• gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

    El Drogas

    Hunkituta.
    Dokumentala ikustean, eta are gehiago bukatzean. Rockumentala. Txantrea, Barricada, rocka eta beste borroka batzuk. Lekukotasunak, memoria,kantuak eta bizitza. Adiskideak, maitasuna, heriotzak eta haserreak. Bizitza, rocka. Kontatzeko modua.
    Hunkigarria egin zait bart El Drogas dokumentala ikustea. Beti atsegin izan ditut Enrike Villarreal El Drogas eta bere hainbat proiektu musikal. Barricada zalea izan naiz beti. Amaiera enuen gogoko izan, enintzen azken boloetara joan. Enaiz damutzen. Orain El Drogas ikusteko gogoa daukat, banda eta lagun berri hauekin. Gauza askok gainezka egin didate dokumentala ikustean, baina film eder bat ikusitakoan bezala sentitu naiz amaieran.

    Nire aberria Txantrea eta Arga erreka ziren

    Gonbidatuak

    Horrelako dokumental batean, ahots ugari entzuteak laguntzen du. Drogas bera eta bere sozia dira ahots nagusiak filmean. Baina Marino Goñi baten kontaketak erabat harrapatu nau. Nafarroatik egindako lana dela nabarmendu delako. Beste musiko batzuk agertzeak ondo egiten dio lanari: Rosendo, Fito edo beste batzuk. Bereziki atseginak egin zaizkit Mareako Brigi eta Gorka Urbizurenak. Gertukoagoak niretzat, sinesgarrienak.
    Etxekoak agertzea asko eskertu dudan kontua da. Bere emazte eta bidailaguna. Seme alabak. Ilobak. Arreba edo alzeimerrak jotako ama. Etxe giroan egindako lana da. Maitasun handiarekin.

    Drogak, lagunak eta beste etsai batzuk

    Tipo irekia eta apala daDrogas. Morroi ona. Jatorra, hitz baten. Bizitzaren kontaketa honetan amorrua doinuetan isladatu du. Indarra musikari dario, eta bizitzaren pasarte ezberdinak bere kantuetan zelan islatu diren ederto baten agertzen da filmean ere. Musika pasarteak, bat egiten dute pelikularen erritmoarekin; gidoiaren -elkarrizketak- hariak ez du etenik, eta musika eta zuzeneko irudiek -izan mobilizazio gogorrak, izan poliziaren jarrera basatia edo zuzeneko kontzertuetako samurtasuna- edertu egiten dute filma bera.
    Drogen pasartea egin zait gogorrena, ezezagunetakoa delako besteak beste. Farlopara engantxatua egote hori, ateratzeko erabaki kolektiboa. Bizitza berreraikitzekoa. Arrakastaren droga. Eta hortik aurrerako ikuspegia.
    Barricada taldekoen erabakia gogorra da protagonistaren ahotik ezagutzea. Baina ez du arrangurarik erakusten. Mina askatzen du. Kontatzearekin batera. Errelatoaren abantaila.
    Lagunak ez dira etsai bilakatzen. Kontra egiten dioten arren, bidailagun hobeak aurkitzean datza irtenbideak. Eta aurkitzen ditu. Eta sekulako banda dauka aldamenean orain Enrike Villarreal Drogas-ek.

    Ura eta harria

    Argazki ona dauka lanak. Asko artxiboa da. Eta oso artxibo lan ona. Elkarrizketak edo zuzeneko irudiek pasarte handia betetzen dute. Baina badago film honetan irudi ederrik ere. Maiz musika errepidearekin lotzen da. Hemen errepideak basora garamatza, ur ertzera. Harriaren metafora baliatzen du Drogasek zenbait pasartetan. Eta ederra iruditu zait. Erreka maite du. Harria sentitzen da. Jaurtitzeko edo hondora betiko erortzeko. Bizitza. Rocka. Drogas.

  • gaztelumendi.eus

    Txaloak, leiho eta balkoietako elkartasuna

    Italian leihora atera zen emakume argentinarra. Ez zuen inor somatzen inguruan. Eta pentsatu zuen txaloka hasi beharko liratekela, eta osasun arloan lanean, dena emanez ari ziren haiek omendu beharra zegoela. Eta bideoz grabatu eta lagunei bidali zien. Eta mezua hedatu eta txalo zaparradak egiten hasi ziren. Han. Italian.
    Handi gutxira geratu ginen gu ere itxialdian. Eta leihora atera ginen berehala. Musika, kantuak… txaloak. Txoriak txori kantatzen ekin genion lehen iluntzean Euskal Herrian.

    Zubitalde auzoa, gurea

    Txoria txori kantatu genuen. Eta biharamunean edo, Espainiako erregeak telebistan agerraldia egin behar zuen une berean kazerolada egin genuen. Eta arratsaldero, 20:00etan, leihoetara eta balkoira ateratzen hasi ginen. Egunero. Oharkabean. Poliki poliki. Ezker eskuin, goian eta behean auzokideak. Musika. Egunean zehar egin gabeko komentario eta solasaldiak. Elkartasun keinu bat baino gehiago. Zerbait berezia. Auzokideak ginen. Orain auzokideagoak izango garela uste dut.

    Elkartasuna gauza handia da. Elkartasunak batzutan kontzientzia hartzera eraman izan gaitu. Oraingo honetan ere bai. Osasungintzan egindako murrizketen ondorioak ezagutu ditugu. Kanpora joateko gogoa, errotik moztu zaigu erizain edo medikuek ospitaletako egoera azalten digutenean. Eta denok daukagu baten bat familian. Erizainak. Ospitaletako langileak. Medikuak. Osasungintzan lanean ari diren lagunak. Bihotza hunkitzeraino beraien berbak entzutean. Guk auzokide bat daukagu 12 orduko txandak egiten Usansoloko ospitalean. Etxean dagoenean leihora ateratzen da. Ez dagoenean ere beragaz akordatzen gara. Medikua da. Eta birusaren frogak ere egin behar izan dizkiote.

    Mundu berri bat daramagu bihotzean

    Italia, Euskal Herria… mundu osoan hedatzen ari da elkartasuna. Baina nire gogoa eta bihotza une batez Kubara joan dira. Han zelan bizi duten jakinmina neukan. Eta horretan ere eredugarri. Che Gebara medikua gogoan mundu osoan elkartasuna eta osasunaren aldeko iraultzaileak izan dira kubatarrak hamarkada luzeetan. Orain ere horretan dihardute Italian adibidez.
    Eta han, La Habanan, han, Kuban gauero 21:00etan ateratzen dira txalo solidarioak egitera. Zoragarri!

    Aplausos juventud rebelde, Cuba

  • agit/prop

    “maitasun adierazpena”

    Marian errugabea da, maite zaituztegu esan arren.
    Igor eta Mattinen torturak salatzeko egindako adierazpenak, behintzat ez du terrorismoa goratzen.
    Herritarrak beldur ziren, maitasun adierazpen horrek kartzela eta alkatearen inhabilitazioa ekarriko ote zuen… eta tira, behintzat horretan geratu da.

    Maite zaituztegu baina, gerra oihu bilakatu da. Mezua ikusi dugu kamixetetan, pegatina eta pankartetan. Mezua musu bilakatzen da horrelakoetan.
    maite zaituztegu

    Eta ez da gutxi.

    Musuak banatzen jarraitu beharko dugu, besterik ezean.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  literatura

    Asel Luzarragaren delituak


    Argazkiak.org | Asel askatu, behin eta berriz © cc-by-sa: gaztelumendi
    Asel Luzarraga elkarrizketatu dogu asteon irratia.com saioan. Txiletik Euskal Herrira zuzenean, aspaldikok partez. Kartzelatik urten arren, oraindik etxean atxilotuta dago euskal idazle eta blogaria.
    aselaskatu.org ekimeneko lagunekin auzolanean Asel elkarrizketatu dogu, eta egia esan gauza ikaragarriak, sinestezinak eta gogorrak bota dizkigu handik. Baina gertatzen ari da… gure ustez errugabea den lagun hori espetxean euki dute, eta Txiletik kanporatzeko arriskuan dago.

    blogeko idatzi delituzkoak

    Baina, niri behintzat, harrigarriena gorri beltzean blogean gaztelaniaz idatzitako pare bat artikulu fiskalaren delitu froga bezala agertzea afera honetan. Harritu egin nau eta holan adierazi dut publikoki, blogean idaztea ere delitu bilakatzen denean artikuluan.

    Eta horrek zer pentsatu pranko ematen du, niri bai behintzat. Blogean idaztea ere, delitu bilakatu daitekela, froga moduan… nahiz eta baden hori ukatzen duenik ere. (Bota begiratu bat, zuzeu.com gunean sortu den kalapitari) Asel Luzarragaren kontrako frogarik ezean, handik kanporatu gura dutenek, edozeri heldu gura diote…

    poza darie bere berbei

    Delituen harridurak baino gehiago poztu nau baina delitugilearen poza, bere berben irria, bere bizitzeko grina hori… Euskal Herritik milaka kilometrotara, egon den baldintzetan egon eta gero… bere jardunak duen umore tankera. Elkarrizketa egiten ari ginela, sinestu ezinda geunden, tipoari zerion poza eta umoreagatik… harritu gaitu, baina kutsakorra da alaitasun hori, eta pozik utzi gintuen gu ere.

    Elkarrizketa entzun gura baduzu: [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100222aseluzarraga.mp3]

    Biba zuek! artikulu sorta

  • ikusi eta ikasi

    Urte barri barri

    …dekonak ez dekonari,
    guk ez deku eta guri
    ezpabe txarri belarri.

    Kantan eta jantzan hasi du urtea. Urteko lehenengo argiak, kanpoan harrapatu gaitu, etxeratzeke.

    Eta zer eskatuko zer eskatu, hasi gara endredoan. Eguna joan, eguna etorri asmatu ezinik ondiño. Ze izengo ete da….

    Ez dakigu, baina zerbaiten bila bagabiz ibili. Nora ete goazen ez dakigun arren, aurrerantza joan gurean gabiz, tira eta tira….

    Helduko ete gara, helduko ete da. Zalantzak eta burukomiñek. Etorriko dan esperantzan, helduko ete garen arduraz.

    Eskale barik, eskean gatoz. Aldarrika zeozelan esatearren.

    Bitartean; badakizue, zaindu maite dozuen hori…. izan be, ez digute uzten maitatzen gauean, no time for love.

  • agit/prop

    Astebete Ino barik, egunero Inogaz

    Astea egin du dagoeneko Arrasateko alkateak espetxean. Egunero ari gara gogoratzen, egunero daukagu zerbait. Baina Ino eroan zutenetik, oraindik sinestu barik gaude guztiok gertatutakoaz.

    Arrasaten nabil egunero, Ino bera ezagutzeko parada izan dut. Andre atsegina, langile porrokatua, eta egun hauetan guztietan frogatu dudanez, oso maitatua gainera.

    Aste bete Ino barik, baina herrian kezka egunetik egunera areagotzen joan da. Aspaldian Espainiako politikaren zentru bilakatu da Gipuzkoako herri hau, euskal politikariek ere ez dute atsedenik hartu Arrasatek sortutako buruhausteekin. Udalbatzarrak, mozio etikoak, alderdi ezberdinetako ordezkarien aipamenak, komunikabide espainiarren manipulazioa, agobioa eta presentzia polizial handia. Mota guztietako txakurrez betea dago aspaldion Mondragoe.

    • GREBA OROKORRA

    Arrasatera etorri naiz gaur ere, inoiz baino goizago. Langileek greba egiten duten arren, Info7 irratirako zenbait kronika egin asmo ditut, kaletik, telefono mugikorrarekin. Euskal Herrian, hemengo audio_argazkia eskaintzeko helburuagaz.
    Eta egia esan, goizean dagoeneko harrituta geratu naiz. Normalean autoa aparkatzea ez da broma izaten hau bezalako herri batean. Lekuak soberan gaurkoan. Lehen irudia.
    Autoa gura izan dudan lekuan itxi ostean, egunero ikusten dudan liburutegia zarratuta ikusi dut, eta kartel asko inguruetan, atzo baino propaganda gehiago. Eta dendak itxita. Eta kafetegiak. Eta tabernak. Eta herri batean egoten den oro, bidai agentziak, estankoa, kirol dendak, banketxeak, biztanleen arreta zerbitzua, udalaren egoitza guztiak, bulegoak…. buelta bat baino gehiago eman diot herriari. Ez nuen inor ikusten gainera.

    Portaloira joan eta jendea ikusi dut. Gazteak gehienak. Informazioa banatzen aritu dira goizeko lehen orduetatik. Eta parean ertzainen furgona bat baino gehiago. Oldarkor. Bideo kamara bat eta pelotak botatzeko hamaika jaurtigailu.

    Kazetariak ere ikusi ditut, kolegak, baina aspaldion sarritan datozen arren, ez dira batere maitatuak. Sekulakoak esan dituzte Arrasateri buruz, eta gaur kamara eskutan, irudi bila ari ziren. Ikusten zutena filmatzen ez ditut ikusi baina. Bilbotik bistaz ezagutzen dudan bat, -telebista espainol batekoa- albotik pasatzean esan diot: -Kostako zaizue ezer zabalik topatzea! Baietz esan didate beraiek, kolegazoa banintz ere.

    Ino, guk ere maite zaitugu

    Txokotxo batean, ordenadorea piztu, 11etako informatiboa egin, eta aspaldian lagata dudan blogari ekin diot. Hamaiketako albistegia entzun gura baduzue:
    info7 irratia: [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/albistegiak/boletinak/080508_1100ae.wav.mp3]

    Astebete Ino barik, egunero Inogaz.

    Zer kontatua asko eman du hileotan Arrasatek. Asko ikasi dugu guztiok. Politikaz, etikaz, konpromezuaz, justiziaz, kudeaketaz, elkartasunaz, salaketaz… baina batez ere pertsonen balioak nabarmentzeko aukera izan dut. Eta orain badakit, egunero Ino gogoan izango dudala, egunero ondoan, egunero egingo dugula zerbait bere alde. Itzuli dadin, etorri daiten, berean jarraitu dezan. Herritarrek erabaki bezala, alkate. Herriak hautatu bezala, Arrasaten.

    www.aurrerabolie.org