• ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Aupa Tobaritx!

    Agirre lehendakariari buruzko dokumentala egiteko enkarguarekin zetozen. Agirre, autodeterminazioa eta batasuna izango zuen izenburu. Zuzendaria eta gidoilariarekin batera bazkaldu nuen. Gerraz aritu ginen, Burdinezko gerrikoa ezagutu nahi zuten, bertatik bertara. Hegazkinlari alemaniarra non erori zen erakutsi nien, eta ordurako Euzkadi eta Eguna egunkarietako kronikak ondo irakurriak zituzten.

    Behelainoa dut gogoan
    Lokalizazioak egiten ari ginen, balizko filmaketarako. Eta pozik nenbilen langintza hartan.
    Berbaz jarraitu genuen, ametsetan. Fikzioa sinesgarri egiten, etorkizunaz, zinemaz ere bai beharbada, eta politikaz apur bat.
    Sagardotegiko berbaldia, osteko ibilalditxoak baino gehiago gogoratzen ditut. Ez zen giro inguruan. Ez genituen paraje ederrak bertatik bistaratuko.
    Baina filmea egiteko aproposak zirela iritzi zion zuzendariak.
    Iluntzean agurtu genuen elkar. Zuzendariak, idazleak eta hirurok.

    Ez zen filmerik izan. Jeltzaleak izutu egin ziren dokumentalaren planteamenduarekin. Ramon Agirrek bere osabaren papela jokatu behar zuen, fikzioa eta orduko irudiak tartekatuko zituen dokumentala beste esku batzutan utziko zutela jakin nuen gero, eta Deia egunkariak banatu zuen halako dokumentaltxo bat, ez ona, ez historikoa, ez Agirreren mailakoa. Hartan geratu zen nire zinemazko amets historikoa. Behelaino artean.

    Orain, zinema zuzendaria agurtu behar dugu. Bere filmeak, bere esanak, elkarrizketak, asmoak, ikuskak geratzen zaizkigu. Eta kontent gara. Harro. Baina behelaino bat somatzen dut inguruan, ez dakit zergaitik. Agirre lehendakariarena ez bada, beste filmeren bat zor diogu, dudarik gabe. Ia eguraldiak atertzen duen. Aterri ageri du handik…
    ke arteko egunak

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Agirre lehendakaria gomutan

    50 urte asteon Parisen hil zela

    Kale bat dauka gure herrian. Bere alderdikoek jarraitzen dute boterean, kale horren herrian. Baina ez dakit nik lehendakariari buruz ezer irakatsi erakutsi ezagutzera eman diguten inoiz. Kale izendegien politikaren ondorio, ziurrenik.
    Agirre lehendakariaren historia baina, interesantea da. Abertzaletasunaren historian, pasarte oso esanguratsuak bizi izan zituelako besteak beste.
    AL 50

    Oso webgune interesgarria sortu dute bere heriotzaren 50. urteurrenaren kontura. Ez dakit asko zabaldu duten, ezagutzera patxadaz eman duten. Nik behin baino gehiagotan izan dute murgiltzeko gogoa, eta zer irakurri, zer ikusi eta zer ikasi asko dago AL50 proiektu horretan.

    Historian jantzia ez izan arren, Agirre lehendakaria entzun eta ideiok datozkit burura:

    • Chobil txokolatea. Chocolates Bilbainos dira, lehenago Agirre txokolateak zirenak.
    • Athletic, beste askori bezala.
    • Jaurlaritzan sortu zuen gobernua: abertzaleak, komunistak, sozialistak denak elkarrekin.
    • Getxoko alkate 27 urterekin, 32gaz lehendakari erbestean.
    • Autonomi estatutu bat erredaktatzen ibilia, Hego Euskal Herriko lau herrialdeak batzen zituena.
    • Parisko Jaurlaritzaren egoitza. Orduko Euskal Herriko prentsarentzat, aldizkarientzat zeinen garrantzitsua izan den historikoki Paris.
    • Gerra, erbestea ere gogoratzen dizkit Agirre lehendakariak.
    • Telesforo Monzon ere gogora ekartzen dit Agirre aipatze hutsak.
    • Bukatu ote da gerra? Noiz itzuliko dira euskaldunak bere herrira libre?

    50 urte bete dira Jose Antonio Agirre hil zela. Eta ez dakit abertzaletasunak orohar, merezi duen omenaldia eskaini dion. Pertsonaia historiko bat, alderdi eta koloreen gainetik. Eta oraindik, herri hau ez ei dago klabe horretan. Eta horrek, pena apur bat ematen dit.

    Jose Antonio Agirreren bizitza, biografia, pasarteak euskaraz oso ondo azalduta eta erredaktatuta daude euskarazko wikipedian.