-
Txillardegi
Txillardegi idazle, pentsalari, euskaltzale, pianista, injeniari, aktibista eta kronista euskaldunak utzi gintuen duela 10 urte. Beti miretsi izan dut Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Beti.
Oso gaztea nintzen, egin egunkarian Exkixu liburuaren berri izan eta nobela irakurri nuenean.
Asko gustatu zitzaidan. Eta bere pentsamenduarekin bat egin nuen. Eta gerora, beti jarraitu izan dut bere ibilbidea, lana, pentsamendua, idatziak eta abar… Kritikoa izatean zekien, euskaldun moduan aritu zen mundu osoan, euskaltzalea, independentista sutsua, pertsona argia, eta bere ideiak argi adierazten zituena.16 edo 17 urte izango nituen #egin egunkarian #Exkixu nobelaren berri izan eta irakurri nuenean.
— gaztelumendi ???? (@iPatxi) January 14, 2022
Etxeko gazteentzat eskuratu beharko dut berriz ere, niri sortu zidan lilura eta irrika sortuko ote dien frogatzeko edo. #Txillardegi zalea izan naiz beti, beti. pic.twitter.com/AjynNEyDTD
Omenaldia Durangon
Gazteak ginen, baina erreferentea zen askorentzat. Eta Euskal Herriko gazte mugimenduaren baitatik, orduko gazte erakunde gogorren aldamenetik, gerizpetik omenaldi bat antolatu genion 1998ko Durangoko azokan. Omenaldi xume bat. Baina berak oso eskerreonez hartu zuena, guk berarentzako baino hitz hobeak izan zituen berak gazteentzat. Borrokan jarraitzeko. Bi hitzetan. Eta ulertu gura izan genion, ikasten jarraitu beharko genukeela, saiatzen, euskalduntzen eta berreuskalduntzen, borrokatzen eta kritikoak izaten. Eredu zen, eta eredugarriago gure ondoan ezagutu genuenean.
Gazte kultur gunea asmatu genuen orduan. Eta azokan ere egon ginen. Fantzineak, egutegiak edota agendak saltzen. Eta omenaldia egin genion. Eta Mattin marrazkilariaren irudia oparitu genion kuadro apal baten.
Txillardegi idazlea Euskal Herrian Euskaraz, Euskara batua, ETA, Altsasuko mahaia, Egunkaria edo beste hainbat ekimen garrantzitsuetako partaide, sortzaile, asmatzaile izan denak merezi du omenaldi sendo bat bere herrian. Eta uste dut, herritarron artean, euskaltzaleen baitan… baduela onespenik eta omenaldi jatorrik. Ofizialki gehiago saiatzen dira ezkutatzen, zailtzen, beldur direlako, gai ez direlako, inkopententeak direlako azken finean. Hizkuntzari eta literaturari egindako ekarpena eskertzeko modurik zintzoena, bere lanak irakurtzea izango da ziurrenik. Txillardegi liburutegiaren alde egingo dugu, baina Txillardegiren lanak liburutegitik jaso eta irakurtzea bai izango litzatekela iraultzailea. Gaur, Txillardegi idazle euskalduna gogoratzeko eguna dela uste dut. Eta, bihar ere bai.1998an zela gogoratzen dut, Durangoko azoka garaian
— gaztelumendi ???? (@iPatxi) January 14, 2022
Berbaro tabernaren ondoan
omenaldi polita egin genion orduko gazteok #Txillardegi handiari.
Gurekin pozik aritu zen eta Mattin marrazkilariaren irudia oparitu genion. pic.twitter.com/Cn3v67Xc5MJose Luis Alvarez Enparantza #Txillardegi
— ARMiARMA.eus (@armiarma) January 14, 2022
Bere bizitza, bere liburuak, aipamenak, liburuak osorik, loturak eta kritikak:https://t.co/ka33PS7a9V pic.twitter.com/KvQ87YdvUY -
Josu eta Santi gogoan
Biharamunean idazten dut. Amets gaizto baten ostean. Gogorra da azaroaren 20a euskaldunontzat. Aurre egin diogu, baina oso gogorra da. Ankerkeria bortitzena baliatu du Estatu terrorismoak euskaldunon kontra. Amorruz. Mendekuz.
Memoria ariketa ere bada azaroaren 20 hau, eta iazkoa. Eta aurrekoak. Guztiak.
Etsaiak Santi Brouard hil zuenean, musika klasean nengoen. Piano baten ondoan. Kantuan hasteko. Gogoan dut. Eta musika Lekeitiorekin, Santirekin lotu ohi dut askotan. Lekeitioak maite ditut. Santi Brouard frontoian Mikel Laboa zelan ikusi nuen gogoratzen dut. Eta horrek lasaitzen nau. Edurne Brouardek aurrekoan emandako azken besarkada ezin dut ahaztu, hala ere. Musu bat Edurne.
Klasera joateko esnatu ninduen goizero bezala aitak. –Muguruza hil jeurek! bota zidan. –Muguruza? oraindik erdi lo nengoen. Muguruza batzuk bazeuden ordurako nire bizitzan.
Azaroaren 22an greba orokorra izan zen Euskal Herrian. Gogor erantzun genuen. Txorierrin ere mobilizazio handiak. Eta gogoan dut zipaioak lehenengoz ikusi nituela horrela egurra ematen. Eta jasotzen. Derio sutan. Larrabetzuko jendeak zelan erantzun zuen gogoan dut. Ez daukat ahazteko.
Hurrengo asteetan irakurgai bakarra izan nuen. Goitik behera aletu nuen Punto y Hora hura. Ondo gogoan daukat.
Josu Muguruza gehiago ezagutu nuen. Eta gerora maiz entzun dut hari buruz, bere militantzia, bere gaitasuna, bere ardurak, bere sinadurak. Eredu bat. Eta Amaiur gazteluaren magaletan egon naizenetan bera izan dut gogoan, oharkabean. Edo ohartuta beharbada. Ruper Ordorikaren Ez da posible! kantu ederra da oraindik. Entzuten dugun aldiro. Elena Bartolome gehiago ezagutu dut bizitzaren joanean. Besarkada bat.Urtero gogoratu ditugu. Karteletan. Manifetan. Dokumentaletan. Mobilizazioetan. Ekimenetan.
zer egin?
Atzo, hala ere, egun berezia izan zen niretzat. Irati irratian zerbait berezia egitea nuen xede. Asmoa ona zen, baina biribildu beharra zegoen. Ane Muguruzak asteburuan 7K igandekarian botatakoak zer pentsatua eman zidaten. Hausnarketak. Bizitza. Agian ez dauka gogo askorik elkarrizketetarako -pentsatu nuen-, are gutxiago Pirinioko irrati baten. Lagun bati idatzi nion. Proposamena landuz. Anek baietz erantzun zidan. Errespetutik eta begirunetik egindako galderak neuzkan buruan. Aita ezagutu ez duen umea izan zen, gaur egun 30 urte betetzear da Ane Muguruza. Gogoeta sakonak egin dituenak bizitzaz eta militantziaz, Euskal Herriaz eta kontakizuna/errelatoaren gainean, biktimak zer diren nor diren badaki. Baina nekatuta ere badago egoerarekin. Eskerrik asko Ane! Hunkitu ninduzun eta asko ikasi dut. Egiari zor, hurrengoan beste begi batzuekin agurtuko zaitut. Eta agian hitz ederren bat ere izango dut zuretzat.
Bezperan aurkeztu zuten Bilbon Antzara eguna komikia. Eleberri grafikoa. Memoria. Zuri beltzez. Adur Larrea eta Harkaitz Canok. Aurreko astean jaso nuen Iruñean. Eskutik eskura. Poltsa barruan neukan. Eta aurkezpen egunerarte ez dut zabaldu ere egin. Ez dakit zergatik. Azaroaren 20 bezperan liburuarekin sartu nintzen ohera, eta nire ondoan egin zuen lo. Enintzen askorik irakurtzeko gauza. Hunkituegi beharbada. Eta goizean irratian Harkaitz Cano elkarrizketatu nuen. Elkarrizketa ona, nire ustez. Aspaldian egin dudan txukunena, uste dut. Galderak ez dakit, baina erantzunak sekulakoak. Kontalaria da Harkaitz, freskoa, orijinala. Idazten duen gisan hitz egiteko gai da. Ekarpenak hemendik, gogoetak hortik, sakontasuna eta estiloa, argitasuna eta xumetasuna. Eskerrik asko Harkaitz. Santi Brouard bezalakoei egiten ahal zaien omenaldirik onena da literatura maitatzea, herrigintzan jardutea, sortzea, irakurtzea, gozatzea…. Euskal Herria osatzea, azken finean.
Eta jarraian Harkaitz Cano idazle eta gidoigilea Santi Brouard mediku pediatra eta politikariaren #komiki biografiari buruz: Antzara eguna pic.twitter.com/UORI36yvbM
— Irati Irratia (@Iratirratia) November 20, 2019
Herriak ez du atzenduko
Ez daukat hitzik. Hunkituta nago. Bilbotik aparte bizi izan dut egun hau.Egun hauek. Baina bete beteak izan dira. Domeka honetan Mikel Zabalza omenduko dute Orbaizetan, eta oraindik ikastolan egin genuen pintada -margoa- dut gogoan. “PSOE, non dago Mikel?” idatzi genuen horman, eta andereñoek euskarari buruz egin behar genuela margoketa esan ziguten. “Mikel euskaraz mintzatzen zen” jarri genuen. Itota hil zuten. Torturatuta. Bidasoa errekatik,Intxaurrondotik pasatzean amets gaiztoak datozkit burura. Errelatoa. Asko. Eta nork berea beharbada. Nik banuen gauza hauek kontatzeko beharra. Eskerrik asko guztioi. Ez dugu atzenduko!
-
izarrenahotsa.com
Mikel Laboaren kantuen oihartzuna oraindik gainean dugu. Bere ahotsa entzuten dugu, izarren artetik. Oroitzapena, oroimen kolektiboa. Herri baten kanta bildu du bere baitan abeslariak. Maite dugu maite, zelan gure bazterretan entzuten den oraindik….
Mendez mende gurean kantutako abestiak batu eta erakutsi zizkigunak, kolektiboan sortu duen zirrarak behar du izan beste arrabots bat, sarean, Interneteko planetan.
Horregatik izarrenahotsa.com bultzatzea otu zaigu, kantuzaleoi, Laboarekin kantatu dantzatu amestu eta gozatu dugunoi.
Izarren hautsa ahots bilakatu zaigu, etxez etxe kantuak batuko ditugu guke ere, dominio publikoan jartzeko, banatzeko, gogoratzeko, ezagutarazteko… Euskal Herriko belaunaldi berriei, Mikel Laboa kantuan baino gogoratuko ez dutenei, atzerriko zaleei, munduko euskaltzaleei.
Mikel Laboaren ahotsa lau haizetara hedatuko dugu, plazaz plaza, gunez gune…. izarren ahotsa zabalduz, entzun dadin, ezagutu dezaten, gogoratu dezagun, ikasiko badute, kantuan arituko badira.
Parte hartu gura duzu?
Animatzen zara?
Kantuak, bertsioak, norberak grabatutako bideoak, irudimenean ditugun irudiak…. denak dauka lekua sarean, guztiak oroituko du Mikel, gure Mikel, Mikel Laboa.