• agit/prop,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak,  telebista

    Korrika badator

    Gero eta gutxiago falta da. Giroa somatzen da jadanik… herrietan Korrika batzordeak sortzen, egitarauak, Kulturala…. eta sarean pil pilean dabilta dagoeneko bideoak eta aipamenak.


    Bart telebistan ere dokumentala berriro bota dute, eta lagunen aipamenek eroan naute berau berriro be ikustera…. oroitzapenak geroari heltzeko.
    Eriz Zapirain eta Eider Rodriguezek zuzendutakoa. Historia bat, eta hamaika istorio.

    memoria ariketa

    Gurean, Korrika egitea, parte hartzea memoria ariketa bat ere bada. Oraindik.

    Argazkiak.org | Korrika Larrabetzun, aspaldi EGIN egunkariko azala © cc-by-sa: gaztelumendi
    1980ko abenduan, Jose Antonio Lekue alkateak (Herrigintza) lekukoa eman zien Kukubiltxoko hankapaluei. Eta Korrika jarraitu zuten plazatik Andra Mari kalean zehar. Han egongo ginen gu, atzetik arineketan…. zarataka, pozik…. urtero urtero egiten dogun moduan. Belaunaldiz belaunaldi.
    Bihotzak taupadaka, oihuka, garrasika, beti aurrera, nekatu barik.

  • larrabetzutik

    Herriko eskola eta Hori Bai auzolanean

    herrigintza oinez ikasten da

    Herri giroaz berba asko egiten da. Giroa eta herrigintza zerutik eroriko balira lez. Giroa sortu egin behar da, saiatu, baldintzak bilatu, eragin, proposatu, egin, lagundu.
    Gurean aspaldion, giro itzela dabil. Ekimen ugari eta ezberdinak ari dira sortzen, eta sarritan ekimenok alboko indarrak ere baliatzen dituzte, aurrera egiteko.
    Herri bizia da gurea, bizirik egoteko arnasa ondo hartu behar da, ez da geldirik egon behar, eta lozorroan geratzeak be, ez dakar bizitasunik. Bizitza gimnasia ere bada, herrigintzan ari garela, eta aspalditxo honetan oso adibide onak eta joriak ditugu.
    Larrabetzutik oinez
    Asteburukoa izan da horretarako aproposa.
    Ikusi dugu zelan herri baten, gurea bezalako herri txiki baten, belaunaldi ezberdinen arteko lana, auzolana posible den. Eskolako ikasle eta gurasoak, gaztetxeko kideak, belaunaldi ezberdinetakoak auzolanean. Zer eta herria ezagutzen, basoan kantari Olentzeroren bila, auzoz auzo berbetan edo Hori Bai gaztetxean Olentzeroren kartelak margotzen.
    herriko gaztetxoak Hori Baien

    Larrabetzuko eskola eta Hori Bai. Eredugarri.
    Baina auzolanaren logika horretan, herrian badaude adibide gehiago be, eskola eta herriaren arteko harremanaren eredu.

    • Eskolako jantokia eta Gurpide elkartea be batera ari dira baserriko produktuak bultzatu eta kalitateko menuak prestatzen.
    • Literatura Eskola eta guraso elkarteak, Literaturia egunetarako Literaturiatxue prestatzen dute elkarrekin, eta bi urtetan oso emaitza politak eman ditu.
    • Txorierriko AEK (txepetxa euskaltegia) eta gurasoak be, egin beharrekoak eta bi ari dira egiten, guraso guztiak euskalduntzeko lanean.
    • Kukubiltxo antzerki taldeagaz, hartuemona dago, eta antzerki tailerra martxan jarri da ikasturte honetan, eta astelehenero, bi talde Josu Kamara lagun eta maisu dutela ari dira antzerkigintzan murgiltzen, lau bost sei urteko neska mutikoak denak, bihar etziko antzerkizale edo antzerkilariak izan daitezkenak.
    • Bertso eskola eta ikasleen arteko harremana be, aspaldikoa 20 urte baino gehiagokoa jadanik, eta gaur egun Etxahun Lekue aritzen da eskolan, bertsolaritza eta ahozkotasuna lantzen. Duela 20 urte, ni neu Etxahun eta beste ume batzuekin aritu nintzen bezala.