-
Mugimendua adierazten duen musika
Pantaila musika ikusteko erabiltzen dut. Talde berriak deskubritu, webguneetatik surf eginez gustuko ditudan taldeen loturak eginez. Kalitateari baino jarrerari egiten diot so, eta sarea musikagune itzela iruditzen zait. Berdin dit facebook edo blogak, google bilatzailearen emaitzak edo nazioarteko wikipedietako azalpenak.
Mugimendua adierazten duten doinuak atsegin ditut. Gero eta gehiago. Rocka ez da sekula amaituko. Nahastuko da, birsortuko da. Bere horretan iraungo du. Kitarra baxua bateria eta ahotsa aski dira gu mugitzeko. Mugiarazteko.
Musika elektronikoa, baxua, konputagailuek sortutako doinuak.. hoiek ere asko atsegin ditut. Loopak mugiarazten dituzte mundu osoko gorputzak orain. Perkusioaren erritmoak dantzarazten du mundu erdia. Eta beste erdiak begira jarraitzen du, ertzetik, mugitu guran, baina mugitu ezinik.
Euskal Herrian ere, talde asko eta onak dauzkagu. Zorteko gara, horrenbeste jaialdi, horrenbeste areto eta horrenbeste emanaldi antolatzea lortu dugulako. Bilbon kontzertu apurrak izatetik, azken hamarkada honetan egunero eskaintza oparoa izatera igaro gara. Anoetako belodromoa ez ezik, areto garrantzitsu nazioartekoak ditu orain Euskal Herriak. Eta hori ona da musikazalearentzat.
Aste berean ikusi dezakegu Asian Dub Foundation Miarritzen, Ruper Ordorika Bilbon edo Alproja herriko gaztetxean. Eta hori demasa da, musika maite duenarentzat. Horrek gogoeta merezi du, eta begirunea, eta eszena lokalaren alde lanean ari denari aupada.
Movement kantua hautatu dut gaur, LCD sound system taldearena. Gustuko dudan taldea da, Internetetik ezagutzen ditut… eta gurera etorriaz, lotura egingo nuke DLRN –delorean– edo Standard –we are standard– taldeekin. Euskal Herrian une honetan ditugun talde interesgarrienetakoak, bidenabar esanda.