• agit/prop,  gaztelumendi.eus

    josemigel etxeandia LIBRE

    1994ko azaroan Larrabetzutik ihes egin zuenetik urte asko pasatu dira. Mexikon atxilotu eta Espainian gartzelaratu zutenetik be igaro da denbora.
    Urrun eta ezlekuetan lehenengo, espetxean eta bisititetan gero.. 21 urteotan hutsune handia itxi digu Josemigelek herrian, inguruan.
    berria

    Azken bidaia

    Gaur goizean azkenik bere bila abiatu gara Salamankarantz. Azken bidaia izan da, urteotako bisiten ostean. Pozik itzuli gara handik, herritar bat gehiago gure artean izango dugula jakinik.


    Eta gaur Larrabetzun ongietorria egingo diogu, herritarrok, lagunek, etxekoek… guztiek. Bateko eta besteko izango da, besarkada, agur, kantu eta malkoen artean.
    Nik neuk, urte hauetako kantu zerrenda bat jarriko dut Hori Bai gaztetxean; izan be, Josemi gure musika aditu eta aholkularia izan zen urteetan. Gazte eguna asmatu eta herria kontzertuen mapan jartzea bideratu zuen, gaztetxea okupatzeko giroa sortu zuen herrian, eta musikazale amorratua izan da urtetoan.
    Urteotan Euskal Herrian eta Larrabetzuko gaztetxean entzun eta ikusi ditugun taldeetako kantu bildumatxoa prestatu dut, zuek ere entzun eta gozatu dezakezuena.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  literatura,  musika

    Herria eta hizkuntza 1220 eurotan

    Berriki Hasier Etxeberriak bere bizipozak eta bizipenak kontatu dizkigu blogean. Liburu elektronikoen salmentatxoak sortutako mezuen berri jasotzeak eta abar..
    Tristeagoa iruditu zait, triste eta batez ere haserre jarri nau, Herria eta hizkuntza kantuaren ahapaldi batzuk dokumental batean jartzeko asmoagatik, 1220 euro kobratu nahi izan dizkiotela jakiteak.
    Xalbador, Wikipediako argazkia
    Eta erantzunak ere arretaz irakurri ditut. Eta euskal kulturaren izenean egiten den iruzurra salatu nahi dut, ozen. Egile eskubideena patxanga bat da, goitik behera. Aitzakia merke bat. Eta Elkar erridikulua egiten ari da behin eta berriro, egile eskubideen afera horretan. Bahituta dauzka egileak, eskubideak, obra eta euskal kulturgintzaren zati bat… dirua ateratzeko helburuz. Eta euskal kulturgintzak, XXI. mende honetan ikuspegia aldatzen ez badu… hankasartze galantak egingo dituzte. Gaur negozioa dena, bihar miseria izango baita.

    Nik neuk, herria eta hizkuntza zein ditudan jakinik, aldarrikatzen dut kantu horren, Xalbadorren bertsoen publikatze librea. Ozen abestea, irratian jartzea… youtuben iragartzea… eta datozela Elkarreko euskal enpresari txit jatorrak, datorrela SGAE eta Audientzia Nazionala ere…


    Batzu herriaz orroit, euskeraz ahantzi
    bertzek euskera maite, herria gaitzetsi;
    hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
    berek nahi daukute konpreniarazi
    bata bertzea gabe daizkela bizi.

    Herria eta hizkuntza, gorputza eta beste DRMpean edo museoko bitrina batean ezarri aurretik, hausnartu dezagun, mugitu gaitezen, egin dezagun zerbait… sorkuntza eta jakintza guztia negozio eredu neoliberaletan ezartzen duten jauntxo berri hauen aurrean.

  • gaztelumendi.eus

    [kafe hutsa] sorkuntza kolektiboa

    LetrARTean ekimenean proiektu ezberdinak aurkeztu genituen, jendaurrean. Eta jendeak bere izena eta kontaktua -zer egiteko gogoa duen gehitzearekin batera- eman eta idatzi zituen. Hainbat ekimen interesgarri ezagutu genituen, eta jende gehiagoren artean, hauetako bakoitza burutzeko bidean jarri ginen.

    [kafe hutsa] proiektuaren nondik norakoak azaldu nituen orduan, ahoz. Eta apurka apurka garatzen joango ginela adostu genuen zelanbait. Eta jende dexente agertu zen auzolanerako prest. Eta proiektua zertan bilaka zitekeen, hainbat buelta eman dizkiogu geroztik. Hemen proposamena, guztion artean osatu eta gauzatu ahal izateko.
    [kafe hutsa] sorkuntza kolektiboa
    sorkuntza kolektiboa

    • Kafe hutsa sorkuntza kolektiboa izango da. Guztion artean sortutako lan librea. Parte hartzea oinarri duen sorkuntza prozesua. Pentsatu, asmatu, sortu, ekoiztu, gauzatu, aurkeztu, zabaldu eta eragin. Erantzuna jaso eta kritikatu. Berriro sorkuntzan murgiltzeko.
    • Ikusentzunezkoak eta arlo multimedia landuko du. Kultura digitalaren baitan, artea, sorkuntza, musika, irudia…. uztartuko ditu.
    • Elkarrizketa izango du etiketa nagusia. Hitza, berbak, komunikazioa, elkarrizketa…  tag bezala. Ez bakarrak ordea.
    • Librea izango da. Copyleft. Gure helburua ez da komertziala izango, eta gure sorkuntza guztia sarean eta kalean banatuko dugu, ahalik eta leku gehienetara, jende gehienarengana heltzeko helburuagaz.
    • Euskaraz sortuko dugu. Eta gure sorkuntza beste hizkuntza batzuetara itzuli, azpititulatu eta marraztuko dugu.
    • Parte hartzea bultzatuz. Auzolanean lan eginez. Kode eta jarrera irekian, aportazioan oinarrituta. Modu horizontalean, jerarkia barik.

    [kafe hutsa] lehen proiektua: laburmetraia

    Eta lanean hasteko, hilabete batean ikusentzunezko laburmetraia sortzea da lehen erronka. Internetera zuzendutako lana. Euskarazko laburmetraia partehartzaile eta librea. Guztion artean pentsatu, idatzi, grabatu, errealizatu, zuzendu, editatu, gorde, aldatu eta aurkeztutakoa.

    Gaurdanik, lantaldea osatu eta lanean hasteko. Posta zerrenda, wiki, bloga, eposta bidezko harremana, bazkari, kontzertu osteko garagardo… guztiak balio digu, gure sormena martxan jarri, medioak aurkitu eta lanean hasteko. Erronka botata dago. Otsailaren 26rako lana bukatzea da erronka, eta bide batez sarean euskaldunok daukagun lehiaketa interesgarri honetarako martxan jarri. Adibidez.

    Kanalak baditugu, materiala eta ideiak ere bai. Lantaldea osatu, eta lanean, auzolanean jarriko gara. Gura duzuenean.

  • agit/prop,  teknologia berriak

    gora euskal piratak!

    Eztabaida dabil egunotan, sarean eta politikan. ZPren gobernuak, presidenteak eta gobernukideek jakin barik… ekonomiaren aldeko lege berri batean, Interneteko webguneak ixteko proposamen bat zekarren. Hautsak harrotu dira, han eta hemen.
    Euskaldunok badakigu zer den webgune bat porelmorro ixtea, baina musika deskargak direla kausa… ba ez dago hori onartzeko bat baino gehiago.
    Hemendik bi gogoeta, gora euskal piratak! gora kultura librea eta adierazpen askatasuna.

    Bi hitzetan: gora piratak! eta euskaldunak badira… ba zer egingo diogu!

  • info 7,  musika,  teknologia berriak

    kerobia

    info7 irratia
    Info7 irratiko Talaiatik tartean Kerobiaren doinuak entzun ditugu. Libre banatzeko kantuak dira, beraien Materia organikoa eta gainerakoak azken diskokoak. Egia esan, aspaldi honetan oso Kerobiazalea bilakatu naiz. Lehen ere gustuko nituen, baina gutxiago entzungo nituen ziurrenik. Jarrera argia erakutsi dute, harremana euki dugu azken asteotan, eta asko gustatzen ari zaizkit.

    I like it. laket ditut. Gustuko ditut, laket zaizkit. Eta horrela nabarmendu dut Info7ko irrati kolaborazioan.

    Entzun gura baduzue:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/05/20080513_939.mp3]
    kerobia.com

    Azken laneko bideoklipa ere ederra egin du Lohitzune errealizadoreak. Ez da ohikoa horrelako lanik ikustea gure musikarien artean. Zinematik badu, argiztapena itzela, gidoia oso ona eta musikariak instrumentu barik agertzen dira. Biba zuek! Youtube garaian, bideo txar asko ikustera behartuak gaude, txispa dutelako, mezua garrantzitsua delako, edo auskalo zergatik, oraingo hau, ikusteko modukoa dela iruditzen zait.

    Hilabete bakarrean 3.500 bisita baino gehiago izan ditu lanak, ez da broma! Eta lana zelan grabatu zuten ikusteko, making off berezia paratu dute beraien kanalean, minutu bateko lana.

    A ze jendetza behar den, horrelako lan baten egiteko.

    120 ordu libre


    irratia.com Tira, kontua da irratia.com emankizunean ere, elkarrizketa egin genuela beraiekin, musikaz, diskoaz, bideoaz.. gauza askotaz mintzatu ginen. Aurretik Ruper Ordorika elkarrizketatu genuen -Zugarramurdin zen mugalaria- eta Kerobiarrak, Iruñeatik irratia.com entzun zuenez, Ruperrek errandakoak aipatu zituen, interakzioa.
    Horrenbeste gustatuta, orain kontzertua ere antolatu dugu Kerobiarekin. Datorren ekainaren 12an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira, eta eskenatokia partekatuko dute Donostiako Lauroba talderarekin. Guk entzuleak batu gura ditugu ostegun horretan, ikasturteaz mintzatu, gaiak proposatzeko aukera eskaini, kritikak jaso, eta proiektu berrien barri eman, ahal bada. Aste horretan bertan, gauzak ondo doazela, 120. saioa eginda izango dugu Bilbo Hiria irratian. 120 ordu musika eta eduki libreak sortzen eta entzuten.
    Beraz, badakizue; gonbidatuta zaudete. #e12