• agit/prop,  hurrengo geltokia,  telebista

    Korrika

    Euskal Herria ezagutu, maitatu eta gozatzeko aukera

    korrika1980
    balendin
    Julen Kaltzada euskaltzaleak sekulako memoria dauka. 1980an Korrika zelan asmatu eta abian jarri zuten kontatu zuen aurrekoan Hamaika telebistan. Nik bota nion gonbidapena, eta esperientzia itzela izan zen berarekin emandako ordu bakoitza.


    Zehaztasun handiarekin, orduko pasarteak, zailtasunak, pozak eta bestelakoak jendaurrean jarri zituen, telebista bitarteko zela. Korrikari buruz berba egitera joan ginen biok. Hasieratik ezagutzen du berak, eta nik edizio batzuetako bitxikeriak, oroitutako kontuak eta gogoeta batzuk partekatu nituen berarekin.

    Eta saioaren bukaeran esan nuen bezala Korrika bizizea Euskal Herria ezagutu, maitatu eta gozatzeko aukera paregabea da. Eta edozein unetan, edozein lekutan, guztion eskura dagoen gauza zoragarri bat. Baliatu dezagun.

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Hori Bai 50 urte lotu barik

    Aspaldian ari gara korrika, arineketan, karraderan… batetik bestera, lotu barik. Euskararen alde, kulturgintzan, mugimendu bizia da Hori Bai gazte elkartearena ere. 1965. urtean sortu eta urtez urte, Larrabetzuko Andra Mari kaleko 23an iraun du zutunik Hori Bai gaztetxeak. Urte guzti hauetan, teilatupe honetan egosi dira gure herriko kontu asko eta asko. Kili Kiliak, sasoi bateko ikastola, luzaroan dirauen antzoki iraunkorra, bertso saioetarako gune, mendi irteeretako txango eta espedizioak, kontzertu eta jaialdiak, afari eta herri bazkariak, pelikulak eta txokolatadak… 50 urteotan zer ez dan sortu eta garatu Hori Bai honetan.
    zutunik

    horibaibertsoak.jpg
    Euskara eta euskal kultura, sasoian sasoiko beste espresioekin batera uztartuz; dantzan egin dugu, kantuan, ligatu lantzean behin, mozkortu, amestu, zikindu eta garbitu, erre, busti, antolatu eta bizi… eta oraindik horretarako gogoa eta ilusioa piztuta mantentzen du Hori Bai honek, taupadaka dabilen bihotz gazte honek.
    horibailogoa

    Gaztetxe zaharra

    Baina 1965ean sortu, Frankismo garai gogorrenean, eta belaunaldiz belaunaldi iraun du gazteen esku. Sasoian. Beti gazte, eta gero eta zaharrago. Hamarkadak joan dira, eta beti kale ertzetik ekitaldiak proposatu eta antolatzen, herri dinamika pizten, eztabaidak sustatzen, belaunaldi berriak borrokara lotzen. Lehen eta orain. Gazte gara gazte, eta jarraitu nahi dugu errebelde!

    memoria ariketa

    Eta Korrika datorren bakoitzean, gure hizkuntzaren alde urten dugu kalera, beste herritar eta euskaltzale guztiekin batera. Aldarrika. Kilometroak erosi. Banatu. Margotu. Antolatu. Izan be, korrika egitea guretzat memoria ariketa bat da. Nondik gatozen gogoratuz, nora goazen esateko. Euskal Herri euskaldun bat gura dugulako, geuretik hasita, Larrabetzutik bertatik. Eta orain arte, Hori Bai beti egon da hizkuntza zahar hau biziberritu gurean. Euskal kultura egunero lantzen, anplietatik eta karteletatik, saioetatik, mezutik, musutik, beheko sutik. Bafleak apurtzeraino urratu ditugu gure ahotsak, eskenatokiak behin eta berriro montatu ditugu, eta jarraitzen dugu bide horretan, kale ertze honetan. Korrika. Arineketan. Karraderan. Lotu barik.

    Larrabetzu eta Korrika

    Eta asko izan dira ere, urte guzti hauetan Korrika batzordeetan, herri mailan zein maila nazionalean parte hartu duten herritarrak eta Hori Baiko kideak. Lehen eta orain. Euskaltegian, gau eskolan, Korrika antolatzen, Korrika kulturalean programatzen, karreran, furgonetetan, zuri beltzezko argazkiak errebelatzen, prentsa taldean…. horrek danak be, danak Hori Baiko kide aktiboak. Eta horregaitik ere maite dugu Korrika maite dugun bezala, eta pasatzen den bakoitzean sortzen da giro berezi hau gure herrian, gure kaleetan, auzorik auzo, errepidean zein bide bazterretan.

    Mugimendua

    Bizia da Korrika. Euskara. Euskal Herria. Eta mugimendu horren parte gara gu. Larrabetzuko adin guztietako gazteak. Mugimendua da lotu barik jarraitzea. Iparra ondo adierazita aurrera egitea. Hizkuntza, herria eta kulturaren alde, hori bai. Hori Bai, 50 urte lotu barik!

    www.horibai.org

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak,  telebista

    Korrika badator

    Gero eta gutxiago falta da. Giroa somatzen da jadanik… herrietan Korrika batzordeak sortzen, egitarauak, Kulturala…. eta sarean pil pilean dabilta dagoeneko bideoak eta aipamenak.


    Bart telebistan ere dokumentala berriro bota dute, eta lagunen aipamenek eroan naute berau berriro be ikustera…. oroitzapenak geroari heltzeko.
    Eriz Zapirain eta Eider Rodriguezek zuzendutakoa. Historia bat, eta hamaika istorio.

    memoria ariketa

    Gurean, Korrika egitea, parte hartzea memoria ariketa bat ere bada. Oraindik.

    Argazkiak.org | Korrika Larrabetzun, aspaldi EGIN egunkariko azala © cc-by-sa: gaztelumendi
    1980ko abenduan, Jose Antonio Lekue alkateak (Herrigintza) lekukoa eman zien Kukubiltxoko hankapaluei. Eta Korrika jarraitu zuten plazatik Andra Mari kalean zehar. Han egongo ginen gu, atzetik arineketan…. zarataka, pozik…. urtero urtero egiten dogun moduan. Belaunaldiz belaunaldi.
    Bihotzak taupadaka, oihuka, garrasika, beti aurrera, nekatu barik.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  larrabetzutik

    korrika Euskal Herri osoan

    Andoainen hasi zen, duela hamar urteko Egunkariaren itxiera gogoratuz, atzo gurean, gaur beste nonbaiten, bihar han… eta domekan azkenik Baionan bukatzeko.
    Gaur denok horretaz mintzatu gara, pozik, alai. gogoan ditugu herriko uneak, irudiak, koloreak, giroa, gogoa eta ilusioa. Korrika hori dana delako. Eta gehiago. Korrika zazpi Euskal Herriak dira, hamaika herri, amets ugari…. emozioa.
    Txikienek, gazteagoek, guk, beraiek, denek parte hartzen dugu, dute…

    Larrabetzuko irudiak 11amaika Telebistan

     
    Teknologia berriak eta Korrika aspaldidanik eskutik

    Info 7 irratian gogoetatxo hau bota nuen, Korrika eta teknologia berrienen arteko harremanaz.

  • agit/prop

    Hizkuntza eta aldarrikapenak

    Gaur jet lag apur batekin esnatu gara. Ordu bat aldatzea nahikoa izan da, ezker hankagaz altxatzeko.
    Mezuak irakurtzen hasi, eta okerreko bidetik sartu Korrikari buruz lagun batek idatzitakoa. Eta horren gainean gabiltza twitter bidez, gaurko gaia bada.
    Horregatik bada, egunean zehar laburrean idatzitakoak, orain luzeago, lausoago idazteko gogo berezi hau.

    Zer da Korrika?

    Korrika, Euskal Herri osoan euskararen alde egiten den etenik gabeko laisterketa da. Euskararen alde egiten den etenik gabeko (gau eta egunez) ekitaldi jendetsua. Kilometroz kilometro, lekukoaren atzetik, euskararen aldeko korrikalariak aritzen dira korrika. Euskararen aldeko oihuak jaurtiz, eta euskararen aldeko pausu eta urratsak emanez.

    Aldarrikapenen lekua euskararen aldeko ekitaldi jendetsu honetan.

    Euskararen aldeko ekitaldia izanik, tokian tokiko elkarte, herri mugimendu, sindikatu, alderdi, lagunarte, eskola, ikasle talde, guraso batzar,  soziedade, udal eta jendarteko kide ezberdinak parte hartzen dute. Beraien eskariak, euskararekin uztartuz, modu normal batez. Euskarak beste aldarrikapen batzuetan duen leku bera hartuz, beti ere euskara eta Korrikari lehentasuna emanez.

    Zelango aldarrikapenak bizi izan ditugu Korrika ezberdinetan?

    Txikitatik egin dut Korrika. Eta azken 15 urteotan, hainbat korrika osorik egin ditut prentsa taldean. Egin ditut kronikak Egunkariako, irratia.com digitalerako, Indymedia Euskal Herrian kontatu ditut bizitakoak, euskal irrati ezberdinetan kronikak (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Hala Bedi, Xorroxin, Eguzki, Euskalerria irratia, Bizkaia irratia…)

    Urtez urte ikusi izan ditut gertakari, eskaera, oihu ezberdinak. Beti euskaraz, eta beti patxadaz. Korrikan boluntario doazen antolatzaileek, ondo zaintzen dute Korrikaren pankarta nagusiari besteak ez aurretzea, eta furgonetan doazen esatari/animatzaileek ozen egiten dute Korrika, euskara eta AEKren alde.

    Entzun eta ikusi ditut langileen aldarrikapenak (sindikatuen eskutik bezala, langileen eskutik buzo eta laneko erropa kendu barik), entzun ditut ikasle euskaldunak eskola aldarrikatzen, Seaskako erakasleak, Egunkariako langileak 2003an Egunkaria indarrez itxi eta denbora gutxira, gogoratzen dut ere Lasa eta Zabalaren gorputzak agertu zirenean, Korrika erdian zelango omenaldi hunkigarria egin zitzaien Bentaundi inguruan, Iparraldeko Demoen eskaerak, Euskal Herriko intsumitu askoren aldarriak, nekazariak, antzerkilariak klowna egiten, presoen senide eta lagunak, gazteak, gaztetxeak, kulturgileak….  hala ere Itoiz inguruko aldarrikapenak ezin ahaztuta ditut, Korrika bakoitzean.
    Itoitz
    Gogoan dut Korrika hura. Egunkariarako idazten nuen orduan, kronikak telefono bidez pasatuz, aldez aurretik kuadernoan idatzitakoa. Ez genuen emailik. Aspaldi? 1995. urtean edo. Egin egunkaritik Kepa Petralanda, Egunkariatik nik, Joxi Ubedak korrikako kronikak egiten zituen irratietan, Klaudio Landa orduan Aizu!ko kazetaria zen, Ibon Gojeaskoetxea gidari moduan, eta AEKko kide bera ere, telebistan zerbait ibilia ordurako.

    Gogoan dut Agoitzetik pasa ginenean Itoizko kordinadorakoak sekulako abarrotsa egin zutela karreran, Itoitz herri ingurutik obrak ditut gogoan, oraindik hasi barri, oraindik egiteke zegoen presa, proiektua zen, ez askoz gehiago… eta lurra eta hizkuntza ulertzen hasi ginen. Uztartzen. Gogoan geratu zitzaidan Agoitzko elkarte batean izan genuen elkarrizketa. Gogoeta.

    Urte batzuk beranduago, berriz handik pasatzean, ordurako presa eginda zirudien, Nagoreko bide zaharretik joan ginen. Eta begietatik negarra urten zitzaidan -kontatua dut hau ETBko dokumental baterako, egunotan ETB3an ematen ari direna, bidenabar- eta albotik lagunak ea zer gertatzen dan, korrika biok. Eta nik ezin eutsita, uste nuela gehiago handik ez ginela pasako. Hura guztia, urez bete behar zutela. Egonda nengoen lehenago Artozkin, eta bete zituzten herriak, estali zituen urak. Eta bide zaharrarenak eginda zuela, bizitzen ari ginena betiko estalita utzi behar zuela presak. Eta korrika jarraitu nuen.

    Aurtengo korrikak ez du urratsik eman lekuotatik, Itoitzik ez dago Euskal Herrian. 15 urte beranduago orduko aldarrikapenak ulertzen ditut orain. Euskarak ere eremua galdu du, presarekin. Zer ikustekorik zuen Itoizeko aldarrikapenak euskararekin? galdetuko zuen baten batek. Gobernuak, Nafarroakoak, orduan ere ez zuen Korrika laguntzen.

    Bidean botata geunden korrikalariok. Gure kabuz antolatzen genuen errepidea bera, zenbaitetan bizia jokatuz, ezer ulertzen ez zuten kamiolari castellanoekin. Baina egin egiten genuen, boluntarioki, euskararen alde. Oztopo guztien gainetik.

    Zein da aldarrikapenen esparru naturala.
    Herri mugimendu bat da euskararen aldekoa. Beste aldarrikapen eta mugimendurekin batera bizi da egun, Euskal Herrian. Nork bere esparrua eta jarduna duela ukatu barik, badago konbibentziarako lekua ere. Modu naturalean, elkareraginez, interaktuatuz, zehartasun batez. Sareko logikan, gura baduzue. Aldarrikapenetan murgilduta dagoenak, badaki herri mugimenduen artean elkar eragiteko gaitasuna badagoela. Lekua eginez aldarrikapen ezberdineti. Eta pentsatuko dut Abiadura Handiko Trena igaroko den esparruetan, euskararen aldeko oihuak lurraren aldeko aldarrikapenekin bat egingo duela, modu naturalean.

    Euskaldunon Egunkariaren alde, Martxelo Otamendirekin, IñakiUria preso zegoela oraindik gogoratzen ditut Iruñean bukatu zen Korrikako azken urratsak. Mikel Aldasoro Nafarroako AEK-ko arduraduna eta Martxelo Korrika. Mauletik abiatu zenak, bukaera Iruñeako alde zaharrean. Egun batzuk lehenago ez genekien non eta zelan bukatuko zen, dena debekatu asmo zutelako UPNkoek. Barcinak. Ez zen ETAgatik, ez zen Independentzia aldarrikatzeagatik… euskarak berak jartzen ditu aztoratuta. Euskaldunok gara beraien burukomina. Eta jakin genuen aurrera egiten, ez gelditzen, ez isilik geratzen… eta heldu ginen. Eta euskaltegiek gora egin zuten hurrengo ikasturtean Euskal Herri osoan, Martxelok ordurateko agindu bat hautsi, eta gaztelaniaz eta frantsesez deitu zituen euskaltzale ez euskaldunak euskara ikastera… eta abian den herri bat garela irudikatu genuen han.

    Eta gerora beste korrika bat, eta beste bat. Eta aldarrikapenek bat egiten dute irudimenarekin, Oteiza omendu genue gero, Laboa hil zaigu berriki, eta beraien asmoak, beraien gogoak irauten du. Euskaltzale zenbait kartzelaratuak dituzte, ETAkoak izateagatik batzuk, ETAkoak izan barik ETAkotzat jo dituztelako beste asko, eta holan jarraitzen dugu, aldarrikapenei lekua eginez. Eskubideak aldarrikatzen, jendearenak, mugimenduenak, hizkuntzarenak, langileenak, pertsonenak… azken finean. Gelditu barik, baina mugitzen. Korrika.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi

    Korrika badator

    Zer falta da ba? Tuteran hasi eta pausoz pauso dator, bihar hasi eta gaur da hemen, gero hor, atzokoa etorkizun dugu.
    Tuteran hasi eta Nafarroa zeharkatuko du, behin eta berriz, herriz herri herrialdeak josiko ditu, eta mugak eta errekak gainditu, zubiak eta tunelak igaro, gauak eta egunak eman, eta ez da nekatzen, ez da gelditzen. Arin eta astiro, han eta hemen, modu batera edo bestera.
    Euskararen metafora bizia da Korrika.
    Euskaldunok asmatu ditugunetatik handienetakoa… gainera.
    Bihar hasten den horrek, zenbat oroitzapen, zenbat une.
    Txikitatik gogoratzen dugun zeozer, txikiagoei adierazi gura diegun hori…
    Hizkuntza bat, herri bat, jendea, kaleak, bideak, mendiak…. bazterrak, hiriburuak, fabrikak, errepideak, estartak…
    Korrika hastera doa, eta zapatillak prestatu behar.
    Kaskoak jarri, izan be gaur irratia.com saioan Alicia Iribarren elkarrizketatuko dugu, Tuteran lehen kilometroan euskararen lekukoa eramango duen AEK-ko irakasle gaztea.
    ongi etorri, euskara sarea egiten dugunon herrira