• musika

    Zerura begira Fermin Muguruzarekin

    Mirant al cel filmea ikusten izan naiz goizean. Astearte goiza, Capitol zinemetan, pase berezia. 1938ko martxoaren 17an Bartzelona bonbardatu zuten Francoren agindupeko hegazkin faxista italiarrek.
    Hiru egun etengabe izan ziren, zerutik bonbak jaurtitzen hegazkin faxistak, eta hiria setiatuta zerura begira.

    mirant al celGernika ondo gogoan dugu euskaldunok, baina Bartzelonakoa hiri haundi bat bonbardatzen zuten lehen aldia zen Europan. Itzela izan zen. Eta orduko irudiez gain, bizirik ateratako asko eta askok berba egiten dute dokumentala eta fikzioa lantzen duten filme eder honetan.

    Fermin Muguruzaren doinuak
    Jesus Garayk zuzendutako filmerako, Fermin Muguruzak soinu banda atondu du. Bere estiloaren zigilua badarama ere, bere ohiko instrumentuak, celloa eta biolinarekin nahastu ditu oraingoan. Tentsiodun filmea izanik, ondo lortu du tentsio hori musikarekin uztartzea. Hala ere, bere azken lanetako baseak ageri dira, ukitu elektroniko batzuk, baxu grabeak, kitarra ezberdinak (Benas, Papuchi eta baita Txap Lisabökoa ere). Hasperena kantuaren melodiak erakarri gaitu gehien.

    Pelikula ikusten nuen ahala, gogoeta ugari etorri zaizkit. Pentsamenduak memoria historikoari buruz, faxismoaren kontra altxatu ziren militante eta bolondres errepublikarren aldeko bihozkadak izan ditut, Bartzelonan umeek bizi izan zuten garaia, irratiak izan zuen paper garrantzitsua abisuak emateko orduan, egin zituzten gordelekuak, errepublikar antifaxisten lana hegazkin faxistak botatzeko ahalegin nekaezinean…

    Filmeak merezi du. Fikzioa lantzeko modu bitxiak erakutsi ditu zuzendariak. Atal dokumentala ere ederra da. Bien uztarketa ondo gauzatu duelakoan nago.

    informazio gehiago: negugorriak.net