• agit/prop,  Elikadura burujabetza,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Baiona burujabetza eta aldaketaren hiriburu bilakatu du Bizi! mugimenduak

    Duela 5 urte Alternatiba eguna antolatu zuen Bizi! mugimenduak Baionan. Bilbo eta Iruñean ere egin du bidea ekimenak. Eta berriro Baiona bilakatu da aldaketa eta burujabetzaren hiriburu. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko proposamenari, burujabetza prozesuek hartu diote neurria.
    Mundu bat bildu da Baionan, euripean, lurrak eta guk euria eta ura behar ditugulako. Ospatzeko sasoia da.

    Burujabetza

    Eta beste behin argi geratu da burujabetza dela bidea. Prozesuak martxan jarri, eta energia alorrean, erabakitzeko gaitasunean, elikaduran, laborantxan, ekonomian orohar urratsak eman. Langile ikasle langabetu hautetsi pentsionista haur lantoki herriko etxe gaztetxe ostatu kalean… denok badugu zer egin eta zer ikasi.
    Baiona beste behin ere nazioarteko erreferentzia bilakatu da, herri mugimendu indartsu baten jabe, autoantolatua, eraginkorra, eraldaketa bultzatzen, izan ere klima ez da aldatu beharrekoa, sistema bera baizik.

    Herriko etxeak, udalak, herriak… trantsizio ekologikoan

    Mahainguru solasaldi batean egotea egokitu zitzaidan, Bizi! mugimenduak gonbidatuta. Zuberoa, Behe Nafarroa, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko auzapez/alkate banarekin egon nintzen, karguduna ez zen bakarra nintzenez, askatasun gehiago ukan nuen nire iritziak emateko. Energia burujabetza, elikadura, birziklaketa, jantokiak, elikagaiak… gai ugari aletu genituen Aloze, Lekorne, Larrabetzu, Gares, Hernani eta Eako esperientziak partekatzean. Baztandik ere etorri ziren ekarpenak. Irakaspen asko eta ideia bete motxila herrirako, nork bererako.


    Milioi bat eusko

    Eta asteburuko berri pozgarria Euskoarena izan da. Dagoeneko milioi bat eusko dira mugimenduan Ipar Euskal Herriko ostatu, denda, herritar eta ekimenetan. Eta laister berri gehiago ukanen ditugu gainera. Sasoia heldu da, Hego Euskal Herriko herri eta mugimenduetatik ere Eusko tokiko monetari heltzeko. Ekonomia iraunkorra eta eraldaketa sozialerako tresna ezinbestekoa. Funtsezkoa. Ea saiatu eta lortzen dugun.


    Bi hitzetan: Zorionak Bizi! mugimendua eta Euskal Herri burujabearen alde lanean ari diren militante guztiak.