• agit/prop

    Hemen hasi zen dena

    Mende hasierarekin, blogintza izan zen Internet berriko aurrerapen handienetako bat. Norberak nahi zuena idatzi, adierazi eta argitaratzeko aukera. Blogak ezagutu genituen. Frogatu. Eta sarean abiatu. Plataformak sortu ziren, eta gerora pertsonalizatzen joan gara.

    Garai hartakoa da nire lehen bloga. Abenduaren 3an abiatu, eta azokan zehar idazten eta kontatzen. Zirikatzen eta hausnartzen. Eta hedatzen.

    Isil isilik daude asko, sare sozialen eztandaren ostean. Ziklikoa da dena. Baina interesgarria ere bai, garai bakoitzean nola jokatzen dugun aztertzeko.


    Urteurrenetan akordatzen gara egin genuenaz, izan ginenaz. Eta nostalgia ez dakit, baina berriro ekiteko gogoa ez da izugarria izaten.

    Badira, blogari fermuki eusten diotenak. Nire begirune osoa. Blog pertsonal/kolektiboari eutsi ezinik, oraindik wordpress ia egunero baliatzen dut, lan kontu eta bestelakoetan. Izugarrizko tresna da. Eta 20 urteotan, hobetzen baino ez da joan. Hautu ona egin genuen hasieran bertan.

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    neke digitala

    Astelehen goiza. Goizetik esnatu arren, logure ia egun osoan. Telefonoan mezuak entzungai, e-posta kontsultatu eta barikutik hainbat mezu irakurtzeko moduan, twitter edo facebook kontsultatzeko nagia, eta han ere mezu barri mordoa. RSS irakurgailuari erreparatu orduko, negritaz beltzune handi bat pantailan. Blogak, albistegiak… zer ez dagoen holango goiz batean.
    Eta gainera, asteburuko argazkiak kamara digitaletik deskargatu barik. Hau da hau!

    Kalera joan, kafea hartu eta egunkaria kioskoan erosita autobus geltokira. Autobusean neska baten ondoan jezarri eta umekerietaz berbetan hasi. Egunkaria motxilara.

    Bilbon, kutxazainera, eta hau ere hutsik. Diru digitalik ez, antza.

    Wifi bidezko kafe bat eskatu eta konexioa barriro pantaila txikian. Gauzak irakurtzen saiatu, eta hau parrastada…. paso! gaur neke digitala daukat, geroko kontuok.

    Astelehenak hori dauka, gauza asko batera… jende asko berbaz, eta guztiari kasu egiteko astirik eta gogorik ez.

    Twitter-en arratsaldean galdetu dut neke digitalaren gainean, eta erantzunen bat izan da. Neke fisikoa daukat orain, orduak pasatu ahala, baina idazteko tartetxo bat hartua dut. Neke digitala joan zaidala ematen du.