-
Josu eta Santi gogoan
Biharamunean idazten dut. Amets gaizto baten ostean. Gogorra da azaroaren 20a euskaldunontzat. Aurre egin diogu, baina oso gogorra da. Ankerkeria bortitzena baliatu du Estatu terrorismoak euskaldunon kontra. Amorruz. Mendekuz.
Memoria ariketa ere bada azaroaren 20 hau, eta iazkoa. Eta aurrekoak. Guztiak.
Etsaiak Santi Brouard hil zuenean, musika klasean nengoen. Piano baten ondoan. Kantuan hasteko. Gogoan dut. Eta musika Lekeitiorekin, Santirekin lotu ohi dut askotan. Lekeitioak maite ditut. Santi Brouard frontoian Mikel Laboa zelan ikusi nuen gogoratzen dut. Eta horrek lasaitzen nau. Edurne Brouardek aurrekoan emandako azken besarkada ezin dut ahaztu, hala ere. Musu bat Edurne.
Klasera joateko esnatu ninduen goizero bezala aitak. –Muguruza hil jeurek! bota zidan. –Muguruza? oraindik erdi lo nengoen. Muguruza batzuk bazeuden ordurako nire bizitzan.
Azaroaren 22an greba orokorra izan zen Euskal Herrian. Gogor erantzun genuen. Txorierrin ere mobilizazio handiak. Eta gogoan dut zipaioak lehenengoz ikusi nituela horrela egurra ematen. Eta jasotzen. Derio sutan. Larrabetzuko jendeak zelan erantzun zuen gogoan dut. Ez daukat ahazteko.
Hurrengo asteetan irakurgai bakarra izan nuen. Goitik behera aletu nuen Punto y Hora hura. Ondo gogoan daukat.
Josu Muguruza gehiago ezagutu nuen. Eta gerora maiz entzun dut hari buruz, bere militantzia, bere gaitasuna, bere ardurak, bere sinadurak. Eredu bat. Eta Amaiur gazteluaren magaletan egon naizenetan bera izan dut gogoan, oharkabean. Edo ohartuta beharbada. Ruper Ordorikaren Ez da posible! kantu ederra da oraindik. Entzuten dugun aldiro. Elena Bartolome gehiago ezagutu dut bizitzaren joanean. Besarkada bat.Urtero gogoratu ditugu. Karteletan. Manifetan. Dokumentaletan. Mobilizazioetan. Ekimenetan.
zer egin?
Atzo, hala ere, egun berezia izan zen niretzat. Irati irratian zerbait berezia egitea nuen xede. Asmoa ona zen, baina biribildu beharra zegoen. Ane Muguruzak asteburuan 7K igandekarian botatakoak zer pentsatua eman zidaten. Hausnarketak. Bizitza. Agian ez dauka gogo askorik elkarrizketetarako -pentsatu nuen-, are gutxiago Pirinioko irrati baten. Lagun bati idatzi nion. Proposamena landuz. Anek baietz erantzun zidan. Errespetutik eta begirunetik egindako galderak neuzkan buruan. Aita ezagutu ez duen umea izan zen, gaur egun 30 urte betetzear da Ane Muguruza. Gogoeta sakonak egin dituenak bizitzaz eta militantziaz, Euskal Herriaz eta kontakizuna/errelatoaren gainean, biktimak zer diren nor diren badaki. Baina nekatuta ere badago egoerarekin. Eskerrik asko Ane! Hunkitu ninduzun eta asko ikasi dut. Egiari zor, hurrengoan beste begi batzuekin agurtuko zaitut. Eta agian hitz ederren bat ere izango dut zuretzat.
Bezperan aurkeztu zuten Bilbon Antzara eguna komikia. Eleberri grafikoa. Memoria. Zuri beltzez. Adur Larrea eta Harkaitz Canok. Aurreko astean jaso nuen Iruñean. Eskutik eskura. Poltsa barruan neukan. Eta aurkezpen egunerarte ez dut zabaldu ere egin. Ez dakit zergatik. Azaroaren 20 bezperan liburuarekin sartu nintzen ohera, eta nire ondoan egin zuen lo. Enintzen askorik irakurtzeko gauza. Hunkituegi beharbada. Eta goizean irratian Harkaitz Cano elkarrizketatu nuen. Elkarrizketa ona, nire ustez. Aspaldian egin dudan txukunena, uste dut. Galderak ez dakit, baina erantzunak sekulakoak. Kontalaria da Harkaitz, freskoa, orijinala. Idazten duen gisan hitz egiteko gai da. Ekarpenak hemendik, gogoetak hortik, sakontasuna eta estiloa, argitasuna eta xumetasuna. Eskerrik asko Harkaitz. Santi Brouard bezalakoei egiten ahal zaien omenaldirik onena da literatura maitatzea, herrigintzan jardutea, sortzea, irakurtzea, gozatzea…. Euskal Herria osatzea, azken finean.
Eta jarraian Harkaitz Cano idazle eta gidoigilea Santi Brouard mediku pediatra eta politikariaren #komiki biografiari buruz: Antzara eguna pic.twitter.com/UORI36yvbM
— Irati Irratia (@Iratirratia) November 20, 2019
Herriak ez du atzenduko
Ez daukat hitzik. Hunkituta nago. Bilbotik aparte bizi izan dut egun hau.Egun hauek. Baina bete beteak izan dira. Domeka honetan Mikel Zabalza omenduko dute Orbaizetan, eta oraindik ikastolan egin genuen pintada -margoa- dut gogoan. “PSOE, non dago Mikel?” idatzi genuen horman, eta andereñoek euskarari buruz egin behar genuela margoketa esan ziguten. “Mikel euskaraz mintzatzen zen” jarri genuen. Itota hil zuten. Torturatuta. Bidasoa errekatik,Intxaurrondotik pasatzean amets gaiztoak datozkit burura. Errelatoa. Asko. Eta nork berea beharbada. Nik banuen gauza hauek kontatzeko beharra. Eskerrik asko guztioi. Ez dugu atzenduko!
-
Pediatra eta kazetaria
Urteak joan dira, baina memoriak oraindik ez digu hutsik egiten. Ez da gitxi.
Duela 25 urte, pianoaren aurrean zegoen Teresa irakaslea gogoratzen dut. Solfeoko 4. maila egiten nengoen, Galdakaon. Berak eman zigun albistea. Eta pianoaren hotsak gogoan ditut, ez ziren ordurartekoak. Beste musika bat zen. Pianoaren teklak zelan dardar egiten zuten, gogoan dut. Ez daukat ahazteko.Egia esan, gaztetxoa nintzen arren, Santi nor zen banekien. Ezagutzen nuelako zeozelan. Herrian egona zen, amak berba egin izan zidan berataz. Sukaldaria ama, eta herri bazkari ugari egindakoa. Berak be gogoratzen du zelan behin, mahaitik altxatu eta sukaldera hurbildu zela politikarien liderra zena. Zoriondu egin zuen bazkari hura prestatu zuen andrea. Eta gogoan dut, zelan kontatzen zuen hori amak Santiri buruz. Detaile txikia da, baina oso iraultzailea, bere apalean. Herriko politikariek bazkaltzen jarraitu zuten. Eta piano haren notak datoz berriro ere. Dardara. Eta geroko guztia.
5 urte beranduago, beste ikastetxe batean nengoen. Beste maila baten. Ordurako militantzia politikoan, ikastolatik pasata eta bestelako ikasketetan. Helduago zelanbait.
Klasera joateko, aitak esnatu ninduen. Goizero bezala. Eta, “Muguruza hil jeurek” bota zuen argia izetuagaz bat. Eta Muguruza? Egia esan, kantaria etorri zitzaidan lehenengo eta bat burura. Eta gero egin erosiko nuen herriko estankoan, eta hurrengo astean Punto y Hora eta… oraindik bere biografia osoa gogoan dut. Ezagutuko banu bezala mintza naiteke Errekalden jaio, sortu eta hazitako euskaltzaleaz. Ez da posible, ezin liteke kantatuko nukeen agian, Ruperren doinuak baino, gurago nituen arren rockaren garrasiak. Eta ordurarte maiz irakurritako J. Iratzar eta Zohardiari irudia jarri nien gero. Eta mahai nazionala, eta Alcala hotela, eta hau eta beste guratzatzen zaizkit memorian. 20 urte joan diren arren. Punto y Hora hoiek ditut orain eskuartean. Zita bat dira guretzat. Lekua eta ordua. Oroimena.Pediatra bat, eta Euskal Herria osagai. Kazetari bat, eta askatasuna idazteko dago. Beste aldean aldiz boterea, gobernua, PSOE, Gonzalez, Rubalcaba, Amedo, Ynestrillas…. memoria, ez da galdu behar.
Errekalde eta Lekeitio, Bilbo eta Larrabetzu. Hara hona ibili gara urte hauetan guztietan. Euren asmoak gauzatzeko eskatuz, bideratzeko lan eginez. Eta badirudi, badatorrela asmo berri bat, gogo bat gauzak aldatzeko, lortzeko… osatzeko, sortzeko.
Gaur Bilbon eta domekan Lekeition. Bidenabar, Edurnek aitatutako taberna hori ezagutu beharko dut. Santi Brouard, Mikel Laboa eta Che Gebara ageri diren taberna hori. Zerk batzen ditu bat hirurak?
-
euskal pop gizarteaz
Josu Larrinaga musikazale moduan ezagutu nuen, soziologoa da, irakasle unibertsitatean, erdi familiakoa dudala ohartu nintzen gero eta batez be kontzertuetan egiten dut berarekin topo.
Proposatu zidan udako ikastaro batean zebilela burubelarri eta ea zeozertan laguntzerik neukanez.
Baietz, gaia jakin ostean. Euskal pop musika, euskal pop gizartearen isla? galderari erantzun asmo diogu, soziologiatik. Ikasiko dugu musika entzunez. Apunteak disko zaharren gainean hartuko ditugulakoan.Iruñeako eremu unibertsitariotik, Lekeitioko hondartzara hurbilduko gara. Euskal unibertsitateari eremu berri bat eskainiz.
Pop hitza pijotzat du ezjakin askok. Pop popularretik dator ordea, herrikoi, alegia. Horretaz jardungo gara, ia konturatu barik. Eguraldia eta musika lagun. Zozologian.euskalpop.mundua.com bloga sortu eta hor emango dugu ikastaroaren berri, orain eta gero. Ikastaroan zehar, pop musika hitzaldiak, emanaldiak, entzunaldiak eta podcast batzuk izango dira.
Inork bere musika ikastaroan zehar jarri eta komentatu nahi balu, arazorik ez, kontrakoa. Gustura asko. Pop atseginez.