• covid19 | koronabirusa,  gaztelumendi.eus,  larrabetzutik,  maitatasunetik

    Neska mutikoekin oinez egiteko ibilbide laburrak

    Domekarekin, gure neska mutikoak kalera irtengo dira. Ordubete, asko jota kilometro baterainoko distantzian.
    Neurri berria da, beharrezkoa, eta kalera irten eta oinez ibiltzea be aukera bat izan daiteke.



    Horregatik, Larrabetzun errez egiteko zazpi ibilbidetxo prestatu ditugu eta sarean zabaldu. Egunero ibilbide ezberdin bat egiteko aukera eskainiz.

    Larrabetzuko zazpi ibilbide, egunero bat

    PDF moduan deskargatzeko aukera.

  • #Patakon,  ikusi eta ikasi

    Patakon astoa eta biok

    2014ko abuztuan egindako bidaiaren kronika(k).
    Larrabetzun oinez abiatu, eta ibilbideak eman zuenaren berri.

    patakon00

    astoaetabiok

    • Abuztuak 9. Zarautzetik Igeldora etxekoak lagun
    • Abuztuak 10. Donostiatik Hondarribira Jaizkibeletik.
    • Abuztuak 11. Hondarribi, Bidasoa, Hendaia eta Biriatu, Azkaine
    • Abuztuak 12 Azkainetik Sararat

  • #Patakon

    Bizkaitik Gipuzkoara

    Asteazkena. Abuztuak 6, MARKINA

    Goizean goiz esnatzen da hemen jendea. Erromesak egunsentiko oilarren batek esnatzen ditu antza. Arrapalada baten badoaz hurrengo etapa egitera, eta kontua da zeinek arinago egin orduan eta lehenago heltzen direla hurrengo aterpe irekira. Bide honek baditu antza oso oso merkeak diren aterpeak etapa bakoitzean. Eta horren bila abiatzen dira goizean goiz. Astrapala horrek esnatu nau ni ere. Izartu eta astoa atondu dut lehenengo. Markinako iturrian ura hartzen nagoela ezagutu dut hemengo kooperatibako nagusia be, Diba pentsu kooperatiba. Beragaz berbetan esan dit Etxebarriko euren lantegira joateko, eta nahi beste olo hartzeko Patakonentzat.

    Plazan gosaldu eta abiatu naiz Markinatik Etxebarrirantz, nahiko goiz. Dibara heltzean oraindik langileak ez dira heldu. Heldutakoan nagusiak esana zien zer behar genuen astoak eta biok. Olo baltza hartu dugu gure dana, eta erosketa batzuk ere egin ditut baserritarren kooperatiban. Eta Etxebarrirantz oinez gero. Eguzkia dakar gaurko egunak be… eta gaur Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko muga be gurutzatzekoak gara.
    pentsua
    Bidean desbideratu garen arren, Etxebarritik gora asmatuko dugu zelan baten egin erromesaldian datozenen bidearekin. Arno mendirako bide horretan, bat egingo dugu Santiagorako gezi horiekin.
    Etxebarri atzean itxi dogula denbora da… baina ibili eta ibili ari gara. Zaldiak hemen, noizean behin borda txiki bat, auzoren bat…. eta segi aurrera. Gelditu be egin barik.

    mutrikumanarria

     

     

     

    Halako baten, baserri mendiakpatakonbaten atarian ikusi dugu Elgoibar, Mutriku eta Markina bereizten dituen munarri bat. Baserriak batzen ditu hiru herriok. Mendaro somatzen da hor behean… beste aldean itsasoak behar du… eta atzean itxi dugun guzti hori da Markina.
    patakonjaten
    Guk helburua Olatzen daukagu jarrita. Eta Arno mendiaren magalotatik helduko gara bertara.

    Helduko bagara. Bertan lasai geratu, eta bazkaltzeko parada izango dugulakoan.

     

     

     

     

     

     

    Heldu gara Olatz auzora. Ederra da lekua. Mutrikuko eremuan, inguru geologiko berezia da. Taberna jatetxe polita dauka bertan. Baina heldutakoan itxita dagoela somatu eta kaguenka hasi naiz ni… gaur bazkaldu barik!
    Astoari prestatu diot goizean Etxebarrin hartutako olo baltz baldekada bat….. eta gustura ari da jaten.
    Nik lurrean etzanda, begiratzea besterik ez daukat. Afari on batekin konformatu beharko dut gaur.
    Olatzetik abiatu garenean, nahiko nekatuta geunden jadanik. Bai astoa, eta baita neu be. Elkarri somatu diogu.
    Laister topatu dugu Kalbario ondoko aterpea. Galdetu eta baietz esan digute. Badago guretzako lekua. Astoa landan eta ni aterpean. Lotarako lekua ez ezik, afaltzeko be badago hemen. Eta dutxa on baten ostean kanpoan hartu dut garagardoren bat.
    Une batez astoa etzanda ikusi dudanean, ikaratu egin naiz. Lehenengoz ikusten dut horrela lurrean botata. Hurbildu naiz… ea zelan ete dagoen gure Patakon. Eta atseden hartzen dabil. Lasaitu naiz.
    etzanda
    Inguruok Mutriku dira, eta hemendik hurbil daukagu Deba ere. Hori baina bihar izango da.
    Kataluniako neska batzuekin afaldu dut, eta gero Aiert etorri zait bisitan twitterreko mezuak ikusita. Kontu kontari ibili gara gauez… askotarako denbora barik. Gaur ohe baten egingo dut lo. Hirugarren gaua abiatu ginenetik.
    IMG_20140806_174422344

  • #Patakon,  ikusi eta ikasi

    Patakon eta biok Euskal Herrian zehar ibilbidea (lehenengo eguna)

    Astelehena. Abuztuak 4 GAZTELUMENDI, Larrabetzu

    Goizean etxean motxila prestatu, urian azken erosketak egin eta baserrian gaude aita eta biok orain, astoa atontzen.
    Kordel barriak, txarrantxa pasatu eta hasi gara… asto gainekoak zelan edo halan jartzen. Marokoko albarda polita, eta gainean Matxinbentan erositako asto otzarak. Batean eta bestean antzeko pisua banatu, motxila handia, txikia, kanpin denda….


    Arrastiko laurak izango dira etxetik abiatu naizenean. Hasi da abentura. Bagoaz Patakon astoa eta biok. Ama ez dogu izartu. Isil isilik goaz Gaztelutik, pausuan. Pausua neurtzen. Sokatik oratuta daroat Patakon. Kanturako gogoa, argazki batzuk uriko paisaiari kaminoz kamino. Eleizaldera eta isil isilik baserri artetik Asua, Morro, Erkinko eta Barrenetxe. Herriko azken baserriak.

    Bide hau

    Donejakue bidea da hartu beharrekoa. Noranzkoa aldatuta. Kostaldeko bideari helduko diot, baina Mendebaldetik ekialderako asmoa daroat. Milaka erromesek urtero oinez egiten dutenak atentzioa deitu dit azken urteotan… eta nik neuk be frogatu beharra daukadala iritzi izan diot aspaldian. Bizikletaz edo oinez ekin nahi nion, eta pirineoarekin lotu gero… noizbait Iratiko basora heltzeko. Eta plana amesteari lotu nintzaion.
    Larrabetzutik urtero igarotzen diren milaka hoiek ezin dira konfunditurik egon. Ederra behar dute gure bideek, gure paisaiek. Ezagutzen ez ditugun txoko bazter baso itsasertz eta enparauek.
    Aitaren proposamena izan zen astoarekin egitearena. Eutsi nion enbidoari. Ni jo izan banu…. ezezkoa izango nuke beharbada. Bera da esku. Eta orain bidean nago, berari esker.

    Uztailean txango pare bat egin ditut oinez astoagaz. Lezamarantz, hona eta hara. Baso bideetatik. Eta apur bat ikasteko aukera izan dut astoaren filosofiaz. Nahikoa jakiteko astoek ez dituztela errekak maite. Izua diote erreka txikienaren gainetik igarotzeari. Burugogorkeria orduan pizten da beraiengan. Eta Larrabetzu inguruan buelta hartu behar izan nuen bi baso bidetan….ondoan neukan Lai txakurra be konturatu zen horretaz. Lehenengoan gogotsu ekin zion astoari… bigarrenean basoan barna ihes egin zidan… bazekielako astoarekin tretan aritzea alferrikakoa zela, astoak behar zigula irabazi biori. Nik ere ikasi nuen.

    Abuztuak lau ditu gaur. Astelehena da. Atzo berandu etxeratu nintzen Gazte Egunaren ostean. Baina gaur gogotsu noa Larrabetzutik Euskal Herria zeharkatzeko bide honetan. Gaztelu auzotik abiatu eta uria ikusten dut hor behean. Agur esango diot herriari, banoa egun batzuetarako.
    IMG_20140804_161034322

    Oztopoak

    IMG_20140804_172720280Elizaldetik gora oinez. Asua, Morro, Erkinko eta Barrenetxe. Lotu barik. Pozik. Barrenetxetik gora lehenengoz noa Donejakuekoek daukaten bide berritik. Eta lehenengo oztopoa bertan. Alanbrea, burdinezko hezia eta astoa igaro ezin daitekeen leku bat. Gainekoak astiro kendu, astoa lotu eta otzara barik pasatzeko ahalegina egin dugu. Ezinezkoa. Ez astoa ez ni. Lehenengo hasarrealdia. Katearekin atzamarra harrapatu dut. Ez dakit ez dudan apurtu ere egin. Gorritu egin zait. Baltzitu ere bai. Eta mina daukat.

    IMG_20140804_174127970

    Asto gainera ekarri ditut berriz bere trasto guztiak. Eta bidean atzera egin dugu Barrenetxera. Betiko bidetik ekingo diogu orduan. Bizkargira hemendik hamaikatxo biderrez joandakoak gara….eta badakit astoarentzako leku aproposagoa izango dala ziurrenik. Eta halan ekin diogu bideari. Lehen oztopoari muzin egin, Barrenetxekoak agurtu eta abenturatxoaren nondik norakoa azalduz. Gauzak ondo, jaietan ikusiko gara.

    Bizkargi

    Mendi berezia da Bizkargi guretzat. 1937ko guda antifaxistaren lekukoa. Batailaz bataila… gudariak ez ezik, historiaren zati garrantzitsua dago berton guretzat. Memoria da. Urtero gatoz. Eta errez igo izan dugu txikitatik mendi hau maiatzero, maiatzero. Erromeria, jai giroa, akanpadak, txoznak, dantzak… zer ez dugun egin hemen.
    Ez dut mendia igo behar… magaletik ibiliko gara gaur. Baina ezinezkoa dirudi. Behin, birritan, hirutan… zenbat aldiz ez zaizkigun erori asto gainekoak lurrera. Salto bat dela, mugimendu azkar bat… sasitza edo dana dalakoa… Pazientziaz, lurretik jaso, atzerago daudenak batu eta gero eta umore txarragoaz jartzen ditut asto gainean. Orduak aurrera doaz… eta inoizko ibilaldirik luzeena egiten ari zait gaur arrastikoa.
    Baso bideok ez dira aproposenak astoagaz ibiltzeko, antza denez.

    IMG_20140804_184333786 IMG_20140804_185734344 Esperientzia berria da biontzat. Zama gainean. Lurra oraindik buztin, putzu ugari eta zaitasunak nagusi.
    Une batez hemendik eta Gerekizerako baso bidea utzi, eta ostantzeko bideetatik joatea erabaki behar izan dut. Goikoganera betiko pistatik, eta handik Talleriraino dagoen auzo bideetatik oinez, txapa txapa. Astiro astiro… arrasti iluntze eder honetan.

    Atzean utzi dut Larrabetzu. Eremu berrietan murgildu naiz. Arrastiko 7ak inguru izango dira Gerekiz inguruan nagoela. Asfalto gainetik be ondo moldatu da gure Patakon. Niretzat arean gogorragoa da bidea. Eta lagunei mezua igorri diet. Larrabetzutik bertatik. Orduak aurrera egin ahala, nire umorea ez da akitu. Arrantzaka dabiltzan astoak -Patakon bera eta inguruan daudenak- grabatu ditut mugikorrarekin, eta lagun askori bidali diet sortu berria dudan watsap taldera. Herriko lagunak, zarauztarrak, nafarren bat… zerrenda luzea da. Nire lagunak dira, baina beraien artean askok ez dute elkar ezagutzen. Patakonek batu ditu. Eta hau izango da aurrerantzean gizarte zibilarekin izango dudan lotura. Hartu emona.

    IMG_20140804_191315353

    Errigoiti ingurutik Gernikarantz

    Gerekizetik Errigoitirako bidea hartu eta bagoaz polito polito. Morgako Andra Mari ez dogu ikusi be egin, ostantzeko auzoetatik igaro garelako, baina Errigoitira egin ahala atzean ikusten dira inguruko herriak. Eta Bizkargi. Eta urrunago Oiz bera. Eta Errigoitira bertara heldu barik, basotik dago Gernikarako bidea. Ez dut ezagutzen, baina polita da. Astoa ondo doa. Eta bada ordubete baino gehiago ez duela kargarik bota. Sokatik oratuta goaz biok. Eta hasi naiz martxa hartzen. Hasi gara. Lantzean behin argazkiak be egiten ditut mugikorrarekin. Astoari berari. Inguruko mendiei. Ondoan ditugun eta hurbiltzen diren zaldiei. Eta baso bidean oinez. Aurrera. Ttipi ttapa. Lotu barik.
    Eta han behean ikusten diren argiak dira Gernika. Inoiz joan barik bide honetatik, baina orientazioa ez dut galdu. Badakit gitxi gora behera nondik nabilen. Eta lantzean lantzean, Donejakue bideko markak ikusten ditut. Noranzkoa da ezberdina. Bidea bera da. Arrastian irten naizenez baserritik, ez dut erromesik gurutzatu gaur. Bakar bakarrik noa. Eta pake ederrean.

    Laister helduko naiz Gernikara. Baina gauez. Santa Luzia auzotik. Gernikara heldu eta Ardatz gogoratu dut. Asteburuan hil da. Gaur agurtu behar zuten. Bertsolaria, Enbeitatarra. Mutil jatorra. Gaisotasunarekin burrukan ibili da aspaldion. Apirilean etxekoekin berbaz ibili nintzen, apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zutenekoak gogoratzen diren egunean. Baikorrago zeuden. Azkenean joan egin zaigu.
    Gernikara heltzean Txiplas be ikusi dut bere furgonetan pasatzen, ez dakit konturatu dan nor nintzen. Errigoitirantza joango zen. Baserriko lanetara edo etxera. Ez da geldi egotekoa.

    Nik Astra aurrean hartu dot lekua. Ondo belar gunean plantatu dut kanpin dendatxoa. Astoak badauka zer jan hemen. Ura be badaukagu. Eta lehenengo etapa egin dugu. Zorionekoak gu.
    Astra itxita dago. Gernika lasai dago astelehenez. Txinoan jatekoak hartu eta afaldu ostean lotara. Nekatuta nago. Patakonek zutunik jarraitzen du, hemen inguruan.