• agit/prop,  ikusi eta ikasi,  musika

    bidea garrantzitsua da

    Domeka Larrabetzun. Athleticen ajea eta pandemiak kalea girotu dute. Jendea asko dago eguzkipean. Hori Bai gaztetxean Nafarroatik etorritako Ibil bedi taldeak bi pase egingo ditu.

    Lehen saiokoak atera dira gaztetxetik, eta badirudi pozik datozela kalean gora. Gaztetxera hurbildu, eta atoan bete dira aulkiak. Kantuan hasi aurretik txaloak. Hasi eta jarraian girotzen doa gaztetxea. Bigarren pase honetakoek kantuak ezagutu eta jarraitzen dituzte. Musikariak oso, baina oso motibatuta. Gazteak eta eskarmentu askokoak dira Ibil bedi. Bigarren lana aurkeztera datoz: Beltxarga beltza.
    Konektatzen dute, bere musikak aire berri bat dakar. Ez dira betiko doinuak. Distortsio barik ere, gauza ederrak egiten dira. Kitarra elektrikoak, ondoan ditu bioliña, saxoa edo teklatua. Atzean erritmoa eta oinarria. Drum & bass. Sekulako konboa.


    Itzela izan da kontzertua, eta bere zati bakoitza. Kantu bat bera ere ez soberan. Eta oroz gainetik sortutako atmosfera. Musikazaleek, musikariek, gaztetxe bat zelan girotu dezaketen domeka arrastiluntze baten. Mila esker Ibil bedi. Bidea sano garrantzitsua da. Segi errekak eta herrialdeak gurutzatzen, nostalgiari nostalgia eta gu gozatzen. Zorionak.

  • musika

    Peiremans+

    joan ziren baina gehiago espero genuen oraindik

    Bart kontzertua Bilbon, musikaren katedralean.
    Duela 10 urte baino jende gehiago. Ezagunago. Izarrago.
    Sarrerak agortu dira eta ilada dago sartu aurretik.
    Jende gutxi Izaki Gardenak taldearekin gozatzen, areto ezin beteagoan. Berbotsa da nagusi, doinu atseginen atzetik. Onak dira hala ere. Minority. Gutxiengo musikazalearentzat.
    Lehen kontzertua bukatu eta tarteko musikaren ostean eskenatoki gainean lau rockero zahar. Urteak geroago. Gazte oraindik.
    argazkia: Tom Hagen

    Azkarra edo arina?

    Kontzertu oso azkarra izan da. Arina. Dauzkaten kantu apur hoiei zukurik gehien ateratzeko pentsatua. Disko txiki batekin taularatu ziren, eta zenbait kantu gehiago sortu dituzte orain. Oso azkar beharbada. Eta bira itzela montatu dute. Eta deabruak teilatuetan taldearen beste bi kantu -hit ederrak- eta jendea gozatzen, eta Weezer bertsio eder bat, eta beste soul bat…. eta ezer gutxi gehiago.
    Laburra egin zait, baina batez ere arina.
    Horretaz mintzatu gara elkartu garen musikazaleak. Eta gazi gozoa geratu zaigu kontzertua. Normalean, eta Antzokitik sarritan, aseago ateratzen gara. Dena emanda. Dena eman izanaren sentsazioarekin. Goian eta behean. Baina ezberdina da gaur. Eta komentatzen jardun dugu.

    biharamuneko pilula

    Goizean esnatzean, musika jartzen duzu berriro. Beste zerbait. Baina gaueko akordeak, parapapapapa hoiek oraindik gogoan. Eta kantu gehiagoren bila jo arren, ez duzu berriagorik kausituko.
    Eta galdera hori. Bart zer?


    Agian gu izan gara sentsazio horrekin pipertuta atera garen bakarrak. Eta badazpada, azalpenak emateari ekiten diozu. Galderak baino, erantzun posibleak mugatzen dutelako inkesta. Gehiago nahi zenuela aldarrikatzeko modua. Behar genuela beharbada.


    Eta besterik ezean, enegarrenez play teklari eman diozu. Zortziak bat. Rock azkarra. 80. hamarkadakoa. Gurea. Eta Evaristoren koroak euskaraz… parapapapapapaPA!

  • ikusi eta ikasi,  musika

    ITOIZ zuri beltzean, baina XXI. mendean

    BiBA ZUEK!
    Txantxangorria izango da txikitan ikasi nuen kantuetatik gogokoen dudanetako bat.
    Ikastolan asko entzuten genuen Itoiz. Eta ia uda guztietan Muxikako San Roman auzoan ikusten genuen zuzenean… eta beste hainbat kontzertu be gogoratzen ditut.
    Orain bertsioak entzutean asko hunkitzen naiz.

    Joseba Baleztena Lenoir BANG taldearekin ari da emanaldiak ematen, eta Jon Iraundegi argazkilariak grabatutako kontzertu honetan eskenatokian lagun itzelak batu ditu, zer eta ITOIZ taldearen bi kantu egiteko. Petti lehenbizi, Mikel Larretxea eta Anari gero.

    Kantu bereziak eta atseginak dira.

    Udako kantu moduan

    TikTara taldeari entzun diogu beste hau, eta udako kantu atsegin bilakatu zitekeen, gehiago entzun izan balitz. Kantu onekin bertsio ederrak egin daitezke. Eta ITOIZ taldeak jarraitzen du XXI. mendeko musikazaleen talde kuttun izaten. Eta pozten naiz.