• agit/prop,  hurrengo geltokia

    nazio arteko bidea

    Altsasutik abiatu nintzen trenez duela hilabete inguru, han hasi zen nazio arteko bidai hau. Iruñeatik Bartzelonara heldu eta berriz Kataluniako giro independentista dastatzen.

    Katalunia bizi bizi

    Egun batzuk lehenago bisitako Diada historikoa oraindik gogoan, arretaz jarraitzekoa da Kataluniak abiatu duen #viacatalana eta inguruko guztia. Euskaldunontzat hurbil dago Katalunia, Espainiatik askatu nahi duen eremua. Kulturalki, ekonomikoki, teknologikoki beti aurreratua ibili den nazioa. Erreferentzia izan da hainbat arlotan, eta aspalditik so egiten diogu bertan gertatzen den gauza askori.

    #iParlanda

    Irlandarako hegazkina Bartzelonan hartu eta Belfasten (Irlanda iparraldean) kokatuta nago, hemendik munduari begiratzeko tokia hartuta. Etengabe Euskal Herrira egon naizen arren, hemengo prozesua ere zinez interesgarria egiten da. Badira 15 urte bake akordioak abiatu eta IRAk betirako armak isildu zituela…. eta geroztik aurrerapausuak nabari dira, arlo askotan: ekonomikoa, soziala, kulturala, instituzionala eta batez ere bake giroan, Britaniar ejerzitoa eta RUC poliziarik ez da ageri hemengo karriketan, presoak aske dira eta bide propioa garatzen ari dira Irlanda batu eta osorako bidean.

    Hurrengo geltokia: Eskozia

    2014ko irailean autodeterminazio ariketa egingo dute eskoziarrek, eta beraiekin batera asmo bera dute Katalunian ere.
    Eskoziako prozesua gertutik ezagutzea ere badu helburu nazio arteko bidai honek.

    Une historiko honetan, Euskal Herritik arretaz jarraitu behar ditugu Europako beste nazio batzuen bideak eta ibilbideak, guk geuk ere gurea garatu ahal izateko.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  maitatasunetik,  su-etena | ceasefire | tregua

    gure umeen irribarrea

    Maiz egoten naiz pentsatzen, eta berriro pentsatzen jartzen naiz, non gauden eta nora goazen, zer den herri hau, zer izan gura duen…. eta zelan lortu daitekeen.
    Txikitatik amestu dugun hori, posible ote? Zelan gauzatu daiteke? Egingarria delako ibili gara honetan, gauzatu nahi dugulako, besteak beste…

    Eta horrelakoetan, behelainoak menperatzen du gure gogoeta guztia. Lainotu eta ez dugu argi ikusten, lausotu egiten da gure pentsamendua.
    Askotan gorrotoarekin, maiz maitasunarekin…. ibili gara urte guzti hauetan.
    Eta halako batean, Nazio Batuetako ordezkaria, Irlandako errepublikako lehendakaria, Sinn Feineko Gerry Adams, Norvegiatik etorritako anderea, Britania Handiko gizonik garrantzitsuena…. Donostian ikusten dituzu. Eta entzun. Eta adierazpena irakurri, eta… pentsatzen jartzen zara.

    Inoiz, inon Euskal Herria dela kausa egon ahal da horrelako argazkirik? Halango gertaerarik? Historikoa al da bizitzen ari garen hau? Zer gogoratuko dugu gaurkoaz etorkizunean? Nola bizi izan zenuen egun hori? Internet piztuta egon da egun guztian, pantailetan mezuak, #konferentzia etiketadun mezu andana bat, bideoak zuzenean Aieteko Bakearen etxetik, Donostia munduko hiriburu… zenbat hitz, jario, adierazpen, gogoeta, mezu eta abar….

    Eta halako batean, arrastian adierazpena jarraitu dugu. Ondoegi ulertzen zen ingeles batean. Mezu argia eta zuzena. 5 puntu, behinolako KAS alternatibak zituen bezala. 5 puntu egingarri direnak borondate politikoa egon ezkero. Bost puntu lorgarri, pausorik pauso.

    Bide berriak aurkitzen ari da herri hau. Maila handiko kudeatzaileek hartu dute iparrorratza, eta norabide egokian jarri. Altsasu, Brusela, Gernika, Iruñea… eta Donostiako adierazpen hau. Norabidea eta bidea, dena bat.

    Arrrazoi zuen Bobby Sands irlandarrak, gure mendekurik, gure lorpenik handiena gure umeen, seme alaben irribarrea izango da. Hala bedi, gure eguna ere helduko da.
    Bobby Sands