaria, geografoa edo astronauta. Zinemaren bidea hartu du berak. Ikusentzunezkoak. Eta oso film esanguratsuak egin ditu gure zinema petralaren historiarako:

    Emak bakia baita

    (2012)

    Emak Bakia baita, oskar alegriaren film bat. from oskar alegria on Vimeo.

    Zumiriki

    ZUMIRIKI_Trailer from Luis Jambrina on Vimeo.

    H-a galdu zuen errian

    Aurreko asteburuan Ean elkartu ginen. h-a galdu zuen … errian. Bera eta beste asko. Eta Eako udako egonaldi baten hartutako irudi eta ideiekin Aritzakoa film laburra (27 min) aurkeztu zuen. Eari buruz, itsasoa eta lurra, iragana eta oraina, eguna eta gaua. Argia eta denbora. Gauza asko batzen dira. Mundu bat. Ikuskera batzuk. Sentipenak. Historia. Hizkuntza.

    Bazkaritik irratira, mahaitik mahaira

    Eta bazkalorduko solasaldi alai, umoretsu, sakon eta arinak, platerretik platerrera arratsaldean ikusiko genuenaren aperitifa osatu zuen. Ean ezagutu genuen elkar, duela urte batzuk. Eta gero izan dugu elkartzeko betarik. Ez da beti gertatzen. Grabaketa batzuetan ondoan izan naiz, eta bere lan egiteko moduaren mireslea naiz. Aitortu dezaket hori. Aurrera begira, lan berriak eta proposamen kultural berriak egiten jarraituko duenaren esperantzan, Bilboko 97 irrati librean egindako elkarrizketa dakart hona. Ikusiko duzue zeinen apala eta atsegina den. Zeinen argia eta adibide esanguratsuen sortzaile.


    Film bat amestu egin behar da

    Esaldi hori idatzi nuen koadernoan Oskarren filmaren aurkezpenaren ostean. 
    Irratiko elkarrizketan berriz gogoratu, eta gehiago sakondu zuen horretan. 
    Amets bat da film bat, beraz. Amets bat da kontatu nahi dugun hori. 
    Ametsak errealitatera ekarri, sinesgarri egitea da beraz, zinema.

    Eguneroko ekintza poetikoa

    Beste ideia potente bat, Zumirikitik, edo Emak Bakiatik, edota Aritzakoatik ere eratorri daitekena. 
    Egunero ekintza poetiko bat egiten saiatzen da Alegria. 
    Horrek ematen dio poztasuna, bizipoza. Ez da hautu eskasa. Hautu poetikoa. Ederra. 
    Pentsatzeko bezala, egiteko ere. Beste ikasgai bat.

    Goiko argazkia: Libe Asua eta Oskar Alegria Larrabetzun berbetan. (Libek 100 urte zituen, eta Tximeletei buruzko lan baterako elkarrizketatu zuen Oskar Alegriak) Wikidata.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Oskar Alegria eta biok

    Udan ezagutu nuen Oskar Alegria. Eako poesia egunetan.
    Ia urtero joaten naiz Eara. Lehenengoz zegoen bertan bera.
    Eta lagun talde itzela batu ginen. Mitxel Sarasketarekin joan nintzen ni. Mitxel ere lehenengoz.
    Oso oroitzapen ona utzi dit Eako asteburuko egonaldiak.
    Kuadrilla handia osatu genuen, eta oso giro onean pasatu genituen barikutik domekara artekoak. Banan-banan agurtu -udalekuetako agurren antzera- eta sarean ikusten dugu elkar lantzean behin, batzuk bederen. Eta atsegin dut.

    Emak Bakia film ederra

    Oskar Emak Bakia filma egiteagatik egin da ezagun gurean, eta hemendik kanpo ere bai. Man Rayren Emak Bakia filma ikusi eta ezagutu ostean, Emak Bakia izeneko etxearen xerka arituko da Oskar. Bidaia hori, bilaketa hori erakutsiko dizu bere filmean. Man Rayren espiritua, artea eta surrealismoa film berezi eta hunkigarri batean aurkituko dugu Lapurdiko etxe horretan. Eta herri hau.

    Ideia eta asmo berriak

    Oskar Alegriak, baina, film bakarra egin du. Hala ere, bere kamerak oraindik irudi asko filmatzen ditu. Argazkiak aterako ditu kamera edo mugikorrarekin, soinuak grabatu. Jendea ezagutu. Herriak. Etxeak. Hemen eta han ibilia duzu. Eta jakituria izugarri bat bildu du bidaia interesgarri honetan bezala, besteetan ere. Gaztea da eta sormen ikaragarria du. Eta erne dago. Adi-adi. Artista bat da. Eta inteligentzia daragoio. Ezagun du hori beragaz berba edo solas egitean. Eta traturako atsegina delako lortuko ditu helburu handi eta xumeak.

    Asmo eta proiektu berri bat erakutsi zidan Iruñean egin genuen hitzorduan. Koadernoa agertu zidan. Eta hori betetzen joateko laguntza eskatu. Bigarren hitzordu bat izan dugu asteon herrian. Eta landa lana egiten aritu gara. Larrabetzu eta inguruetan. Eta ikasketa prozesu izugarria izan da niretzat. Bi gau, kafe batzuk eta solasaldi asko. Oinez ere ibili gara. Eta etxeak, bizimoduak, historia, ingurua eta gure pasarteetako batzuk erakusten saiatu naiz ni, nire apalean. Larrabetzutik ze irudi eroan duen jakin nahi nuke. Eta horregatik idazten ditut berbok. Esan eta gordetzeko. Gogoan hartzeko.