-
Eskoletako jantokien ikasgaia
Baserri Bizia
Ikasturte bukaerako jaia antolatzen ari gara eskolan. Aurten ere, egun osoko egitarau aberatsarekin batera, bazkaria izango da eskola komunitatearen elkargune nagusia. Ikasle eta ikasle ohiek bazkalduko dute lehenengo, eta gero kalean eta patioan olgetan dauden bitartean, jantoki bete guraso batuko da, ezin menu ederragoa dastatzen.
Urte guztiko asmo, gogo eta nekeen gailurra izaten da eskolako jaia, gurean bezala Euskal Herri osoko eskola, ikastetxe, ikastola eta abarretan. Eta gurean, egia esan, oso giro positiboa,baikorra, emankorra eta aberatsa bizi dugu, jantokiaren inguruan batez ere.
Badira urte batzuk -seigarren ikasturtea irailean- Eusko Jaurlaritzak eskoletako jantokien dekretua inposatu zuela -Wert legea baino txungoagoa dela komentatzen dugu patioan- EAko Tontxu Camposen esku zegoen orduan Gasteizko Hezkuntza saila. Osteko bi kontseilariek ere; Isabel Celaa (PSE) eta Cristina Garmendiak (PNV) ez dute zirkinik egin egunero Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskoletan jaten duten 100.000 haurrek jantokian zeozer ikasi dezaten, elikaduraren garrantziaz ohar daitezen, osasunaren aldeko neurri gutxi somatu ditugu, dena esan behar bada.
Gure eskolan, erabakia gure esku zegoela pentsatu genuen. Eta erabakia hartu genuen, guk geuk antolatzea jantokia, sukaldea eta elikaduraren inguruko ardura guztia. Dekretua bete barik, egunero egunero sukaldean herriko denda eta baserritarren artean erositako elikagaiak izan dira, herriko ogia, arraultzak, okela… dastatu, gozatu eta jan dituzte gure neska mutikoek.
Jaurlaritzak diru laguntza oro ukatu zizkigun hasieratik. Ehundaka mila euro ukatu dizkigute azken 5 ikasturteetan. Baina guk herriko produktuekin, Gipuzkoako jogurrekin, Nafarroako olio, arroz eta lekaleekin ikasi dugu jaten. Sukaldatzen. Bizitzen. Herriko baserritarrak egunero etortzen dira eskolara, sasoian sasoiko produktuak ekartzera. Sukaldariek bihotz guztiarekin prestatzen ditzute gero. Eta ikasle eta irakasleek jan. Gure haurrak maiz joaten dira herriko soloetara, baserrietara, ikusi eta ikastera. Eskolan bertan solo bat daukagu.Sasoian sasoikoa. Berdin letxugak landatu edo marrubiak dastatu. Egunero mahaia ikasleek jartzen dute, batu ere bai, eta konpostaren ardura daukate. 2 tona konpost egin genituen iaz. Solorako baliatu dugu gero.
Jantokia ikasteko leku bilakatu da. Gure baserria, gure elikadura, gure etorkizuna bertan lantzen dugu. Jaten duguna garelako, gure herriko tokiko garapena bultzatzen ari gara, herriko dendak -harategia, komertzio txikia, arraindegia-, ogitegia, soloak, hezitzaileak… guztia guk kudeatutako sistema libreago batean lantzen ari gara. Herriko ekonomian motore ere bada eskola eta guraso elkartea. Eta etorkizunean horrela jarraitu gura dugu.
Erabaki garrantzitsuak hartu behar dira orain. Jaurlaritzan Hezkuntza sailak eta Nekazaritza departamenduak urratsak eman nahi dituzte. Gu laguntzeko eta egiten jarraitzeko prest gaude. Baserritarrekin, sindikatuekin, gizarte eragileekin, eskola komunitatearekin batera. Elikadura burujabetza lantzeko aukera aparta daukagu, eta guztia gure esku dago. Baliatu dezagun aukera historiko hau.
Baserri Bizia 54. aldizkaria osorik:
Baserri Bizia 54 -
Agirre lehendakaria gomutan
50 urte asteon Parisen hil zela
Kale bat dauka gure herrian. Bere alderdikoek jarraitzen dute boterean, kale horren herrian. Baina ez dakit nik lehendakariari buruz ezer irakatsi erakutsi ezagutzera eman diguten inoiz. Kale izendegien politikaren ondorio, ziurrenik.
Agirre lehendakariaren historia baina, interesantea da. Abertzaletasunaren historian, pasarte oso esanguratsuak bizi izan zituelako besteak beste.
Oso webgune interesgarria sortu dute bere heriotzaren 50. urteurrenaren kontura. Ez dakit asko zabaldu duten, ezagutzera patxadaz eman duten. Nik behin baino gehiagotan izan dute murgiltzeko gogoa, eta zer irakurri, zer ikusi eta zer ikasi asko dago AL50 proiektu horretan.
Historian jantzia ez izan arren, Agirre lehendakaria entzun eta ideiok datozkit burura:
- Chobil txokolatea. Chocolates Bilbainos dira, lehenago Agirre txokolateak zirenak.
- Athletic, beste askori bezala.
- Jaurlaritzan sortu zuen gobernua: abertzaleak, komunistak, sozialistak denak elkarrekin.
- Getxoko alkate 27 urterekin, 32gaz lehendakari erbestean.
- Autonomi estatutu bat erredaktatzen ibilia, Hego Euskal Herriko lau herrialdeak batzen zituena.
- Parisko Jaurlaritzaren egoitza. Orduko Euskal Herriko prentsarentzat, aldizkarientzat zeinen garrantzitsua izan den historikoki Paris.
- Gerra, erbestea ere gogoratzen dizkit Agirre lehendakariak.
- Telesforo Monzon ere gogora ekartzen dit Agirre aipatze hutsak.
- Bukatu ote da gerra? Noiz itzuliko dira euskaldunak bere herrira libre?
50 urte bete dira Jose Antonio Agirre hil zela. Eta ez dakit abertzaletasunak orohar, merezi duen omenaldia eskaini dion. Pertsonaia historiko bat, alderdi eta koloreen gainetik. Eta oraindik, herri hau ez ei dago klabe horretan. Eta horrek, pena apur bat ematen dit.
Jose Antonio Agirreren bizitza, biografia, pasarteak euskaraz oso ondo azalduta eta erredaktatuta daude euskarazko wikipedian.