-
Josu eta Santi gogoan
Biharamunean idazten dut. Amets gaizto baten ostean. Gogorra da azaroaren 20a euskaldunontzat. Aurre egin diogu, baina oso gogorra da. Ankerkeria bortitzena baliatu du Estatu terrorismoak euskaldunon kontra. Amorruz. Mendekuz.
Memoria ariketa ere bada azaroaren 20 hau, eta iazkoa. Eta aurrekoak. Guztiak.
Etsaiak Santi Brouard hil zuenean, musika klasean nengoen. Piano baten ondoan. Kantuan hasteko. Gogoan dut. Eta musika Lekeitiorekin, Santirekin lotu ohi dut askotan. Lekeitioak maite ditut. Santi Brouard frontoian Mikel Laboa zelan ikusi nuen gogoratzen dut. Eta horrek lasaitzen nau. Edurne Brouardek aurrekoan emandako azken besarkada ezin dut ahaztu, hala ere. Musu bat Edurne.
Klasera joateko esnatu ninduen goizero bezala aitak. –Muguruza hil jeurek! bota zidan. –Muguruza? oraindik erdi lo nengoen. Muguruza batzuk bazeuden ordurako nire bizitzan.
Azaroaren 22an greba orokorra izan zen Euskal Herrian. Gogor erantzun genuen. Txorierrin ere mobilizazio handiak. Eta gogoan dut zipaioak lehenengoz ikusi nituela horrela egurra ematen. Eta jasotzen. Derio sutan. Larrabetzuko jendeak zelan erantzun zuen gogoan dut. Ez daukat ahazteko.
Hurrengo asteetan irakurgai bakarra izan nuen. Goitik behera aletu nuen Punto y Hora hura. Ondo gogoan daukat.
Josu Muguruza gehiago ezagutu nuen. Eta gerora maiz entzun dut hari buruz, bere militantzia, bere gaitasuna, bere ardurak, bere sinadurak. Eredu bat. Eta Amaiur gazteluaren magaletan egon naizenetan bera izan dut gogoan, oharkabean. Edo ohartuta beharbada. Ruper Ordorikaren Ez da posible! kantu ederra da oraindik. Entzuten dugun aldiro. Elena Bartolome gehiago ezagutu dut bizitzaren joanean. Besarkada bat.Urtero gogoratu ditugu. Karteletan. Manifetan. Dokumentaletan. Mobilizazioetan. Ekimenetan.
zer egin?
Atzo, hala ere, egun berezia izan zen niretzat. Irati irratian zerbait berezia egitea nuen xede. Asmoa ona zen, baina biribildu beharra zegoen. Ane Muguruzak asteburuan 7K igandekarian botatakoak zer pentsatua eman zidaten. Hausnarketak. Bizitza. Agian ez dauka gogo askorik elkarrizketetarako -pentsatu nuen-, are gutxiago Pirinioko irrati baten. Lagun bati idatzi nion. Proposamena landuz. Anek baietz erantzun zidan. Errespetutik eta begirunetik egindako galderak neuzkan buruan. Aita ezagutu ez duen umea izan zen, gaur egun 30 urte betetzear da Ane Muguruza. Gogoeta sakonak egin dituenak bizitzaz eta militantziaz, Euskal Herriaz eta kontakizuna/errelatoaren gainean, biktimak zer diren nor diren badaki. Baina nekatuta ere badago egoerarekin. Eskerrik asko Ane! Hunkitu ninduzun eta asko ikasi dut. Egiari zor, hurrengoan beste begi batzuekin agurtuko zaitut. Eta agian hitz ederren bat ere izango dut zuretzat.
Bezperan aurkeztu zuten Bilbon Antzara eguna komikia. Eleberri grafikoa. Memoria. Zuri beltzez. Adur Larrea eta Harkaitz Canok. Aurreko astean jaso nuen Iruñean. Eskutik eskura. Poltsa barruan neukan. Eta aurkezpen egunerarte ez dut zabaldu ere egin. Ez dakit zergatik. Azaroaren 20 bezperan liburuarekin sartu nintzen ohera, eta nire ondoan egin zuen lo. Enintzen askorik irakurtzeko gauza. Hunkituegi beharbada. Eta goizean irratian Harkaitz Cano elkarrizketatu nuen. Elkarrizketa ona, nire ustez. Aspaldian egin dudan txukunena, uste dut. Galderak ez dakit, baina erantzunak sekulakoak. Kontalaria da Harkaitz, freskoa, orijinala. Idazten duen gisan hitz egiteko gai da. Ekarpenak hemendik, gogoetak hortik, sakontasuna eta estiloa, argitasuna eta xumetasuna. Eskerrik asko Harkaitz. Santi Brouard bezalakoei egiten ahal zaien omenaldirik onena da literatura maitatzea, herrigintzan jardutea, sortzea, irakurtzea, gozatzea…. Euskal Herria osatzea, azken finean.
Eta jarraian Harkaitz Cano idazle eta gidoigilea Santi Brouard mediku pediatra eta politikariaren #komiki biografiari buruz: Antzara eguna pic.twitter.com/UORI36yvbM
— Irati Irratia (@Iratirratia) November 20, 2019
Herriak ez du atzenduko
Ez daukat hitzik. Hunkituta nago. Bilbotik aparte bizi izan dut egun hau.Egun hauek. Baina bete beteak izan dira. Domeka honetan Mikel Zabalza omenduko dute Orbaizetan, eta oraindik ikastolan egin genuen pintada -margoa- dut gogoan. “PSOE, non dago Mikel?” idatzi genuen horman, eta andereñoek euskarari buruz egin behar genuela margoketa esan ziguten. “Mikel euskaraz mintzatzen zen” jarri genuen. Itota hil zuten. Torturatuta. Bidasoa errekatik,Intxaurrondotik pasatzean amets gaiztoak datozkit burura. Errelatoa. Asko. Eta nork berea beharbada. Nik banuen gauza hauek kontatzeko beharra. Eskerrik asko guztioi. Ez dugu atzenduko!
-
H28 aldizkaria sarean
Barre egiteko, bazilatzeko, ondo pasatzeko, kezka agertzeko, salatzeko, margotzeko, alaitzeko, edozertarako…
Faltan botatzen genuen, adierazi… eta asmatu dugu antza:Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dut #Napartheid bezalako komiki fantzinea. Barre egiteko bederen. Eta kezka hedatzeko…. bidenabar
— gaztelumendi.eus (@iPtx) January 19, 2015
Asteazkeneko azala. Aieteko Adierazpenaren aldeko sarea zabaldu du Ekuadorko agiriak. @H28aldizkaria-ren sorrera. pic.twitter.com/t6Lm0fgluc
— Berria.eus (@berria) January 27, 2015
Iupi! @H28aldizkaria euskal argitalpen satirikoa asteazkenean abian http://t.co/7UnkurCwIn pic.twitter.com/l69v25jXrH
— Gorka Bereziartua (@boligorria) January 27, 2015
Biñetan jarrai! duda barik.
eta bitartean, musika ona entzun gura izan ezkero… hemen nu jazz eta funky beats batzuk, lasai lasai entzuteko:
-
Dei Gaztelumendi, artista bat
Twitter bidez izan dut bere lanen berri. Dei Gaztelumendi.
Xabiroi aldizkariaren azken portada zelan diseinatu, marraztu eta osatu duen erakutsi du timelapse teknika baliatuta. Eta milaka bisita izan ditu bideo honek sarean.
Bideoa pasada bat da, eta bere teknika ez da gutxiagorako.
deisign.com gunea ikusten aritu naiz, eta poztekoa da gure artean horrelako artistak egotea. Euskal Herria sortzailez gainezka dago, zorionez. Eta sarearen bitarte daukagu beraien berri.Igor Leturiagaz, Durangoko azokan berbetan, hizpidera ekarri genuen gaia, eta berak eman zizkidan Xabiroi aldizkariaren inguruan mugitzen diren sortzaile hauen berri. Eta poztekoa da. Pentsatu nahi dut, gazteen artean aldizkari hau ondo zabalduko dela, ezagutzen dutela… uste dut merezi duela.
Dei Gaztelumendi -
Komiki azokan
Igande euritsua herrian.
Erromon komiki azoka dagoela eta bertara joan gara, etxekoak eta lagun bat. Bi plaza eta bi karpa. Sarrerak ordaindu -2,50 euro- eskumuturrekoa jarri eta barrura.
Inpresioa egiten du, Durangok inoiz joan ez direnei egingo dienaren antzera.
Gero barruan atseginagoa da kontua. Ibilgarriagoa, ikusgarriagoa, koloretsuagoa. Leku pausatuagoak daude, hormara begira egoteko modukoak, komikiak irudiak eskegitako koloreak… denetarik.
Komikia, liburugintza bezala anitza da. Denetarik dago… hasi umeen liburuetatik, eta zientzia fikzioz marraztutako kontaketetara. Argitaletxeak, banatzaileak, dendak, fantzineak… denetarik.
Erakusketak, artistak sinatzen, kamiseta frikiak, mahai jolasak…. benetan goiz pasarako -zein egun pasarako- aproposa azoka.
Lagunak eta ezagunak ere topatzen dituzu bertan. Agurtu, berba egin, komentatu eta denetarik.Manga gunea
Handik metro gutxira dago manga gunea. Eskumuturrekoa erakutsi eta Japon bertan. zer da hau? jendea mozorrotuta, jendea alai, jendea jolasten, jende mordo bat. Manga estetika, manga komikiak, pertsonaiak, elkarteak, bideojokoak, gitar hero zaleak… mundu bat, Japonen eta Getxon batuak.
Eta gune hau askoz ere frikiagoa da. Konplexurik gabe, baina mangak jendea erakartzen du, negozio berriak sortu ditu, zaletasuna modu ezberdinetan adierazi daiteke: Bideo proiekzio erraldoi baten aurrean dantzan, mozorrotuta, japoniar kulturaz interesatuak egonik, bertako janaria dastatuz edo bideojokoetan olgetan. Ah! eta manga komikiak irakurriaz, hori ere badago eta.Badago non ibili
Getxoko komiki azoka, oso gune polita. Erakargarria. Euskal kulturgintza bertan ere ikusi ahal izan genuen. TMEOren 101. zenbakia erosi eta Matxitxakoko guduari buruzko komikiarekin ere bueltatu ginen etxera. Milaka lagun batu ditu asteburuan zehar, Euskal Herrikoak eta Euskal Herritik kanpokoak ere. Gu joan bezperan egon omen ziren bertan Olariaga, Asisko eta beste zenbait euskal sortzaile….