-
irakurtzeko gogoa
gaur, orduan kendu zizkiguten berbak irakurtzeko gogoa daukat.
gogoratzeko gogorik eduki ez arren, ez genuke ahazterik nahi.
oroituz, akordatuz idatzi ahal izan genituenak.
ikasitakoa.
eta gaur, oraindik, idazten jarraitzen dugu. irakurtzen. esaten. ikusten.
erresistentzia ariketa da oraindik, euskaraz idatzi, irakurri, ikusi eta esatea.
bizi garela adieraztea. bagarela.
Herria eta hizkuntza lotzen dituen hau da gure eremua.
Euskal Herria. -
Literatura larriki saritua
Autoan nentorren. Pozik. Etxera bueltan, Arratsean saioa entzuten. Azken hiru eguaztenetan ohitura hori hartu dut, eta gustatzen zait. Atzo ere entzun nuen, aurreko batean ere bai… eta gaur ere Arantxa Iturberen kultur kezkarekin bat egiteko gogoa piztu zait.
Idoia Beratarbide ahotsetik eta kontestutik ezagutu dut, eta arte irrika sortu dit beraien elkarrizketak.Harkaitz Cano arratsean
Eta ostean, Harkaitz Cano gerturatu da mikrofonoetara. Krak bat da Cano, mikrofono aurrean ere. Gidoiak txukun prestatu, eta Arantxa ere lanean jartzen du. Ondo ulertzen dute elkar, eta medioa kontrolatzen dute. Gaiari beste buelta bat ematen diote… eta gaur Harkaitz Canok idazle sarituak izan ditu hizpide. Hemengoak eta hangoak. Vargas Llosaren aipu batek borobildu du hasiera: “Uste nuen nitaz ahaztuta zeundetela“. Bikain.
Eta buruz esaten ez nekiken idazle baten liburua aipatu du gero Canok. Eta idazle horren eta bere sarien anekdotak. Eta diruaren jukutria, zelan ez. Eta metafora berak egin du, beste ezer aipatu barik. Eta metaliteratura egin beharrik ez dago, gaurkoa berriz entzun, eta nork bere interpretazioak egin ahal izateko.
Euskadi Irratia hasi da podcastak igotzen, eta bihar edo etzi agian, egongo da Canorena, eta entzungarria denez… espero sarean egotea, eta jarriko dut hemen, eta komentatuko didazue zer.
Sariak eta biok
Ni ere, sarien gainean pentsatzen jardun naiz. Hasieran sarituari buruz pentsatzen nuen, gero saritutako obrari buruz, baina pentsatzen jarrita sariari buruz idaztea be, ez da gutxi.
Literaturzaletzat daukat nire burua, eta pentsatzen jarrita, ezer gutxi dakarkio dinamika honek zaletasunari berari. Besterik da beste gintza batzuetan, eta bertsoaren inguruan, txapelketak, demak… onura dakarkio zaletasunari ere, antza. Eta dirua. Eta ospea. Eta hedabideetako minutu, lerro eta etekinak. Eta on egiten digu guztioi, BECtekada batek.
Ezberdina da literatura. Ez da masiboa, ez du behar. Autokontsumorako zeozer da. Ez da mahaiaren bueltan hartzekoa, bakarka edo asko jota komentatzeko… asko jota.
Baina lehiaren bidez erabakitzen da, zer dan nor, nor dan zer. Eta ez zait gehiegi gustatzen. Niri. Baina antza, beste askori ere ez…
Bernardo Atxagaren zazpi etxeak….
Frantzian geratu dira, antza. Ez bide du bere liburua txapelketara aurkeztu. Eta beste askok ere ez. 23 aurkeztu dira helduen literaturazkoak. 2009ko obrak. Baina baziren gehiago… 111 akademiak dioenez… askoz gehiago. Zenbat? uffa! Irakurriko ote ditugu guztiak gero. (48 lan, helduentzako euskaraz).- Eta zergatik ez dira aurkeztu?
- Zeintzuk dira aurkeztu direnak?
- Lehiaketak bere horretan iraungo du datorren urtean?
Utikan manifestuak, uste baino eragin handiago izan du, izaten ari da, eta izango du aurrerantzean ere. Sariketa bera aldatu, idazleek jarrera hartu, eta dena desbirtuatuta ageri da, aidanean.
Eta guk, jarraituko dugu irakurtzen.
irakurketa gomendatuak:
- Jesukristo, Judas eta Autokarabana
- Aurtengo Euskadi sariak datutan
- Autokarabanari buruzko kritiken bilketa
-
Blog proposamenak
Goizero, kafearen ostean irakurtzen ditugu gure blogak. Nork zer idatzi duen, loturak jarraitu, rss jarioari kasu apur bat egin, eta aritzen gara gure kioskorik kiosko.
Goizero baina, zerbait ez irakurri izanaren sentsazioa ere badaramagu. Eta posta txekeatu, twittereko mezutxoei jaramon egin eta eguneraketa deiei itxaroteko esan ostean, gune berriren bat ezagutzeko irrika pizten zaigu.
Egunero blog berri bat ezagutu nahiko genuke, edo software aplikazio interesgarriago bat, edo auskalo zer… berritasunaren berritasunez… dena zaharra da hamabost minutu barru.
- Baina, blogak irakurtzen jarraitu gura dudala esango banizueke?
- Proposatuko zenukete blog barririk?
- Hori du asmotzat post honek, blog barriak ezagutzea, ezagutaraztea.
- Ea zenbat batzen ditugun, gero proposamenekin post luzeago bat egiteko.
grafikoa: robinhamman creative commons
post-oharra: post hau twitter eta facebook bidez ere iragarria izan denez, handik jasotako proposamenak ere gehituko dira hurrengo post batetara.