• agit/prop,  hurrengo geltokia,  literatura,  musika

    Herria eta hizkuntza 1220 eurotan

    Berriki Hasier Etxeberriak bere bizipozak eta bizipenak kontatu dizkigu blogean. Liburu elektronikoen salmentatxoak sortutako mezuen berri jasotzeak eta abar..
    Tristeagoa iruditu zait, triste eta batez ere haserre jarri nau, Herria eta hizkuntza kantuaren ahapaldi batzuk dokumental batean jartzeko asmoagatik, 1220 euro kobratu nahi izan dizkiotela jakiteak.
    Xalbador, Wikipediako argazkia
    Eta erantzunak ere arretaz irakurri ditut. Eta euskal kulturaren izenean egiten den iruzurra salatu nahi dut, ozen. Egile eskubideena patxanga bat da, goitik behera. Aitzakia merke bat. Eta Elkar erridikulua egiten ari da behin eta berriro, egile eskubideen afera horretan. Bahituta dauzka egileak, eskubideak, obra eta euskal kulturgintzaren zati bat… dirua ateratzeko helburuz. Eta euskal kulturgintzak, XXI. mende honetan ikuspegia aldatzen ez badu… hankasartze galantak egingo dituzte. Gaur negozioa dena, bihar miseria izango baita.

    Nik neuk, herria eta hizkuntza zein ditudan jakinik, aldarrikatzen dut kantu horren, Xalbadorren bertsoen publikatze librea. Ozen abestea, irratian jartzea… youtuben iragartzea… eta datozela Elkarreko euskal enpresari txit jatorrak, datorrela SGAE eta Audientzia Nazionala ere…


    Batzu herriaz orroit, euskeraz ahantzi
    bertzek euskera maite, herria gaitzetsi;
    hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
    berek nahi daukute konpreniarazi
    bata bertzea gabe daizkela bizi.

    Herria eta hizkuntza, gorputza eta beste DRMpean edo museoko bitrina batean ezarri aurretik, hausnartu dezagun, mugitu gaitezen, egin dezagun zerbait… sorkuntza eta jakintza guztia negozio eredu neoliberaletan ezartzen duten jauntxo berri hauen aurrean.