• agit/prop,  albisteak 2.0,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    noraBIDEA argi daukagu: #INdependentzia

    Aspaldi ari gara Kataluniara begira euskaldunok. Hizkuntza, kultura, ekonomia eta geografia bat erakutsi diote munduari aspaldian. Munduari begira egon dira beti Mediterraneotik.
    Kantauri itsasoak, Bizkaiko golkoak… mundura eroan gaitu beti. Itzuli gara. Baina ez dakit munduari so ote gauden. Nahi nuke. Eta horregatik jarraitzen dugu Kataluniara begira.

    noraBIDEA

    INdependentzia bidean jarri dira, argi eta garbi. 2006tik hona egin dutena jarraitu duenak, miresmena besterik ez du. Begirunea. Lanbrotu egiten zaizkigu begiak hango berri entzutean. Bertatik bertara bizitzean. Baina beraien bidea gure ere bada. Espainia hautsiko da, eta haustura horretatik guk geure bideari ekin behar diogu. Jarraitu. Besterik ez. Hamarkadetako burrukaldi neke eta izerdiek… izango dute egunsenti berri bat. Badakigu. Bagoaz gu ere. Batzutan badirudi euskaldunok erdi etsita gaudela. Baina guk geuk ere erdietsiko dugu gure helburua. Lasaitu barik, etsi barik…. bidea eginez. Bidea da burruka.

    Via Lliure Bilbon

    Ekitaldia ez zen beste mundukoa izan. Dauzkagun indarren araberakoa. Antolaketaren neurria. Baina bai esanguratsua. Euskal Herrian dauden katalanek Bilboko Kafe Antzokiaren laguntzarekin. Eskertzekoak biak ala biak.
    Kronika polita daukagu Uriola atarian ere. Gomendagarria irakurketa.

    Sustengua eta babesa

    Kataluniako prozesuari keinu egiten diogu hemendik. Atsegin dut! bat klikatzea bezala da. Baina agian zerbait gehiago antolatu beharko genuke; ANC Euskal Herria dagoen bezala… Greziarekin, edo nazioarteko beste prozesu batzuekin -bolivariarrak direnak, Kuba, Nikaragua, Palestina, Kurdistan…- egiten dugun antzera… estutu beharko genituzke gure loturak askatze bidean diren herrialde katalanekin. Lotura ekonomiko sozial kultura eta politikoak estutuz. Sustengua antolatu. Balizko Estatu kolpeen aurrean -Estatuak emango dizkien jipoi demokratikoak alegia- gure babesa erakutsi. Nazioarteko diplomazian sakondu. Bi herri gara, bi nazio… bi Estatu izateko bidean. Guzti hori gehiago landu beharko genuke. Kezkak hemen botatzen ditut. Inork hariari heldu gura badio. vialliure

    Vicent Partal kazetari eta maisua

    2006an ezagutu nuen pertsonalki Vicent Partal. Aurretik bere irakurlea besterik ez nintzen. Euskal Herria 2.0 jardunaldietara gonbidatu genuen, eta bere txofer egin nuen aireportua, aterpea eta Arteleku arteko joan etorrietan. Miresleagoa naiz geroztik. Bartzelonan egona naiz berarekin, eta berriz ere Euskal Herrian orain.


    Laister argitaratuko den bideo baterako elkarrizketa egin genion ekitaldiaren aurretik, eta adi adi jarraitu nuen bere solasaldia gero. Jendearen jarrerak liluratu ninduen ordea. Mundu guztia adi adi eta gozatzen. Behar den bezala.
    Komunikatzaile aparta da. Kazetari ona dela bagenekien. Komunikazio enpresa eta eredu interesgarria garatu du sarean: vilaweb.cat
    Kataluniako prozesua azaltzen ari zaigu liburuz liburu aspaldian. Azkenak detaile eta aipamen zorrotzak egiten ditu. Bere irakurketa propio eta subjetiboa. Kazetari baten maisu lana.
    llibre-partal
    DesclassifiCAT: 9 N bozkaketa iraultzaile baten historia sekretua
    Hitzaldia ere aparta izan zen. Eta bertan adi adi apunteak hartzen zegoen Josu Goikok ondo pasa ditu laburtuta 5 txiotan:

     

    Entzuleok ikusi ikasi entzun eta txalo egin genuen. Eta orain maletak prestatu eta Bartzelonarako bidaia daukat buruan. Bartzelonatik eta Kataluniatik bertatik botako ditut hurrengo kronika eta mezuak. Irratiz, sare sozialetatik eta ikusentzunezko baliabideak hartuta. Kit Cat bat, gure bidean.

  • hurrengo geltokia?
    gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi

    Hurrengo geltokia

    Eta halako batean fisioterapeutak bizkarreko minaren zergaitiaz jakiteko, galderak egiten dizkizu. Bizitzaz. Lanaz. Erritmoaz… eta mina arindu beharrean kezka eragiten dizu. Bizkarretik burura.
    Gero hazurrak, eta bestelakoak bideratzen saiatzen da. Minak ekarriko du atsegina. Ekaitzak barea.
    Eta galderak zeure buruari. Kezkak irakuten du. Minak ere bai.
    Ezer ez da kasualitatea. Jezartzen zaren aulkiak, bileren edo lan ildoen dinamikak, kilometroek, autoaren gaitasunak, egoera ekonomikoak… denek eragiten digute, buruan, gorputzean…. edota bihotzean.
    STOP jartzen duen seinaleari so, gelditzea erabakitzen duzu. zedaelpaso bat izan zitekeen, laburra, azkarra… edota geldiune bat. Pausatuagoa.
    Orduan, orduak. Gauak eta egunak. Asteak. Buruhausteak.
    Zirt edo zart. Bart pentsatua, zelan adierazi gaur. Bilerak. Tentsioa. Borondatea eta aurrera begirako kezkak.
    Erabakia hartu eta gauzatu. Bukatu da, norabide aldaketa bat derrigorrezkoa da, funtsezkoa aurrera egiteko. Estrategikoa esango lukete gidariek, beharrezkoa bidailagunek…

    Norabide aldaketa

    Lanbideren bulegora joatearekin batera, paper mordo bat daramatzazu eskuan, bateko eta besteko. Eta gehiago behar dituzu beharbada. Atsegin osoz mintzatzen zaizkizu bertakoak, ilarak daude. Aurpegiak. Jendea. Derrigorrean lanik gabe daudenen pare, lana uztea erabaki duenaren lotsa. Aurrez aurre.
    Hala ere, ondo egin dizu etenak. Kioskora lasaiago zoaz egunkarien bila, informazioa beste modu batera jasotzen duzu orain, rss jarioek ez zaituzte itotzen, eta twitter sareari ere… tarte atseginagoa eskaintzen diozu. Txikienek ordu eskaintza eskertzen dute, etxekoek orduak -eta otorduak-, norberak bizitza zer den dastatzen duen unean konturatzen da urratsaren balioaz. Eta ez da damutzen, ez horixe.

    Eta orain zer?
    Ikasi, ikasi eta ikasi. Formazioa, aurrera jarraitzeko. Horregatik gustatzen zaizkit horrenbeste Nelson Mandelaren aipamen euskaratu hauek.
    Eta formazioari ekin diot. Ikasteko premia somatzen dut, nigan bezala inguruan. Jakintza partekatzea, sozializatzea da hurrengo helburua. Ezberdinak lanean jartzea, indar egitea, proiektu berriak sortzea, etorkizuneko erronkei gaurdanik heltzea, orpoz orpo, eskuz esku… bideak esango.
    Bideak dira interesgarrienak, prozesuak. Eta prozesuak, partehartzea, irekitasuna zelan landu hausnartu, pentsatu, asmatu, ikusi, ikertu, garatu..

    Horretarako zer?

    • Formazio teknikoa (html5 funtsezkoa)
    • Formazio ideologikoa (ekonomia soziala, berrikuntza eta identitatea)

    Eta horretan aritzeko gogoz. Uda gozatu eta bideak erakutsiko du zuzenena hartua dugun. Bideari helduta, beraz.