• agit/prop

    Etorkizun abertzalea

    Udaberria heldu da Euskal Herrira.
    Eguzkitsu loratu dira asteburu osteko egunak. Loretsu esnatu dira gure bazterrak. Udaberriko egunak bizi ditugu idatzietan, entzuten diren elkarrizketetan, susmo politikoan eta tabernako solasaldietan.
    Neguko eguraldian tematuta daude oraindik albistegi ofizialetan, politikari profesionalen ahoetan…. komunikatu eta agiri zaharkituetan.
    independetzia loran

    Etorkizuna gaur
    Eta ni, ikusitakoak ikusita, esperantzari leihoak ireki eta etorkizuna abertzalea dela irudituta nago. Tematu nahi nuke horretan, eta koloretako etorkizuna ikusten diot Euskal Herriaren aldeko jarrera politikoari. Etorkizuna gaur da ordea, gaurdanik dagoelako zer pentsatua eta zer egina.


    Independentziaren aldeko sare soziala

    Eta Independentistak sarea indartsu ikusten dut. Sorrera arrakastatsua izan du, garapen librea behar du orain, partehartzailea. Eta sarea izan gura duenez, baditu ereduak sarean, antolaketari dagokionez, partehartzeari dagokionez… koloreeen erabilerari, kodea irekitzeari. Eskozian, Katalunian, beste nazio batzuetan gu baino trebeagoak dira agian sarearen erabileran, Internet kontuetan. Baina gu be,ari gara esnatzen, ari gara ikasten, ari gara trebatzen…. apurka apurka. Ari gara, eta bagoaz.

    Aberri egunaren koloreak
    Domekan Aberri Eguna ospatu zen hemen eta han. Irunen eta Hendaian. Santiago zubi historikoak, Bidasoak batu zituen bi ekimen, hainbat lagun, ideologia ezberdinak eta asmo bakarrak. Independentziak. Eta Bidasoa da lekuko, Santiago zubia, Irun eta Hendaia, zein den norabidea. Errekatik itsasora. Auzotik herrira. Nazioa munduan. Bide horretan batasunak ematen duen indarrarekin, konfiantzarekin. Ez da bide erreza izango, baina ezta ere batzuk esaten duten bezain aldapatsua.
    Igandeko irudiak Nafarroan.com agerkari digitalak bildutako bideo honetan.

    • Aberri eguna, egun bakarretik dinamika iraunkorrera zelan pasa? Egun bateko ilusiotik, eguneroko lanabes bilakatzeak ez du erraza izan beharko. Politika ofizialetik at, ekimen pratiko etengabera.
    • Hendaia eta Irundik kanpo geratu zutenek, pentsatu beharko dute zer egin aurrerantzean. Bilboko plaza berriko zein Urruñako argazkiek, kezka eragin beharko lieke alderdiotako buruzagiei. Independentziaren bidean murgildu gura ezkero, koloretako argazki anpliatua Bidasoaren ertzetan zegoen. Jendetsua eta irekiagoa askozaz.
    • Euskal Herriak nazio izan gura badu, pausu barriak eta eraginkorrak eman beharko ditu.
    • Treguak eta desarmeak eskatzea ondo dago, baina injerentziarik gabeko egoera batera hurbiltzeko, bakoitzak zer egin asmo duen azaltzea falta da orain.
    • Ni ez naiz Brian Currin, konflikto gutxi konpondu ditut bizitzan, baina Bruselako ekimeneko partaideen kurrikulumak, bizitza irakurrita… otutzen zait gureari ekiteko gogoa badute, lana sobera izango dutela. Eta bidean, euskal herritar ugari izango dutela laguntzeko. Borondaterik ez da falta… eta konponbiderako uneak ikusiko ditugu apurka apurka. (Bruselako ekimena, aurkezpen bideoa)

    gaztEHerria
    GaztEHerria eremu independentista indartsua
    Durangoko sorrera ekitaldiak erakartzen ninduen. Gazte mugimendua bizkortuko zuen ekimenen bat faltan somatzen baitnuen. Errepresioak hainbat gazte kendu ditu paretik, antolatutako jende baliotsua espetxeratu dute, beste askok etxetik ihes egin behar izan du, gartzelara joan baino. Eta gazteek hala ere adorea erakutsi dute. Errepresioaren kontrako dinamikan baino, sorkuntzan murgildu dira. Eta mugimendu anitzagoa, koloretsuagoa, indartsuagoa sortu dutelakoan nago. Segi izan zena baino gehiago da GaztEHerria, eta indartsu erakutsi du bere burua. Antolaketan iaioak dira gazteak, eta indar erakustaldia egin dute Durangon. Aurkezpena, eztabaidak, ekimenak, kontzertu potentea… eta milaka gazteren partehartzea gainera.

    • Gazte abertzale andana batu da ekimenera, nahiz eta batzuk iratzarri ordez, lokartuta jarraitzen duten. Nagusiek paga kendu edo zigortuko dituzten beldur.
    • Independentzia aldarrikatzetik, ekimen pratikoetara urratsa eman beharko dute orain. Kontzertu erraldoietatik, auzoetako lan txiki eta emankorrera.
    • Euskal Herria eremuz zabala den bezala, gazteriaren kezkak Tuteratik Karrantzara, Hernanitik Maulera eta Miarritzetik Etxarrira hedatu beharko da. Orain arte baino gogotsuago beharbada.