• agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Euskaraz bizi nahi dugunon eremua da sarea

    Kanpoan nengoela, ezagutzen ez dudan kazetari batek elkarrizketa bat egiteko galdetu zidan. HABEko ikasleentzako zela gogoratzen dut. Badakit zenbat kostatzen den, eta ez diot inoiz inori elkarrizketa egiterik ukatu; eta egin ditut batzuk, gai batekin ez bada bestearekin. Ziurrenik, elkarrizketatu baino elkarrizketatzaile izango nintzen gehiagotan.
    Kontua da, gerora ez dudala jakin elkarrizketa hori argitaratu izan den, gorde duten edo zakarrontziren baten amaitzekoa zen, harik eta Turkiako lagun batek abisatu ninduen arte. Istanbuletik mezua jaso eta Belfasten idatzitako berbak irakurtzeari ekin nion. Hemen, Euskal Herrian, hilabete batzuk beranduago.
    Orain hona ekartzeko lotsa gutxi nik: Euskaraz bizi nahi dugunon eremua da sarea

    Hizkuntzari buruz asko berba egitekoak gara euskaldunok. Euskara hitza, oso berba erabilia da gurean. Kezka hoietatik abiatuta, hala ere, zutabe barriak jartzen ahalegindu nintzen, baina nago ni oso oihartzun gutxi izan duela gaiak. Hemen irakurrita, agian zuetakoren batek badauka zerbait gehitzeko edo proposatzeko asmorik. Zuen esku dago.

    Elkarrizketa osoa irakurri gura duenak, eskura dauka. Nik galderantzun bat nabarmenduko nuke.

    Euskararen presentzia areagotzeko, zer bide beharko lirateke?

    Edukiak, bisibilitatea, tresnak, erabiltzaileak eta komunitatea.

    • Edukiak sortzen jarraitu behar dugu: webguneak, blogak, wikipedia, bideoak, ariketak, liburuak, musika…
    • Sortzen dugun horrek guztiak izango baitu gero ikusgarritasuna sarean, sortzen dugun horrek emango digu gero bisita-kopuru bat, trafikoa, interesa.
    • Horretarako, noski, tresnak behar ditugu, softwarea garatzen eta euskaratzen jarraitu beharko dugu. Poztekoa da; sareko tresnarik garrantzitsuenak, nabigatzeko (firefox), idazteko, edukiak sortzen jarraitzeko (wordpress, adibidez, blogak egiteko), jokatzeko eta beste mila gauza egitea ahalbidetzen digutenak euskaraz ditugu gaur egun, jendeak euskaratu egin dituelako!
    • Horrela, euskarak gero eta erabiltzaile gehiago izango ditu, dudarik gabe. Erabiltzailearentzat praktikoa izango baita euskaraz aritzea sarean, ohikoa, egunerokoa, erabilgarria eta praktikoa.
    • Hori lortuz gero, gurea komunitate interesgarria izango da munduan zehar. Eta gaur egun komunitateak daukan garrantzia izugarria da. Horri begira daude munduko tresna garrantzitsuenak… eta ez da kasualitatea egun diren tresna inportanteenak, webgune indartsuenak euskaraz ere baditugula. Zerbaiten seinale edo ondorio da.

    Orain, gainera, zenbait urteren ostean, puntuEUS domeinua eskuratuta… horrek guztiak indar gehiago erakutsiko du munduan, sarean. Edukiei, erabiltzaileei, tresnei, komunitateari berari ikusgarritasuna bermatuko dio, eta euskarazko eta euskal kulturaren inguruko edukiek, oro har, aurrerapauso handia emateko aukera hau profitatu behar dute. Une historikoa bizitzen ari gara alde horretatik.

     

  • teknologia berriak

    Ikusten gaituzte?

    Euskararen ikusgarritasuna sarean. Euskarazko blogariak batuko ei gara bariku honetan BBEC-en -basque bloggers exhibition centre- Barakaldon.

    BBEC basque bloggers exhibition centreGaiak arreta piztu dezake gure artean, baina gertatu daiteke, BECen bertan ere gureak oihartzun handiegirik ez izatea, programan egotea adibidez euskalduna ez den baten bati zor zaio, baina kontua da euskaraz ari garenok gogoeta egin behar dugula.

    Blogosfera sortu zela badira urte batzuk, eta orain blogosferak eurak dira ezbaian daudenak. Euskaraz ari garenok ere, sortu ditugu tresna berri batzuk, eta erabilgarriagoa zaigu guzti hau, ulergarriagoa, zabalagoa, irekiagoa…. baina gehiago edo gutxiago garen albo batera utzita, ikusten al gaituzte gure auzokideek? gure mezuek on egiten dute oihartzuna?

    Euskarazko Internet zelan dagoen aztertzen pasa baino, aurrera begira nondik jo asmatu dezakegu. Joera nagusiak zelan islatuko diren gure inguruan, zelan harrapatuko ditugun olatu berriak, urak aurretik eraman baino lehen.

    Proiektu sano interesgarriak daude inguruan. Sortuko dira barriak, baina oroz gainetik galdera bat. Ikusten gaituzte? Entzuten al da gure ahotsa?