• agit/prop,  larrabetzutik

    Hori Bai 50 urte lotu barik

    Aspaldian ari gara korrika, arineketan, karraderan… batetik bestera, lotu barik. Euskararen alde, kulturgintzan, mugimendu bizia da Hori Bai gazte elkartearena ere. 1965. urtean sortu eta urtez urte, Larrabetzuko Andra Mari kaleko 23an iraun du zutunik Hori Bai gaztetxeak. Urte guzti hauetan, teilatupe honetan egosi dira gure herriko kontu asko eta asko. Kili Kiliak, sasoi bateko ikastola, luzaroan dirauen antzoki iraunkorra, bertso saioetarako gune, mendi irteeretako txango eta espedizioak, kontzertu eta jaialdiak, afari eta herri bazkariak, pelikulak eta txokolatadak… 50 urteotan zer ez dan sortu eta garatu Hori Bai honetan.
    zutunik

    horibaibertsoak.jpg
    Euskara eta euskal kultura, sasoian sasoiko beste espresioekin batera uztartuz; dantzan egin dugu, kantuan, ligatu lantzean behin, mozkortu, amestu, zikindu eta garbitu, erre, busti, antolatu eta bizi… eta oraindik horretarako gogoa eta ilusioa piztuta mantentzen du Hori Bai honek, taupadaka dabilen bihotz gazte honek.
    horibailogoa

    Gaztetxe zaharra

    Baina 1965ean sortu, Frankismo garai gogorrenean, eta belaunaldiz belaunaldi iraun du gazteen esku. Sasoian. Beti gazte, eta gero eta zaharrago. Hamarkadak joan dira, eta beti kale ertzetik ekitaldiak proposatu eta antolatzen, herri dinamika pizten, eztabaidak sustatzen, belaunaldi berriak borrokara lotzen. Lehen eta orain. Gazte gara gazte, eta jarraitu nahi dugu errebelde!

    memoria ariketa

    Eta Korrika datorren bakoitzean, gure hizkuntzaren alde urten dugu kalera, beste herritar eta euskaltzale guztiekin batera. Aldarrika. Kilometroak erosi. Banatu. Margotu. Antolatu. Izan be, korrika egitea guretzat memoria ariketa bat da. Nondik gatozen gogoratuz, nora goazen esateko. Euskal Herri euskaldun bat gura dugulako, geuretik hasita, Larrabetzutik bertatik. Eta orain arte, Hori Bai beti egon da hizkuntza zahar hau biziberritu gurean. Euskal kultura egunero lantzen, anplietatik eta karteletatik, saioetatik, mezutik, musutik, beheko sutik. Bafleak apurtzeraino urratu ditugu gure ahotsak, eskenatokiak behin eta berriro montatu ditugu, eta jarraitzen dugu bide horretan, kale ertze honetan. Korrika. Arineketan. Karraderan. Lotu barik.

    Larrabetzu eta Korrika

    Eta asko izan dira ere, urte guzti hauetan Korrika batzordeetan, herri mailan zein maila nazionalean parte hartu duten herritarrak eta Hori Baiko kideak. Lehen eta orain. Euskaltegian, gau eskolan, Korrika antolatzen, Korrika kulturalean programatzen, karreran, furgonetetan, zuri beltzezko argazkiak errebelatzen, prentsa taldean…. horrek danak be, danak Hori Baiko kide aktiboak. Eta horregaitik ere maite dugu Korrika maite dugun bezala, eta pasatzen den bakoitzean sortzen da giro berezi hau gure herrian, gure kaleetan, auzorik auzo, errepidean zein bide bazterretan.

    Mugimendua

    Bizia da Korrika. Euskara. Euskal Herria. Eta mugimendu horren parte gara gu. Larrabetzuko adin guztietako gazteak. Mugimendua da lotu barik jarraitzea. Iparra ondo adierazita aurrera egitea. Hizkuntza, herria eta kulturaren alde, hori bai. Hori Bai, 50 urte lotu barik!

    www.horibai.org

  • musika

    Mugimendua adierazten duen musika

    Pantaila musika ikusteko erabiltzen dut. Talde berriak deskubritu, webguneetatik surf eginez gustuko ditudan taldeen loturak eginez. Kalitateari baino jarrerari egiten diot so, eta sarea musikagune itzela iruditzen zait. Berdin dit facebook edo blogak, google bilatzailearen emaitzak edo nazioarteko wikipedietako azalpenak.

    Mugimendua adierazten duten doinuak atsegin ditut. Gero eta gehiago. Rocka ez da sekula amaituko. Nahastuko da, birsortuko da. Bere horretan iraungo du. Kitarra baxua bateria eta ahotsa aski dira gu mugitzeko. Mugiarazteko.

    Musika elektronikoa, baxua, konputagailuek sortutako doinuak.. hoiek ere asko atsegin ditut. Loopak mugiarazten dituzte mundu osoko gorputzak orain. Perkusioaren erritmoak dantzarazten du mundu erdia. Eta beste erdiak begira jarraitzen du, ertzetik, mugitu guran, baina mugitu ezinik.

    Euskal Herrian ere, talde asko eta onak dauzkagu. Zorteko gara, horrenbeste jaialdi, horrenbeste areto eta horrenbeste emanaldi antolatzea lortu dugulako. Bilbon kontzertu apurrak izatetik, azken hamarkada honetan egunero eskaintza oparoa izatera igaro gara. Anoetako belodromoa ez ezik, areto garrantzitsu nazioartekoak ditu orain Euskal Herriak. Eta hori ona da musikazalearentzat.

    Aste berean ikusi dezakegu Asian Dub Foundation Miarritzen, Ruper Ordorika Bilbon edo Alproja herriko gaztetxean. Eta hori demasa da, musika maite duenarentzat. Horrek gogoeta merezi du, eta begirunea, eta eszena lokalaren alde lanean ari denari aupada.

    Movement kantua hautatu dut gaur, LCD sound system taldearena. Gustuko dudan taldea da, Internetetik ezagutzen ditut… eta gurera etorriaz, lotura egingo nuke DLRN delorean– edo Standardwe are standard– taldeekin. Euskal Herrian une honetan ditugun talde interesgarrienetakoak, bidenabar esanda.

  • gaztelumendi.eus

    Ez dago geldi egoterik

    Zertarako idazten dugu?

    Zer adierazten dute gure letrek?

    Zer diote gure hitzek?

    Ez dago geldi egoterik, ez horixe…

    ez dagoela geldi egoterik

    Eta hitzen mugimenduak hori du, berba jarioa, oihua…

    letra tipoa, hizkien tamainua…. horrela sortzen da mugimendua.

    tipoa letraz jantzia, hitzen mugimendua…. letrak oinez, ezin lotu

    Ikusgarri, irakurri ezingo dituzun adierazpenak

    Audiolab blogean ikusitako irudiak, zer idatzia eman dit. eskerrik asko. eta letrak mugitzen hasten direnean…. hitzen matxinada datorren seinale. presta zaitezte.