-
[kafe hutsa] sorkuntza kolektiboa
LetrARTean ekimenean proiektu ezberdinak aurkeztu genituen, jendaurrean. Eta jendeak bere izena eta kontaktua -zer egiteko gogoa duen gehitzearekin batera- eman eta idatzi zituen. Hainbat ekimen interesgarri ezagutu genituen, eta jende gehiagoren artean, hauetako bakoitza burutzeko bidean jarri ginen.
[kafe hutsa] proiektuaren nondik norakoak azaldu nituen orduan, ahoz. Eta apurka apurka garatzen joango ginela adostu genuen zelanbait. Eta jende dexente agertu zen auzolanerako prest. Eta proiektua zertan bilaka zitekeen, hainbat buelta eman dizkiogu geroztik. Hemen proposamena, guztion artean osatu eta gauzatu ahal izateko.
sorkuntza kolektiboa- Kafe hutsa sorkuntza kolektiboa izango da. Guztion artean sortutako lan librea. Parte hartzea oinarri duen sorkuntza prozesua. Pentsatu, asmatu, sortu, ekoiztu, gauzatu, aurkeztu, zabaldu eta eragin. Erantzuna jaso eta kritikatu. Berriro sorkuntzan murgiltzeko.
- Ikusentzunezkoak eta arlo multimedia landuko du. Kultura digitalaren baitan, artea, sorkuntza, musika, irudia…. uztartuko ditu.
- Elkarrizketa izango du etiketa nagusia. Hitza, berbak, komunikazioa, elkarrizketa…Â tag bezala. Ez bakarrak ordea.
- Librea izango da. Copyleft. Gure helburua ez da komertziala izango, eta gure sorkuntza guztia sarean eta kalean banatuko dugu, ahalik eta leku gehienetara, jende gehienarengana heltzeko helburuagaz.
- Euskaraz sortuko dugu. Eta gure sorkuntza beste hizkuntza batzuetara itzuli, azpititulatu eta marraztuko dugu.
- Parte hartzea bultzatuz. Auzolanean lan eginez. Kode eta jarrera irekian, aportazioan oinarrituta. Modu horizontalean, jerarkia barik.
[kafe hutsa] lehen proiektua: laburmetraia
Eta lanean hasteko, hilabete batean ikusentzunezko laburmetraia sortzea da lehen erronka. Internetera zuzendutako lana. Euskarazko laburmetraia partehartzaile eta librea. Guztion artean pentsatu, idatzi, grabatu, errealizatu, zuzendu, editatu, gorde, aldatu eta aurkeztutakoa.
Gaurdanik, lantaldea osatu eta lanean hasteko. Posta zerrenda, wiki, bloga, eposta bidezko harremana, bazkari, kontzertu osteko garagardo… guztiak balio digu, gure sormena martxan jarri, medioak aurkitu eta lanean hasteko. Erronka botata dago. Otsailaren 26rako lana bukatzea da erronka, eta bide batez sarean euskaldunok daukagun lehiaketa interesgarri honetarako martxan jarri. Adibidez.
Kanalak baditugu, materiala eta ideiak ere bai. Lantaldea osatu, eta lanean, auzolanean jarriko gara. Gura duzuenean.
-
Gaur bi hitz: #letrARTean Andoainen
Letren herria dugu Andoain. Euskaldunon Egunkariaren itzala, Berriaren argia. Letrak ere saritu ohi dituzte Andoainen, Rikardo Arregiren omenez. Letrek, euskarazkoek berezik kultur parkea ere badute, Martin Ugalde zenaren izenean. Letren herri bilakatuko dugu gaur arrastian ere, LetrARTean ekimenarekin.
Finean; kultura eta artea, informazioa eta komunikazioa edota Internet eta teknologia berriak jorratuko ditugu alde zaharreko Itzala gunean. Berba egitera goaz, sortzera. Ondoan dagoena ezagutu, eta ondoan, alboan, gertu jarraitzeko asmoarekin. Sortzen jarraitzeko, egiten, erakusten, ikasten.Kultur esperimentu bat ere bada letrARTean, teknologiaren alde ez teknikoa jorratuz. Letrak. Edukia. Hizkuntza. Sorkuntza artistiko eta kulturala. Mezuari erreparatuko diogu, kanalari baino gehiago. Izan ere, kanalei begira gaude ohituegi aspaldion. Teknologiaren lilurak, edukiari garrantzia kentzen diola dirudi. Zer egin daitekeen pentsatzen pasatzen ditugu egunak pantaila aurrean, eta zer egiten dugun jakin beharra dago. Zertan ari garen, zer sortzen, zer ikasten…
Alde horretatik, letrARTean plataforma fisiko eta humanoa ere bilakatu dezakegu, beharbada. Gure gogoa eta indarraren arabera izango da. Eta letrak, gureak, bultzatzeko tresnen beharra aldarrikatu eta profitatu dezakegu. Elkartzen bagara, egiten badugu, pentsatu ezkero, hasi eta abiatu ondoren.
Horretara noa ni. Eta ikastera. Eta jende berria eta gazteagoa ezagutzera. Eta auzolanean, lan berriak eskaintzera auzokei, eta auzokoarenean murgiltzera azken finean.
Kultura, Informazioa eta Teknologia. Horra hor KIT eder bat. Euskaldunontzako tresna erabilgarri bat, dezakegun armarik potenteena gure esku. Teklak eta jarioa. Sorkuntza eta kodea. Hedatzeko eta ikasteko. Ezagutzeko eta zabaltzeko. KIT on bat gure zerbitzura. Balia dezagun.
gauez, letrak dantzan jartzeko asmoz
Arratsaldean bezala, gauez ere jarraituko dugu gure ekimenak. Ludikoago. Sorkuntzaren aldetik, erremixaren logikarekin. Komuneko paperean idatzitakoak irakurri eta entzun, argitaratutakoak eskuratu… eta gero Bi hitz: beats_bits. Teknologia, doinuak, hitzak, musika.. pantaila eta ingurua. Eta dantzarako grina, gogoa.. giroa. Ea asmatzen dugun. Horretan saiatuko gara, eta zuek ere jarraitu dezakezue, pantailan, twitter bidez, streamminga jarraituz… gura bazela. Hurbiletik bezala urrunetik.
dj kaikuren musika, 2tz hashtag berria eta #letrartean dantzan egiteko gogoa.