-
Biba Berango!
#kukullaga goikoa baserria
Martitzenean (irailak 27) goiz osoa Berangoko baserriaren aldeko zereginetan eman genuen. Mobilizazioa, negoziazioa, tentsioa, informazioa, baserria, lukurreria, injustizia, polizia, epaitegiak, traktoreak, jendea, indarra, gaitasuna…
Atzo, baserria bizirik mantentzea lortu genuen. Guztiok batera: baserritarrak, herritarrak, Berangoko udaleko alkatea (PNV), zinegotziak (Bildu + PNV), auzokideak, herri mugimenduetako kideak, lagunak, ezagunak…
Ametza, Errigoiti, Kukullaga Goikoa
Nire bizitzan hiru baserritarren familiaren desjabetze ezagutu ditut. Eta txiki txikitatik daukat gogoan Ametza baserria. 10 urte baino gitxiago izango nituen Ertzainek lehen aldiz Larrabetzun ostiak banatu zituztenean, pilotari kaskoa eta manga laburreko alkondara urdinekin gogoratzen ditut. Larrabetzuko Ametza baserritik, Pitxi eta bere senideak bota zituztenean. Aurre egin zieten herritarrek, eta EHNE sindikatuko baserritarrak ere borroka hartan zeuden.
Gaztetan, Txiplas Errigoitiko etxetik zelan bota zuten bizi izan genuen. Oraindik alkate den Iñaki Madariaga izan zen horren bultzatzaile, eta bertan batutakoak jipoitzeko ertzainen beltzak deitu zituenak.
Atzo, Kukullaga Goikoa baserriaren defentsan, lehen lerroan egotea egokitu zitzaidan. Brasildar nekazarien ondoan, Berangoko herritarrekin, aspaldiko lagunekin, EHNE sindikatuko kideekin… irakaspen handia, garaipen txiki bat, urrats bat, bestelako eredu ekonomiko eta soziala aldarrikatzen dugunontzat.
Baserriak bizirik gura ditugu, eta espekulatzaile finantziero eta maila handiko lapur legalei aurrei egin behar diegu.
informazio gehiago:
- baserribizia.info
- Koska irratia + UKberri (bideoa + argazkiak)
- GARA
- Berria (kronika eta bideoa)
- DEIA (Noticias taldea)
- El Correo
Eta girotzeko, Gabriel Arestiren koplak, Joseba Tapia eta Natxo de Feliperen ahots zein doinuan.
-
Bi hitz Kukutza gaztetxeari buruz
Maiz joan izan naiz Kukutzara. Aspalditik. Egon izan naiz bazkaltzen, teterian, kontzertuetan, bileretan, jairen baten, geratzeko leku bezala, egoteko…
Kontzertu onak ikusi ditugu hor, eta maiz.
Azkenengoz domekan joan ginen etxeko guztiak. Euria ari zuen, eta merkatua zegoen deitua bertara. Erosi genuen kafea, poster zapatista bat, kontsultatu genituen liburuak, aldizkariak, jostailuak, erropa….
Giroa zegoen, erresistentzia jarrera alde batetik, lokalaren defentsa… bestetik aurrera jarraitzeko gogoa irmoa.
Gaur goizaldean sartu dira. Horrek esnatu gaitu Euskal Herrian asko eta asko. Eta barruan zeudenak atxilotu dituzte, eta basatiki eroan… eta irudi batzuek buelta eman diote sareari, sarean.
Nik neuk amorrua hartu dut. Azkunaren harropuzkeria eta Aresen indarkeria batu dira. Baina auzo oso bat izan dute egun osoan zehar…. baina arrastian mundu bat batu gara Errekalden. Eta berriz ere, indarrez tratatu gaituzte. Poliziak ez dauka beste jarrera eta portaerarik, baina ezin jasan dezakegu milaka lagun dauden manifestazio handi batean… poliziak horrela jokatzea.
Kukutza oraindik han dago, Errekalde erdian, Bilboren bihotz bat da kulturalki, sozialki… ekonomia eta jarrera alternatiboa lantzen ditu, jendea batzen du, dinamika sozio kulturala dauka… hori gaur egun, Europako hiri batean… preziatzeko altxorra da. Jeltzaleek, eskumak orohar ez du hori maite… eta horren kontra egiten du, nahiz eta horretarako narkotrafikante eta espekulatzaileen alde paratu behar… egin egin dute, beste behin. Eta biolentzia erabiltzen dute, gauez zein egunez… hitza eta jarrera beste armarik ez dutenen kontra. Arrazoia galdu dute…. eta ez diegu barkatuko. Irabazi egingo dugu… Kukutza eta beste bataila askoz gehiago ere bai.